Alvaro Miranda Nafarroako Ekonomia kontseilariak gobernuko departamentu guztiak estutu egin ditu, eta urtea amaitu bitarte gastu konpromiso oro blokeatzeko agindua eman du. Atzo, Nafarroako Gobernuko kontseiluaren ostean, Juan Luis Sanchez de Muniain eledunari zenbat diru aurreztuko den galdetu ziotenean, ez zuen zifrarik eman. «Bete-betean lanean ari gara kontu sail oro doitzeko». Haren hitzetan, lehen zifrek erakusten dute «bide onetik» doazela.
Irailaren 28an, gobernuak 190 milioi euroko murrizketa iragarri zuen, baina urtea amaitu bitartean beste 104 milioiko murrizketa zehaztea falta zaio. Egun hartan promes egin zuen horren berri emango zuela. Hauteskundeak igaro berri dira, eta oraindik ez du zehastasunik eman.
Iragan asteko aldizkari ofizialean, Ekonomia Departamentuak, foru agindu baten bidez, 2011ko gastu konpromiso oro eteteko agindua eman zuen, hiru salbuespenekin: arau bidezko diru laguntzak, administrazioaren funtsezko jarduna betetzeko beharrezkoak diren baliabideak eta defizitaren igoerarik eragiten ez duten gastuak. Atzoko aldizkari ofizialean, beste salbuespen bat erantsi zuen: «Bere garrantziagatik gobernuak funtsezkotzat jo ditzakeen kontu sailak». Hilaren 12ra arte eman diete departamentuei doikuntza egin dezaten.
Dirudienez, gastu berri oro blokeatuta murriztu nahi ditu gobernuak 104 milioi euro. Haatik, iritzi publikoari ez zaio azaldu zer ondorio izango dituen departamentuz departamentu, gastuz gastu.
Nafarroako Gobernuak ez du azaldu non kenduko dituen 104 milioi
Urtea bukatu bitarte gastu konpromiso oro blokeatzeko agindua eman die Mirandak kontseilariei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu