Nanogune hasia da «teknologia kuantikoen erreferente» bilakatuko duen dorrea eraikitzen

Siliziozko txip kuantikoak garatuko dituzte urtea amaitzerako inauguratuko duten eraikin berrian. Pradales lehendakariak azaldu du «ekosistema zientifiko oso bat» osatzen ari direla teknologia kuantikoen inguruan.

Nanoguneren eraikin berria nola geratuko den erakusten duen proiekzioa. NANOGUNE
Nanoguneren eraikin berria nola geratuko den erakusten duen proiekzioa. NANOGUNE
Paulo Ostolaza.
2025eko maiatzaren 7a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Pauso bat gehiago da Euskadi Europako erreferentzia izateko lasterketa kuantikoan». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak horrela deskribatu du Nanogunek Donostian eraikiko duen dorre berria. Jada hasi dira eraikitzen The Quantum Tower, eta gaur egin dute siliziozko txip kuantikoak garatuko diren eraikin horren aurkezpena.

Dorreak 1.500 metro koadro izango ditu zazpi solairutan banatuta, eta bertan egongo dira Fernando Gonzalez-Zalba fisikari nafarra buru izango duen ikerketa taldearen laborategiak eta Erresuma Batuko Quantum Motion enpresaren Euskal Herriko egoitza.

Jose Maria Pitarke Nanoguneko zuzendariak azaldu duenez, konplexutasun handiko arazoak konpontzen lagunduko dute han garatuko dituzten konputazio kuantikoko prozesadoreek, adibidez, botika eta material jasangarri berriak diseinatzean.

102843
Juan Ignacio Perez Iglesias sailburua, Imanol Pradales lehendakaria, Javier Martinez-Ojinaga Nanoguneko presidentea eta Jose Maria Pitarke zuzendaria, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Aurkezpenean, Pradalesek azpimarratu du ekosistema zientifiko oso bat eraikitzen ari direla teknologia kuantikoen inguruan, eta jada ari direla garatzen hari lotutako industria eta ekonomia ere. Arlo bereko proiektu nagusienetako bat da aurtengo urtearen amaierarako Donostian ezarriko den IBMren konputagailu kuantikoa, eta hori guztia Basque Quantum (BasQ) estrategiaren baitan kokatu du lehendakariak: «Helburua da Europako instalaziorik aurreratuena sortzea, abangoardiako prozesadore kuantikoak ikertu eta garatzeko». Xede horretarako, zehazki, Jaurlaritzak 120 milioi euroko inbertsioa egingo du hurrengo bost urteetan, eta, beste eragileek jarritakoa kontuan izanda, kopurua 170 milioi eurora handituko da.

Pitarkek kontatu du teknologia kuantikoa ez dela kontu berria Nanogunerentzat: «Beti egin dugu lan nanozientzia kuantikoaren arloan. Orain, ordea, hardware kuantikoaren ikerketa talde berriak puntako azpiegitura izango du txip kuantikoak diseinatzeko eta garatzeko, eta, gainera, Quantum Motion enpresarekin elkarlanean jardungo da». Enpresa hori aitzindaria da erdieroaleen teknologian oinarritutako txip kuantikoak garatzen.

Dorre kuantikoaren eraikuntza lanak gaur. GORKA RUBIO / FOKU
Dorre kuantikoa eraikitzeko lanak, gaur. GORKA RUBIO / FOKU

Gonzalez-Zalbak esplikatu du zeintzuk diren azken belaunaldiko azpiegitura horiek: besteak beste, tenperatura baxuko sistema aurreratuak eta doitasun handiko tresna elektronikoak, behar-beharrezkoak abangoardiako hardware kuantikoa diseinatzeko. Nabarmendu du bere helburua dela «Europa hegoaldeko ikerketa kuantikoko instalazio aurreratuenetako bat eraikitzea».

Aurkezpenean adierazi dute silizioan oinarritutako txip kuantikoen teknologiak etorkizun handia duela, eta aurreikusi dute «hemendik urte batzuetara» 50 ikertzaile baino gehiago izango dituela gaur aurkeztu duten ikerketa taldeak. Eraikuntza lanen lehen fasea azarorako amaituko dutela esan dute; bi solairu inauguratuko dituzte orduan.

Puntakoak arlo batzuetan

Eusko Jaurlaritzak uste du zientziari, teknologiari eta berrikuntzari dagokienez derrigorrezkoa dela fokua arlo jakin batzuetan jartzea eta horietan punta-puntakoak izaten saiatzea. Horietako bat da teknologia kuantikoarena. «Txemari [Pitarkeri] entzun izan diodan moduan, gakoa da esparru batzuetan ondo kokatuta egotea, aukerak sortzen diren bakoitzean jauziak egiteko», adierazi du Pradalesek. «Herri txikia gara, eta horrek hautatzera behartzen gaitu. Mugarik gabe amestu behar dugu, baina gure mugak ere ezagutu eta onartu behar ditugu».

Lehendakariaren hitzetan, unibertsitate onak izatea ez da nahikoa erreferente bilakatzeko. Beharrezkotzat jo du aurrerapauso bat ematea talentua erakartzeko eta atxikitzeko, baita jakintza aurreratuan oinarritutako jardun ekonomikoa sustatzeko ere.

Gehitu du gaur aurkeztutakoak eta halako proiektuek «Euskadirekiko harrotasuna» sorrarazten dutela, eta posible direla duela urte asko zientzia aurreratuenen aldeko apustua egin zelako hemen, baita «ikerketa ekosistema oparoa eta ikertzaile talde bikainak» daudelako ere. «Horri esker, orain, aukera dugu ekonomia berriaren aldeko Europako trena hartzeko», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.