Nafarroako Gobernuaren zor publikoa Espainiako aurrekontuen egonkortasunerako legeak ezarritako mugan dago: barne produktu gordinaren (BPG) %12,9koa da, eta legeak %13ko muga ezartzen du. Eusko Jaurlaritzaren zorra %8,1ekoa da. Iaz hazkunde nabarmena izan zuten, Nafarroakoak batez ere: 2.446 milioi euroko zorra du, duela urtebete baino 754 milioi euro gehiago, %44. Eusko Jaurlaritzaren zorra 521 milioi euro handitu da urtebetean, %10,38.
Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua gustura dago Eusko Jaurlaritzaren zor publikoaren datuarekin, Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta txikiagoa delako eta Espainiako Gobernuak ezarritako mugaren azpitik dagoelako. Espainiako Gobernuak %13ko gehienezko muga ezarri zuen aurrekontuen egonkortasunerako legean. Jaurlaritzarena bost puntu txikiagoa da.
Espainiako Bankuak atzo kaleratu zituen administrazio publikoen zorrari buruzko iazko datuak, webgunean (www.bde.es). Datuen arabera, Nafarroako Gobernuaren zor publikoa ia %18 hazi zen iaz hirugarren hiruhilekotik laugarrenera; Eusko Jaurlaritzarena, berriz, %3,38.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa publikoen zorra 601 milioi eurokoa zen urte amaieran, eta Nafarroakoena 74 milioi eurokoa. Nafarroan enpresen zorra 312 milioi eurotik 74ra jaitsi da hiruhileko bakar batean.
Agirrek, hain zuzen, zehaztu du enpresa publikoen erruz igo dela neurri batean Eusko Jaurlaritzaren zorra urte amaieran —bi hamarren hiruhileko batetik bestera—. Jaurlaritzak bere gain hartu behar izan baitu zenbait enpresa publikoren zorra, Bizkaiko Garraio Partzuergoarena eta Bilbao Exhibition Centerrena, esaterako.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek iaz 300 milioi euro handitu zuten beren zorra. 2.328 milioi eurokoa zen urte amaieran.
«Beraz», esan zuen atzo Agirrek, «aukera handiak ematen dizkigu ustekabeko egoerei aurre egiteko». Atzeraldiari eta zerga bidezko diru sarreren jaitsierari zorpetuz aurre egin ahal izateko, alegia. Zorpetzeko, alegia. Ekonomia sailburuak zehaztu zuen Eusko Jaurlaritzak aurten 970 milioi eurotan zorpetzeko aukera izango duela.
400 milioi euro, gastatu gabe
Egoera ikusita, oraingoz, aurtengo aurrekontuetako 400 milioi euro utziko ditu gastatu gabe, aurrekontuen %4 inguru, «badaezpada». Urtean zehar sor daitezkeen zailtasunei aurre egin ahal izateko. Dirua blokeatuta egongo da, urtean zehar «zalantza ekonomiko izugarriak» argitu arte. Agirrek atzo ez zuen zehaztu zein sailetatik kenduko dituzten 400 milioi euroak.
Eusko Jaurlaritzak 1.672 milioi euroko defizita izan zuen iaz,BPGaren %2,54koa, urte hasieran espero zuenaren ia bikoitza. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek espero baino mila milioi euro gutxiago bildu zituzten iaz zergetan, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak 700 milioi euro gutxiago jaso zituen. Nafarroako Gobernuaren defizita BPGaren %1,89koa izan zen.
Katalunian osasun zerbitzuak berriro ordainduko dituzte. Ekainetik aurrera herritarrek euro bat ordaindu beharko dute errezeta bakoitzeko. Agirreren esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez du planteatzen aukera hori, «balizko inolako egoeratan». Ezta egoera asko gaiztotuta ere.
Akordioa Bizkaian
Udalek zailtasunak dituzte. Iaz, zerga aurreikuspenetan oinarrituta diru kopuru bat jaso zuten, baina gero diru bilketa espero baino apalagoa izan zen, eta orain gehiegi kobratutakoa bueltatu behar dute. Bizkaian, 47,7 milioi euro dira guztira. Dirua bueltatzeko epeei buruzko akordioa lortu zuten atzo, Finantzen Lurralde Batzordean.
Bizkaiko udalek hiru urtean bueltatuko diote dirua Udalkutxari, udalak finantzatzeko funtsari: aurten %40, 2013an %5 eta 2014an %30. Falta den %25 ordaintzeko Udalkutxak urteotan ustekabeetarako dirutik gastatu gabe utzi duen dirua erabiliko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren lehen proposamenaren arabera, udalek %50 bueltatu behar zuten aurten, baina PSE-EEren esku dauden udalek uko egin zioten. Foru Aldundiak proposamena aldatu du, eta udal guztiek onartu dute.
Nafarroaren zorra %44 handitu da urtebetean, eta Jaurlaritzarena, %10
Nafarroako Gobernuaren zor publikoa Espainiak ezarritako gehienezko kopuruaren mugan dago, BPGaren %12,9Jaurlaritzak 970 milioi eurotan zorpetzeko aukera izango duela esan du Agirrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu