Nafarroan erregaia garestitu eta funtzionarioei lanaldia igoko diete

Gastu murrizketa eta zerga bidez, 87 milioi bilduko dira: 54 milioi kontuen zuloa ixteko dira, eta 33 milioi, azpiegituren inbertsiorakoOgasunarekin zorra dutenei bi urtez leundu egingo zaizkie zigor mekanismoak

joxerra senar
Iruñea
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Aurreikuspen ekonomikoetan kale egin ostean, Nafarroak aurten 54 milioi euroko zuloa estali beharra zuen Espainiako Gobernuak ezarritako defizitaren %1,5eko muga betetzeko. Asteazken arratsean erdietsi zuten akordioa UPNk eta PSNk, eta, atzo, edukiaren berri eman zuten.Hala, gastu murrizketa eta neurri fiskalen bidez 87 milioi euro bildu nahi dituzte: 54 milioi zuloa ixteko dira, eta beste 33 milioi azpiegitura handien inbertsioetarako erabiliko dituzte. Diru hori guztia lortzeko, berriz, Nafarroan erregaia garestitu egingo dute, funtzionarioei lanaldia igo egingo diete eta 2012ra bitartean Ogasunarekin zorpetuta dauden zergadunei leundu egingo dizkiete zigor mekanismoak.

Espainian PPk amnistia fiskala ezarri ostean, ikusteko zegoen zer egingo zuen Nafarroako Gobernuak. UPN bide beretik jotzearen alde zegoen, eta negoziazioetan oztopo nagusietako bat izan da. Horrela, atzo, Roberto Jimenezek, bere lorpenaz harro agertu, eta ukatu egin zuen amnistia fiskal arin bat dela Nafarroakoa. «Diferentzia oso handia da. Hemen ez da zorrik barkatzen». Zorra atzeratzeagatik pagatu beharreko interes tasa %20 txikituko dute, eta berandu pagatzeagatik ezartzen den gainordaina %90 txikituko dute. Dena den, Ogasunari zor zaiona ez dute barkatuko. 2012ko abendura arte iraungo dute neurriek, eta helburua da Ogasunari iskin egin dietenek «borondatez» kitatzea zorrak: «Bestela, txantxa askoz garestiago aterako zaie», ohartarazi du Jimenezek.

2,4 zentimo erregai litroko

Zerga neurri gehiago iragarri dituzte. Alde batetik, Espainian hainbat autonomia erkidegotan egin duten legez, erregai litroa 2,4 zentimo garestituko dute. Garraiolariei itzuli egingo zaie igoera osoa. Guztira zortzi milioi euro biltzea espero dute.

Gainera, izaera teknikoko aldaketa batzuei esker Sozietate Zergan hiru milioi gehiago biltzea espero dute. Era berean, oraingoz ez dituzte zerga kenkariak ukituko, baina horiek mugatzeko atea irekita utzi dute. Enpresei zein sendiei ezarritako zerga hobariekin 614 milioi euro biltzeari uzten dio Nafarroak. UPN eta PSN aztertzen ari dira «behin-behinean edo modu finko batean» kenkariak %4 eta %7 artean mugatzea. Hartara, 25 milioi edo 40 milioi euro gehiago bil ditzake ogasunak. Aurten ez da halakorik ezarriko.

37,5 orduko lan astea

Gastuen atalean, 60 milioi euroko murrizketa ezarriko dute. Batik bat, funtzionarioen lan baldintzak estutzen jarraituko dute. Otsailean, funtzio publikoko langileen lan baldintzak aldatzeko hainbat neurri iragarri zituen gobernuak. Orain, gainera,akordioan jaso dutenez, funtzionarioei lan astea 37,5 ordura handituko diete, «aparteko orduak gutxitzeko asmoz». Ez dute aurreratu zenbat diru aurreztuko duten horrela. «Aitortu behar dut PSNri asko kostatu zaiola puntu hori onartzea. Publikoki neurri horren kontra egon naiz, lanpostuak suntsi zitzakeelako. Azkenean, egunean hamar minutu gehiagoz lan eginda, itxarote zerrendak jaitsiko dira eta osasun arreta hobetuko da.Beraz, ez da enplegurik suntsituko», azaldu du Jimenezek.

Airean geratu da beste auzi polemiko bat. Espainiako Gobernua hezkuntzako, osasuneko eta beste zerbitzu publikoetako oinarrizko legedia aldatzen ari da, eta, akordioak dioenez, aldaketak «Nafarroaren erabakitzeko ahalmenaren esparrua eta eskumenak errespetatu beharko ditu». Nahiz eta Nafarroak «beste neurriak» hartu ahal izango dituela dioen akordioak, Madrildik etorritako aldaketek 15 milioi euroko aurrezkia eragingo dutela diote.Era berean, hezkuntzan gela bakoitzeko ikasle ratioa ez handitzeko konpromisoa hartu dute, eta Nafarroan erroldatutako etorkinak artatu ahalko dira osasun publikoan.

87 milioi euroetatik 33 milioi euro «hazkundea sustatzeko» erabili nahi ditu gobernuak. Hartara, azkartu egingo dute abiadura handiko treneko, Nafarroako Ubideko eta Salesiarrentzako lanbide heziketako zentroko obren eskaintza. Jimenezen arabera, garabiak «lehenbailehen lanean» jarri nahi dituzte, eta «enpleguak sortu». Era berean, etxebizitza zaharberritzeko mekanismoak hobetuko dituzte, eta enpresentzat «bermeak indartu». Ikerketa eta garapenaz hitz egin arren, inbertsioak batik bat obra publikora bideratuta daude.

Aralarrek «zentzugabetzat» jo ditu inbertsio horiek, eta salatu du ez dutela sare ekonomikoan eragingo. «UPNren lagunen konpromisoei erantzuten diete. Besteak beste, Opus Deiren unibertsitatearen, lanbide heziketa pribatuaren eta hainbat eraikuntza enpresaren aldekoak dira».

ELAk salatu du zigor mekanismoen arintzea nafar erara egindako «amnistia fiskal bat» dela. Murrizketek krisia okertuko dutela deritzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.