Volkswagenek behin-behineko 452 langile kontratatuko dituzte Landabengo lantegirako. Astelehenean hasiko dira, eta asmoa da kontratuak 2020. urtearen amaierara arte luzatzea.
Wolfsburgeko (Alemania) zentraletik Polo modeloaren 5.000 unitate gehiago egiteko eskaria jaso dute. Igoera horrekin, urteko ekoizpena 247.000 ibilgailu ingurukoa izango da: 137.000 T-Cross eta 110.000 Polo
Astelehenean hasi ziren hiru lan txandak osorik egiten eta horiei gehituko zaie larunbateko txanda. Aste honetan aldi baterako erregulaziotik atera dituzte egoera horretan zeuden azken langileak —1.000 inguru; guztira 3.800 dira lantegian—. Hala, fabrika pandemia hasi aurreko jarduerara itzuliko da, egunero 1.581 auto ekoitziz, martxoan baino 44na gehiago goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Enpresak azaldu duenez, beste 5.000 autoen eskaerak Polo eta T-Cross modeloek azken hilabeteetan izan duten salmenta onekin du zerikusia. Izandako hazkundea espero zen baino handiagoa izan dela azpimarratu du konpainiak, eta urte amaierara arteko aurreikuspenak ere positiboak direla.
Europaren laguntzak sektorerako
Suspertzea eragin duten arrazoien artean, azpimarratu ditu autoak erosteko Europako hainbat gobernuk bultzatutako planak eta herritar askok banakako garraioaren alde egin izana, garraio publikoaren kaltetan, COVID-19aren kutsaduraren beldur.
Emilio Saenz Volkswageneko Nafarroako presidentearen hitzetan, ekoizpena handitzea «albiste bikaina» da, baina zuhurtziaz jokatzeko deia egin du: «Langile guztien lan bikainari emandako saria da. Baina egoerak ezegonkorra eta ziurgabetasun handikoa izaten jarraitzen du; beraz, etorkizun hurbilari begira, baikortasuna, lan apala eta zuhurtzia nahastu behar ditugu».