Finantza publikoak

Nafarroako Gobernuak 4.228 milioiko gastu muga ezarri du 2020rako

Aurtengo aurrekontuarekin alderatuta, 212 milioi euro handitu da gobernuak gasturako eta inbertsiorako izango duen ahalmena.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordea. JAVIER DIGES / EFE
joxerra senar
2019ko urriaren 2a
14:45
Entzun

Legealdiaren hasiera honetan, Maria Txibiteren gobernuaren erronka nagusia 2020rako aurrekontuak aurrera ateratzea izango da, eta jada zehaztu ditu egitasmoaren zifra nagusiak. Gastu muga %5,3 handituko du, adibidez: 4.016 milioi eurotik 4.228,2ra.

Aurreko astean, Laboral Kutxak iragarri zuen 2020rako %2,2 haziko dela Nafarroako ekonomia, eta aurreikuspen horrekin bat egin du Nafarroako Gobernuak. Diru sarrera ez-finantzario bidez 4.190 milioi euro biltzea aurreikusten du —horietatik 37 milioi euro Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko doikuntza bidezkoak izango dira—.

Gastuen atalean, 4.228 milioi euroetatik 236 milioi euro Tokiko Ogasunen Funtserako dira, eta 585 milioi, estatuari ordaindu beharreko ekarpenerako —berez, 2020tik aurrera, Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2020-2024 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu beharko lukete, eta, bitartean, aurreko bost urteetako ekarpena eguneratuko dute—.

Gainera, Espainiako Gobernuak erkidegoei hurrengo urterako ezarri die ezin dutela defizitik izan. Aurtengo urtea amaitu zain, 2017an eta 2018an superabita izan zuen Nafarroak.

Aurrekontuaren urratsak

Tokiko Ogasunen Funtsa eta estatuko ekarpena kenduta, gobernuko departamentuek 3.406 milioi euro izango dituzte gasturako eta inbertsiorako. Zifra horren gain, orain departamentuek euren aurrekontu proposamena luzatu beharko dute gobernu barruan.

Behin gobernuak aurreproiektua onartzen duenean, Nafarroako Ekonomia eta GIzarte Kontseiluari, Tokiko Erregimenaren Batzordeari eta Ingurumen Kontseiluari helaraziko dio edukia. Horien iritzia jasota, lege proiektua onartuko da, eta handik parlamentura igorriko. Helmuga horretara iristeko, oraindik aste batzuk falta dira.

Parlamentuko azken txanpa izango da zailena; azken batean, gobernua sostengatzen duten lau alderdiek ez dute gehiengorik. PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 23 parlamentari dituzte, eta ezinbestean Navarra Sumaren edo EH Bilduren babesa beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.