Nafarroako BPGa egonkortu egin da kontsumoari esker, %0,4ko igoerarekin

Nastatek nabarmendu du kontsumoak susperraldi txiki bat izan duela inflazioaren jaitsieraren eraginez. 2022ko ekainarekin alderatuta, %2,1 handitu da BPGa

Iñaut Matauko Rada - Joxerra Senar
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroako ekonomia moteltzen ari da oraindik, baina balaztaren gaineko presio leundu egin du. Edo bederen hori da Nastat estatistika erakundeak emandako datuen ondorio nagusia. Izan ere, bigarren hiruhilekoan %0,4ko erritmoan hazi zen BPG barne produktu gordina, eta urteko lehen hiru hilabeteetan %0,3 handitu zen jarduera ekonomikoa.

Urtebeteko tartea hartuz gero, motelaldia ez da gelditu, eta jarduerak hozten jarraitzen du. Izan ere, iazko bigarren hiruhilekoan%4,5eko erritmoan handitzen ari zen BPGa, eta hirugarrenean, berriz, %3,2koan; 2022ko azken hiruhilekoan %3 hazi zen ekonomia 2021eko epe berarekin alderatuta, eta urtarriletik martxora, berriz, urte arteko tasa %2,4 zen. Apiriletik ekainera bitartean hiru hamarren geldoago handitu da, %2,1ean.

Nastatek bigarren hiruhilekoko datuak aurreratu ditu, eta gaineratu du irailaren 22an emango dituela behin betiko datuak, aldaketak eta egokitzapenak egingo baititu, eta koadro osoagoa eman.

Eskaintzari dagokionez, Nastatek ondorioztatu du merkatu zerbitzuen eta eraikuntzaren ondorioz apaldu dela ekonomia.

Eskariaren arloan, sendien kontsumoak gorantz bultzatu du, eta Nastatek «suspertze seinaleak» antzeman ditu, ziurrenik inflazioaren jaitsieraren ondorioz. Haatik, inbertsioen bilakaeraren berri ematen duen kapital eraketa finkoaren hazkundea moteldu egin da; hots, enpresek egindako inbertsioak apaldu direla adierazten du.

Pandemia osteko bilakaera

Hala ere, atzean geratu dira 2021 amaierako eta 2022 hasierako hazkunde handi horiek. Izan ere, urte oso zail batetik zetorren ekonomia orduan, pandemiak geldialdi handia ekarri baitzuen. Hala, 2021aren erditik aurrera industria eta zerbitzuak indarra hartzen hasi ziren berriro, eta hazkundea indartu. Hala, 2020. urtean barne produktu gordina %8,3 gutxitu bazen ere, 2022. urtea amaitu aurretik galera hori leheneratu egin zen jada, eta orain ohiko mailetara itzuli da hazkundea.

Juan Cruz Cigudosa Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilariak adierazi du BPGaren igoera hori «aurreikusitakoa baino handiagoa» izan dela, eta gehitu du kontsumoan egiten den gastua errekuperatzen ari dela. Aurreko urtearekin alderatuta abiadura moteltzen ari dela esan du, baina ñabardura bat egin du: «Aktibitatearen hazkundearen erritmoan desazelerazio bat egon bada ere, moteltze leuna da, Nafarroako ekonomiak eutsi egin baitio aurreko inertziari».

Espainiako eta Frantziako estatistika zentroek ere argitaratu dituzte bi herrialde horietako ekonomiaren bilakaeraren datuak. %0,4 hazi da Espainiako ekonomia apiriletik ekainera, eta, 2022ko epe berarekin alderatuta, %1,8koa da igoera. Frantzian, berriz, %0,5 handitu da BPGa bigarren hiruhilekoan. Urtarriletik martxora %0,1 soilik hazi zen Frantziako ekonomia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.