Nafarroak kontuetatik atera ditu itzaleko bidesariak, %1,2ko defizita erakusteko

Aurreko urteotan bezala Madrilek operazioa onartzen ez badu, BPGaren %1,7ra iritsiko da defizita

Itzaleko bidesaria du Piriniotako autobiak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Iaz saiatu eta porrot egin zuen arren, aurten ere Nafarroako Gobernua defizit publikoa txikitzen dizkioten operazioak saldu nahian dabil. Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak atzo azaldutako datuen arabera, Nafarroak bere barne produktu gordinaren %1,2ko defizita izan zuen atzo, Espainiako Gobernuak jarritako %1,3ko gehieneko mugaren azpitik. Baina kopuru horretan ez da azaltzen Piriniotako Autobiaren itzaleko bidesariarenehun milioi euroren gastua. Horiekin defizita %1,7ra igoko litzateke. Espainiako Gobernuak aste gutxi barru jakinaraziko du zein irizpide onartzen dituen; baina iazkoa erreferentzia bada, ez dirudi amua irentsiko duenik.

Aldea «izugarria» ez dela ziurtatuta, Miranda saiatu da desadostasunari garrantzia kentzen. «Gure helburua [defizitaren muga] betetzea izan da, baina ez diogu izkin egin nahi. Ahal duguna egin dugu betetzeko, eta bete dugula uste dugu», esan du.«Printzipioengatik» bidali dituzte kontuak beren irizpideekin:«Estatuak ulertuko balu [autobiaren gastua] sartu behar duela Nafarroan jarraituko genuen pentsatzen ez liratekela sartu beharko eta jarraituko genuke Estatuarekin eztabaidan; baina printzipio kontu bat da, Nafarroako Gobernuari ez zaiolako euro bakar bat ere kostatu».

Mirandaren azalpenaren arabera, Piriniotako Autobia ez zenbatzeko arrazoia da haren eraikuntzaren eta kostuen arriskua enpresek beraiek hartzen dutela. Itzaleko bidesarien bitartez pagatzen du Nafarroak Irurtzun-Esa eta Iruñea-Viana autobiak, hau da, igarotzen den ibilgailu bakoitzeko diru bat ematen die enpresa eraikitzaile eta kudeatzaileei. Orain arte Espainiak ez ditu onartu irizpide horiek, baina iazko uztaileko txosten batean Eurostatek ontzat hartu dituela nabarmendu du Mirandak, eta horren gainean negoziatzen ari direla.

Iaz ere antzera aritu zen Miranda. Hasteko, otsailaren hasieranziurtatu zuen 111,4 milioi euroko «balantze positiboarekin» bukatu zutela 2010 urtea, indarrean jarritako gastu murrizketei esker. Superabit hitza erabiltzera ez zen ausartu kontseilaria, 490 milioiko zorra hartu zutelako. Ondoren, Madrilera bidalitako zenbakien eta ondoren hark onartutakoen artean BPGaren %0,82ko desbideraketa gertatu zen. Orduan ere Nafarroa saiatu zen itzaleko bidesariak ez sartzen, baina Estatuak ez zuen onartu, eta beste 149 milioi euro gehitu zizkion defizitari. Horiekin %3,25eko defizita izan zuen Nafarroak, muga %2,4koa zenean.

Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du bere kontuen itxiera jakinarazi, baina aurreratu du ez duela %1,3ko muga betetzerik izan. Batez beste, erkidegoek %3ko defizita izatea espero du Estatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.