Urtea hasi denetik hamabost lagun hil dira Nafarroan lanean ari zirela, horietako 11 azken bi hilabeteetan, "uda oso gogorra izan baita". Datu horiek eman dituzte ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek, eta kezkatuta azaldu dira, "ezbeharrak jarduera ekonomikoa baino gehiago ugaritzen ari baitira". Kalean salatuko dute laneko heriotzen handitzea: hilaren 28an protesta egitera deitu dute lantokietan, eta 29an, berriz, manifestazioa egingo dute Iruñean, autobusen geltoki zaharretik udaletxeraino.
Manifestazio horretan patronalaren jarrera salatuko dutela aurreratu zuen Mitxel Lakuntza ELAko Nafarroako arduradunak. Haren arabera, azken lan erreforma da heriotzen eragilea, prekaritate handiagoa ekarriko duelako lan mundura, eta haren eskutik handitzen dira istripuak. "Oso apustu garbia egin du etekinen alde, laneko segurtasunaren kaltetan".
Enpresaburuekin haserre azaldu da LABeko Igor Arroyo, baina baita Nafarroako Gobernuarekin ere. "Badirudi ez zaiola egoera axola. Ez du ezer egiten". Exekutiboari eskatu diote enpresen gaineko kontrola areagotu dezala, eta behingoz eskura dezala laneko ikuskaritzaren gaineko eskuduntza.