Denbora gehiago iraun du, baina helmuga bera izan du. 2015eko azaroan, Hego Euskal Herriko bi legebiltzarretan 365.000 pentsioduni sariak duintzeko herri ekinaldi legegile (HEL) bana aurkezteko borondatea iragarri zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Aldeko Pentsiodunen Plataformak. Pentsio sistema propioa eratzea ere proposatzen zuen HELak. Eusko Legebiltzarrak urte hartako abenduan bota zuen atzera; Nafarroako Parlamentuak, berriz, gaur goizean urrats bera egin du.
Eztabaidak bat egin du denboran gutxieneko pentsioak igotzeko beste proposamenarekin. Otsailean eman zuen proposamen horren berri Nafarroako Gobernuak, eta asteon aurkeztu du ofizialki: 22.000 pentsioduni gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatuko zaie zerga kenkari bidez. Igoera hori hiru urteren buruan egingo da, eta, pentsiodun taldearen arabera, erritmo desberdinak izango ditu. Lehentasuna alargun pentsioek izango dute, eta horiei igoera aurten aplikatu zaie —diruaren zati bat 2018ko errenta kanpainan itzuliko zaie—.
Bultzatzaileen azalpenak
Hala ere, Nafarroako Pentsionistak Martxan taldeak bultzatutako HELa urrunago zihoan. Juan Jose Lautre taldeko eledunak gaur azpimarratu duenez, gobernuak eta laukoak bultzatutako proposamena "urrats egokian doa, baina ez da nahikoa". Haren hitzetan, egun Nafarroan diren 130.000 pentsiodunetatik 78.000 inguruk 1.080 eurotik behera kobratzen dute, erosahalmena %17 galdu dute azken urteetan, eta horietako asko "muturreko egoeran" daude. "Ez dugu pentsiodun pobrerik nahi", ondorioztatu du.
Hala, 1.080 euroko pentsio duinak eta Nafarroan pentsio sistema propioa izatea aldarrikatu du Lautrek, eta gogorarazi du 2011tik hona Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsak nabarmen egin duela behera, 15.000 milioi euroraino. "Madrilen menpe gauden bitartean oso zail izango dugu duin bizitzeko". HELak proposatzen zuen alderdiek eta gizarte eragileek parte hartuko luketen lantalde bat sortzea "arauak eta erritmoak eztabaidatzeko". Lautreren arabera, HELak berekin ekarriko luke "dirua alde batetik hartzea toki egokiago batera eramateko".
EH Bilduk eta Ahal Dugu-k txalotu egin dute ekinaldia, eztabaida parlamentura ekarri dutelako. "Badakigu ezin dela hutsetik ehunera bat-batean pasatu, baina eztabaida hori hasi behar da", argudiatu du EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialdek. Ahal Dugu-ko Mikel Builek kezka azaldu du pentsiodunek erosahalmena galdu dutelako. Hala ere, aitortu du gaur egun ez dagoela dirurik pentsioak 1.080 euroraino osatzeko. Horregatik, ontzat jo du 22.000 pentsioduni gutxieneko igotzeko asteon aurkeztutako beste lege proposamena.
Kontrakoen argudioak
Geroa Baiko Isabel Aranburuk esan du "erabat arrazoizkoa" dela egoera hori hobetzea, baina, era berean, zehaztu du proposamenak "bideragarria" izan behar duela. "Hori da jarrerarik zintzoena. Bestela, geure buruari iruzur egiten ariko gara". Gogoan hartu du pentsio sistema estatuaren eskumena dela. "Haren esku dago herritarrei bizi kalitatea bermatzea, baina PPren gobernuak ez du halakorik egin. Politika neoliberalen ondorioz, Gizarte Segurantza arriskuan utzi du".
UPNko Luis Casadok aipatu du Nafarroak ez duela lege eskumenik halako lege ekinaldi bat onartzeko. Casadoren arabera, 2015eko urtarrilean garai hartako gobernuak ondorioztatu zuen halako proposamen batekin Nafarroak ez lukeela "defizit helburua beteko", eta, horregatik, atzera botatzeko aholkatu zuen. Parlamentuko zerbitzu juridikoek ere kontra egiteko eskatu zuten. UPNk kontrako jarrera duela gaineratu du: "Nafarroan ez dugu ahalmen ekonomikorik igoera horri aurre egiteko".
PSNk eta PPk gogora ekarri dute, halaber, Nafarroak ez duela eskumenik. "Ezin dugu pentsio sistema propiorik eratu. Gure eredua kutxa bakarra da", dio PSNko Ainhoa Unzuk. PPko Ana Beltranen arabera, HEL hori ez zen "ezta tramitatu behar ere".
Ezkerrak ere ez du bat egiten Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra haustearekin. "Sistema komunetik ateratzea al da pentsio askoren arazoei aurre egiteko konponbidea? Gu sinetsita gaude ezetz. Bide horrek arazoak handitu besterik ez luke egingo", arrazoitu du Jose Miguel Nuinek.