Gaur eguerdian onartu du Nafarroako Gobernu kontseiluak pentsio kotizatuak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko lege proiektua. Alargunen pentsioak aurten %8 igoko dira, gutxieneko soldataren pare, eta erretiro pentsio apalen kasuan, igoerak %4,5 eta %73,3 artekoak izango dira. Dena den, pentsio horiek 2019an berdinduko dira. Guztira, 16,6 milioi euro jarriko ditu gobernuak.
Gobernuaren arabera, 9.490 alargunek jasoko dute osagarria, eta horietatik ia gehienak (%98) emakumeak dira. Gobernuak hiru aldiz handituko du alargunentzako aurrekontua, iazko 3,2 milioi eurotik aurtengo hamar milioi eurora.
Alargunek bi modutan eskatu ahalko dute kenkaria: batetik, hileroko aurrerapen moduan, Gizarte Eskubideetarako Departamentuaren bidez eta gizarte zerbitzuen bidez; bestetik, 2018ko Errenta kanpainaren bidez.
Alargunen pentsioak ez ezik, erretiro pentsio apalak ere osatuko ditu gobernuak: 2017. urteko gutxieneko soldatarekin parekatuko ditu, baina hiru urte hartuko ditu horretarako. Aurten, hilean 668,3 eurotara iritsiko dira, eta 2019ra arte beste %3 igoko zaie urtero. Neurri horrek 12.466 pentsiodun nafarri eragingo die. Talde horretan, emakumeak %56 dira, eta gainerako %44ak, gizonezkoak.
Batez ere emakumeak dira onuradun
Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako lehendakariordeak nabarmendu du "jauzi kualitatibo handia" egin dela diru sarrera apaleko pentsiodunen egoera hobetzeko. "Batez ere, emakumeei eragingo die, pobrezian erortzeko arriskua gizonezkoena baino %46,7 handiago baita".