Autogintza

Nafarroako VWen etsi egin dute baterien lantegiaren aferan, eta itunean jarriko dituzte indarrak

Langile batzordearentzat, «hutsegitea» da bateriak muntatzeko fabrika Landabenetik at egotea. Datozen bi urteetan espero den pattalaldiari begira, enpleguari eutsi nahi dio hitzarmen berriaren negoziazioan.

Nafarroako Volkswageneko langileak, fabrikaren atarian, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irune Lasa.
2023ko irailaren 22a
17:40
Entzun

«Iristen zaizkigun albiste guztiak ildo horretan doaz», aitortu zuen atzo Alfredo Moralesek, Nafarroako Volkswageneko langile batzordeko buruak. «Hori da errealitatea». Oraindik ere falta da iragarpen ofiziala, baina mundu guztiak segurutzat jotzen du Landabenek ez duela bateriak muntatzeko lantegi propiorik izango.
Hyundairen Mobis filialak zabalduko du fabrika VWentzako bateriak muntatzeko, eta ez Landabenen, baizik eta handik zortzi kilometrora, Imarkoaingo Garraioaren Hirian. Diario de Navarrak argitaratu du gaia berriz, eta informazio horren harira datoz Moralesen adierazpenak.

Enpresa batzordeak bere eginahalak egin ditu azken hilabeteetan VWk berak har zezan bere gain baterien muntaketa, eta lan hori Landabenen bertan egin zedin. Horrekin, besteak beste, lanpostu gehiago sortuko zirela azpimarratzen zuten langileen ordezkariek, eta bermatuago egongo litzatekeela enpleguari eustea etorkizunean. Hori ez da nolanahiko kontua, ikusita adibidez auto elektrikoak ekoizteko, errekuntzakoak egiteko baino jende gutxiago behar dela.

Urte hasieran bazirudien guztia bideratuta zegoela bateria lantegia Landabenen geratzeko, baina Alemaniatik haize gero eta hotzagoa etortzen hasi zen; VWek ez zuen inbertsioaren kostu osoa bere gain hartu nahi. Azkenean, abuztu hasieran Hyundai Mobisek eman zuen albistea, VWekin akordioa lortu zuela harentzat bateria zelulak muntatzeko fabrika baterako.

Hyundaik ez zuen zehazten non eraikiko zuen lantegia, soilik VWren lantegi batetik hurbil izango zela. Eta Seatek jada berea iragarrita zuenez, ondorioa argia zen, Hyundai Mobisek muntatuko zituen bateriak Nafarroako Volkswagenentzat, Imarkoainen.

Pattalaldia dator

Langile batzordearen azken itxaropena zen presio egitea Volkswageni, Hyundai Mobisek bere asmoak aldatu eta lantegia Landabenen eraikitzeko. Baina etsi dute jada. «Jarraitzen dut pentsatzen akatsa dela bateria fabrika gure lantegitik zortzi kilometrora egotea», azaldu zuen atzo Moralesek. Dena den, etorkizunera begira jarraitzen dute komitean: «Orain indarrak jarriko ditugu zuzendaritzarekin lan hitzarmena negoziatzeko eta hitzartzeko, aurre egin ahal izateko 2024 eta 2025 urteetan etorriko den pattalaldiari».

Hurrengo bi urteak delikatuak izango dira Nafarroako VWentzat, salmentetan jaitsiera espero delako, eta lantegia auto elektrikoak ekoizteko trantsizio betean egongo delako. Horregatik, batzordearen helburua enplegua dela dio Moralesek. «2024. urtea dagoeneko ekoizpen murrizketarekin etorriko da, eta berebizikoa da horren inpaktua leuntzeko neurriak martxan jartzea. Aste eta egun biziak datoz, behar duguna adosteko». Ostegunean eratu zen hitzarmen berria negoziatzeko mahaia.

Bestalde, Polo eta Taigo autoen ekoizpena hilabete batzuetan luzatuko dela azaldu dio zuzendaritzak langileei. Hasiera batean, bi autoak egiteari hurrengo urteko martxoan utzi behar zion Landabengo fabrikak, baina Bruselak Euro7aren ezarpena malgutu egingo duela-eta, epea luzatu egingo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.