Gutxieneko soldata propioaren auzia Nafarroako eztabaida politikoaren lehen lerrora eraman nahi dute ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. Haien arabera, gaia harago doa: «Gizarte ereduaz eta autogobernuaz ari gara». Hala, Nafarroako Parlamentuko taldeei dei egin diete EH Bilduk eta Geroa Baik gutxieneko soldata propioari buruz aurkeztu duten lege proposamena babesteko.
Sindikatu horietako ordezkariek agerraldia egin dute Iruñean, eta proposamenaren muina azaldu dute: Nafarroak eskumena izatea bere lurraldean gutxieneko soldata finkatzeko. Horretarako Espainiako Langileen Estatutuaren artikulu bat moldatu behar dela gogoratu dute, hain zuzen ere, autonomia erkidegoek aukera hori izan dezaten.
Bide horretan, lehenik eta behin, Nafarroako Parlamentuak foru lege bat onartu beharko luke Espainiako Gobernuari dagokion lege aldaketa sustatzeko eskatzeko. Espainiako Konstituzioak aurreikusten duen mekanismoa litzateke hori, eta, sindikatuek azpimarratu dutenez, formula horrek «oinarri juridiko sendoa» du, eta ez luke zertan lehiarik ekarri behar erkidegoen artean; hala erantzun diete PSN eta Nafarroa Zurekin taldeek agertutako zalantzei. Aitzitik, Espainiako gutxienekotik gorakoa izan beharko luke eskumen hori beren gain hartu nahi duten erkidegoetako gutxieneko soldatak.
Aurretik sindikatu horiek herri ekinaldi legegile bat bultzatu zuten, eta 18.316 sinadura bildu zituzten —tramiterako onartzeko behar diren gutxienekoak halako hiru—. Hala ere, parlamentuak ez zion bidea eman, txosten juridiko batean oinarrituta. Txosten horren arabera, egokiagoa litzateke lege proposamen baten bidez bideratzea aldaketa. Sindikatuek diote oraingo urratsa bide horren jarraipena dela, eta aurreko ahaleginaren «zilegitasun soziala» duela atzean —Eusko Legebiltzarrean ere egin zuten saioa, baina kasu horretan EAJk eta PSEk bota zuten atzera, erkidegoek horretarako eskumenik ez dutela argudiatuta—.
Nafarroako Gobernuak ere txostena egin beharko du lege proposamenari buruz, eta sindikatuek espero dute hori oztopo bat ez izatea. Hala ere, salatu dute orain arte gobernuko arduradunek epel jokatu dutela, eta Maria Txibite lehendakariarekin biltzeko ahaleginek huts egin dutela; patronalaren, CCOOren eta UGTren ezezkoak ere kritikatu dituzte, bereziki bi sindikatu horienak.
Bilerak taldeekin
Proposamenaren argudio nagusietako batek bizi kostuarekin dauka lotura. Haien esanetan, Nafarroako prezioak eta bereziki etxebizitzenak Espainiako batezbestekoaren gainetik daude, eta horrek eragin zuzena du soldatarik apalenetan. «Langile askok zailtasun handiak dituzte hilabete amaierara iristeko», ohartarazi dute. Sindikatu horien arabera, gutxieneko soldata propio bat tresna eraginkorra izango litzateke desoreka hori arintzeko eta kolektibo zaurgarrienei arnasa emateko.
Bestalde, nabarmendu dute neurriak autogobernuaren ikuspegitik ere baduela garrantzia. Sindikatuen iritziz, lan harremanen esparruan erabakitzeko gaitasuna handitzea «urrats estrategikoa» izango litzateke Nafarroarentzat. Horrekin lotuta, ez dute ezkutatu gaiaren inguruan eztabaida politikoa izango dela, baina adierazi dute ezin dela bazterrean utzi lurraldeko errealitate sozioekonomikoa zein den, eta bertako erakundeei ere badagokiela horri erantzutea.
Azken asteotan, sindikatuek zenbait bilera egin dituzte parlamentuko taldeekin, PPrekin izan ezik, bilera hori egiteari uko egin baitzion; Voxekin ere ez ziren bildu, ez baitzioten bilera eskaerarik ere egin. Adierazi dutenez, gainerako alderdien partetik ez dute «aurkako argudio irmorik» jaso, nahiz eta PSNk eta Nafarroa Zurekin-ek zalantzak agertu dituzten Espainiako Estatuan gutxieneko soldata bat baino gehiago egotearen inguruan. Sindikatuek erantzun dute egoera ekonomikoa ez dela homogeneoa lurralde guztietan, eta aniztasun horri erantzutea dela proposamenaren funtsa.
Legebiltzarreko tramitazioarekin batera, mobilizazioari eusteko asmoa berretsi dute egitasmoaren bultzatzaileek. Martxoaren 17rako deitutako greba orokorra «mugarri» izan daitekeela iritzi diote, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte. «Eskubide sozialak ez dira bulegoetan bakarrik irabazten, kalean eta lantokietan ere eraikitzen dira», azpimarratu dute.
Yolanda Diazen «ezezkoa»
Bihar ELA, LAB eta egitasmoa babesten duten Herrialde Katalanetako eta Galiziako sindikatuak Espainiako Kongresuan izango dira, eta PSOEko, Sumarreko, Podemoseko, Junts per Catalunyako, ERCko, EAJko, EH Bilduko, Compromiseko eta BNGko kideekin bilduko dira, gutxieneko soldata propioei buruz aritzeko. Sindikatuek adierazi dutenez, Yolanda Diaz Lan ministroak ez ditu hartuko. «Agenda arazoak aipatu ditu aitzakia gisa, eta ez digu beste ordurik eman». «Diazek muzin egiten dio CCOOz eta UGTz gainerako sindikalismo alternatiboari, ez du onartzen estatuko plurinazionalitate sindikala, eta indarrean eusten die lan prekarioa hedatzen duten arauei», salatu dute.