Nafarroako Parlamentuaren eskaria bete, eta 22.000 pentsiodunen hilabeteko sariak bere diruarekin osatuko ditu foru gobernuak. Miguel Laparra Gizarte Eskubideetako lehendakariordeak azaldu duenez, aurten bertan %8 igoko ditu alargunen pentsioak, haien zerga kenkaria kopuru horretan handituta. Espainiako Gobernuak aurten gutxieneko soldatari ezarritako %8ko igoera ezarriko dio, hartara. Ondorioz, alargunek gutxienez 707 euro jasoko dituzte hilean (hamalau ordainketatan). Laparraren arabera, 9.490 alargunek jasoko dute osagarria, eta horietatik ia gehienak (%98) emakumeak dira. Gobernuak hiru aldiz handituko du alargunentzako aurrekontua, iazko 3,2 milioi eurotik aurtengo hamar milioira.
Alargunen pentsioak ez ezik, erretiro pentsio apalak ere osatuko ditu gobernuak: 2017. urteko gutxieneko soldatarekin parekatuko ditu, baina hiru urte hartuko ditu horretarako. Aurten, hilean 668,3 eurotara iritsiko dira, eta 2019ra arte beste %3 igoko zaie urtero. Neurri horrek 12.466 pentsiodun nafarri eragingo die. Talde horretan emakumeak %56 dira, eta gainerako %44 gizonezkoak.
Pentsio apalenak dituztenek hiru urte beharko dituzte saria 2017ko lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko, eta behin prozesu hori amaituta, guztira, 9,6 milioi euro jarriko ditu gobernuak. Alargunak gaineratuz gero, 16,6 milioi euro biltzeari utziko dio Gobernuak.
Dena den, aurten jada igoera handiak izango dituzte pentsiodunetako batzuek. Adibidez, egun Nafarroan 53 herritarrek dute SOVI zahartzaroko pentsioa, eta, orain arte hilean 408 euro jasotzen zutenez, %63 igoko zaie; 586 euroko saria duten 65 urtetik beherako 1.800 pentsioduni %12 handituko zaie hileroko saria; eta hilean 627 euro jaso ohi duten 8.871 pentsioduni %4 igoko zaie. Azkenik, aurten 677 euro jasotzen dutenei 2018. eta 2019. urteetan aplikatuko diete igoera.
Gobernuak zerga kenkari bidez itzuliko du diferentzia. Alargunen kasuan, errentaren gaineko zergan diru bat aurreratzeko aukera aurreikusita dago, eta gainerakoa 2018ko errenta kanpaina egitean itzuliko zaie. Beste pentsioen kasuan, Laparrak zehaztu du diferentzia hurrengo urteko kanpainan kobratuko dutela. Kotizatu gabeko pentsioen kasuan, azaroan onartutako Errenta Bermaturen foru legeak aurreikusten ditu zerga kenkariak, baina gutxieneko soldataren erreferentziarik ez dute.
Hasieran, Nafarroako Gobernuak ez zuen neurri hori hartzeko asmorik. Aurreko astean Laparra berak justifikatu zuen Espainian PPk eta PSOEk gutxieneko soldata %8 igo zutenean «bakarrik soldatei» aplikatzea mugatu zutela. Haatik, parlamentuak pentsio apalak aintzat hartzeko eskatu zion.
Nafarroak gutxieneko soldatara arte osatuko ditu alargunen pentsioak
Erretiro pentsio apalek hiru urte beharko dituzte aurtengo gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Guztira, 16,6 milioi jarriko ditu gobernuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu