Diru sarreren murrizketa eta gastuaren hazkundea arrazoitzeko, zifra dantza bat eman du gobernuak. Adibidez, iragan urteko 71 milioi euroko gastu gehigarriaren atzean, hainbat faktore daude. Alde batetik, Estatuari aurrekontuetan jasotakoa baino 81,3 milioi euro gehiago igorri zitzaizkion; bigarrenik, PSNrekin batera krisiari aurre egiteko neurrietan 25,4 miloi euro gehiago ordaindu ziren, eta, hirugarrenik,beste 188 milioi euroko gastu igoera izan zuen. Hirugarren atal hori batez ere funtzionarioen gastua da. Gobernuaren arabera, 2007tik %20 handitu da -202 milioi gehiago- eta, Mirandaren arabera, Hezkuntzan eta Osasunean izandako beharrei erantzuten die.
Hori berdintze aldera, gobernuak iazko aurrekontuen gastu arruntetik 162 milioi euro ez zituen gastatu, eta espero baino 62 milioi euroko gastu fiskal txikiagoa izan zuen. Hala, iazko gastu gehigarria 71 milioikoa da.
Dena den, gastu fiskala kontuan hartu gabe, defizita orotara 212 milioi eurokoa litzateke. Azaldu beharra dago gastu/etekin fiskal kontzeptua bitxia dela eta beste ezein administraziok ez duela aurrekontuetarako erabiltzen.
Izan ere, gastu fiskala ogasunak inbertsio eta ekonomia jarduera bultzatzeko enpresei eta norbanakoei ezarritako zerga pizgarriak dira. Diru hori biltzen ez bada ere, Nafarroako Gobernuak gastu gisa kontabilizatzen du, alor pribatuak ekonomia jarduera bultzatzeko egiten duen gastua edo etekina delako. Haatik, krisiaren ondorioz, 62 milioi eurotan murriztu da alor hori, eta, kontabilitate adabaki hori kontuan hartu gabe, are handiagoa litzateke gastua eta, ondorioz, defizita.
Bi urtetan joera irauli egin da
Diru sarrerek ere nabarmen egin dute behera. Espero baino 278 euro gutxiago bildu zituen iaz Nafarroako Ogasunak, eta tasa bidezko diru sarreretan beste 24 milioi gutxiago bildu zituen. Haatik, zor publiko bidezko finantzaketa aurrekontuetan jasotakoa baino 8,5 milioi euro handiagoa izan zen, eta, 2008ko kontuak itxita, Estatuak 213 milioi euro itzuli zizkion Nafarroari. Hartara, horrek azaltzen du diru sarrerak 80,6 milioi eurotan jaistea.
2005etik 2007ra gastatu dena baino diru gehiago bildu zen; aitzitik, geroztik joera hori irauli egin da. «Zerga bilketa garbia %15 jaitsi da 2005arekin alderatuz, 522 milioi euro gutxiago bildu baitu Ogasunak», dio Mirandak.Gastua errealitate horretara egokitu behar dela azaldu du.