Nafarroak nabari du motelaldia, eta hirugarren hiruhilekoan %2,5 hazi da ekonomia

Uztailetik irailera bitartean, %0,4 handitu da barne produktu gordina, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gutxiago. Adierazleek erakusten dute barne kontsumoa indarra galtzen ari dela.

Aurten hasi dira ekoizten bigarren modeloa Landabenen: T Cross. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2019ko urriaren 31
13:34
Entzun

Eztulka dago jada Nafarroako ekonomia. Orain gutxi arte, inguruneko motelaldiaren sintomarik ez du azaldu. Nahiz eta 2018an jada moteltzen hasi, oraindik ere %3tik gora jarraitzen zuen hazkundeak. Aurten, joera hori areagotu egin da ezinbestean, eta hirugarren hiruhilekoan nabarmen egin da. Funtsean, ekonomiak hazten jarraitzen du, baina erritmo leunagoan: uztailetik irailera, aurreko urteko epearekin alderatuta, %2,5 handitu zen BPGa; bigarren hiruhilekoan, berriz, %2,8koa izan zen hazkundea, eta lehen hiruhilekoan, %2,9koa.

Nafarroako estatistika erakundeak aurreratu ditu datuok, eta Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak datuon analisia egin du. Saizek nabarmendu du "inguruneak" baino portaera hobea duela Nafarroako ekonomiak. Hain zuzen ere, atzo jakin zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2 hazi zela epe berean, Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspena baino bi hamarren gutxiago.

Urte honi begira, Nafarroako Gobernuak espero du hazkundea %2,7 izatea, eta hori lortzeko bidean daudela uste du. Hurrengo urteari begira, berriz, %2,2ko hazkundea aurreikusi du, eta zifra horren gainean lantzen ari da 2020ko aurrekontu proiektua. Nazioarteko testuingurua hauskorra da, eta brexit-ak zein merkataritza gerraren areagotzeak egoera okertu dezake. Dena den, %2,2ko datu horri eusten dio gobernuak, AIREF zein Laboral Kutxak aurreikuspen bera egin dutela argudiatuta.

Nafarroako ekonomiaren joerari begira, albiste ona autogintza da. Volkswagenek iaz aldaketa garaiak izan zituen, eta, aurten, produkzioa erritmo azkarrean doa. Hala, hirugarren hiruhilekoan 22.000 ibilgailu gehiago ekoitzi ditu, eta haren bultzadak industriaren ekoizpena hobetu du. Alemania hirugarren hiruhilekoan atzeraldi teknikoan sartzea espero da —bi hiruhilekoan segidan atzera egin dezake BPGak—, baina Europako ekonomia sendoenaren ahuldadeak ez ditu nozitu oraingoz autogintzak eta oro har Nafarroako jarduera ekonomikoak. Alemaniarako esportazioak %17 handitu dira urtarriletik abuztura, "batik bat autogintzan". 2020ra begira, nazioarteko erakundeek espero dute Alemaniako ekonomiak hobera egingo duela. "Ez dago mahai gainean ez krisia, ez atzeraldia areagotzea", nabarmendu du Saizek.

2013tik honako hazkunde zikloa batik bat barne kontsumoan oinarritu da, eta hainbat adierazlek aditzera ematen dute ahultzen ari dela motor hori: adibidez, autoen matrikulazioak behera egin du, edo sendien konfiantza neurtzen duen adierazleak ere behera egin du. Halaber, hirugarren hiruhilekoan familien gastua %1,7 handitu da, baina apurka moteltzen ari da, iazko laugarren hiruhilekoan %5 hazi baitzen. Ekonomia osoarekin gertatzen den bezala, familien kontsumo hori ahultzen ari da.

Lan munduari begira, berriz, gobernuak nabarmendu du motelaldia ez dela nabaritu oraingoz, eta Gizarte Segurantzan izena ematen dutenen kopurua %2,5 handitu dela.

Zerga bilketaren datuak

Hala ere, motelaldiaren aztarnarik ez du nozitu Nafarroako Ogasunak. Urtarriletik irailera bitartean 2.788 milioi euro bildu ditu, iaz epe berean baino 573 milioi gehiago (%26). Ehuneko handia bada ere, iaz hainbat zergatan egutegia aldatu egin zen, eta horrek aldeak handitu ditu alderatzeak egiterakoan. Izan ere, Errenta Zergan lan edo kapital atxikipenen sortzapenek beste egutegi bat dute aurten, edo Sozietate Zergaren kanpainan dirua itzultzeko epeak aurreratu ditu.

Hala eta guztiz ere, datuok bateratu eta homogeneizatuz gero, 390 milioi euro handitu da bilketa, epe berean iazko datuekin alderatuz gero. Igoera horretatik bi heren, zeharkako zergetan estatuaren eta Nafarroaren arteko diruaren joan-etorrietan egindako doikuntzei dagokie. Beste herena zuzeneko zergetan izandako igoeraren ondorio da, eta horrek esan nahi du zerga horien bilketa %8 handitu dela, bigarren hiruhilekoko datuekin alderatuta ia lau puntu gehiago.

Errenta Zergan, 1.010 milioi euro bildu dira. Egutegiaren efektua kenduta, igoera %8,2 da, eta, Nafarroako Gobernuaren arabera, "lan merkatuaren joera ona" adierazten du. Dena den, azken igoera %3 izango dela uste du gobernuak —errenta kanpainan, zergadun batzuk ordainketa egiteko bi epe aukeratu dituzte eta bigarrena ordaintzeko dute; aldi berean, ogasunak oraindik ere itzulketa batzuk egiteko ditu—. Sozietate Zergan 177 milioi euro bildu dira, eta BEZ zergan, 75 milioi handitu da bilketa zuzena.

Eurogunea, ez hain gaizki

Adituen artean, beldurra zegoen, brexit-aren epemuga gerturatu ahala, bete-betean eragingo ziola euroaren eremuko ekonomiari, baina hark eutsi egin dio uztailetik irailera bitartean: %0,2 handitu da hirugarren hiruhilekoan bigarrengoarekin alderatuz gero, eta %1,1 baldin eta urtebete atzera eginez gero. Hots, aurreko hilabeteetako joerarekin jarraitzen du, motel baina hazten. Adituek hiruhilekoan ekonomiak atzera egitea espero zuten, baina haien iragarpenak hobetu ditu honenbestez Eurostat estatistika erakundeak. 

Irailean, batez besteko langabezia tasa %7,5 zen euroaren eremuan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.