«Zergen oturuntza». Halaxe deitu dio EH Bilduko Adolfo Araizek gaur goizean osoko bilkuran egiten ari diren saioari. Nafarroako Gobernuak zergen arloan aurkeztutako hiru lege proiektuen aurka Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzen ari dira, banaka. Eztabaidak balio izan du taldeen posizioak ikusteko, eta batik bat uneotako egoera politikoa islatzeko; izan ere, gobernuak talka izan du eskuineko koalizioarekin: «Nafarroako Gobernuak eskua luzatu du, baina aurrean ezereza baino ez du topatu», aipatu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. «Nafarroako Gobernuak ez du eskurik luzatu, ez bederen Navarra Sumari», adierazi du Navarra Sumako Maria Jesus Valdemorosek.
Azaroaren 26an, Maria Txibite lehendakariak eta Elma Saiz kontseilariak bilera bana izan zuten Navarra Sumarekin lehenik eta EH Bildurekin gero, hiru lege proiektuen inguruan eztabaidatzeko. Valdemorosen esanetan, bilera hartan gobernuak ez zuen bere proposamena «ezertxo ere» aldatu nahi izan. Navarra Sumak batik bat frogatu nahi izan du PSNk errotik aldatu duela aurreko legealdiko posizioa: «Azken hogei urteetan, batik bat azken urteetan, bat egin dugu proposamenetan; orain ez». Valdemororen arabera, PSNk bere egin du aurreko lau urteetan Barkosen gobernuak egindako zerga politika, eta, horregatik, orain errazago du EH Bildurekin hitzartzea. «Araiz jauna, ez itzazu sozialistak hainbeste limurtu, jada eskutik jaten dituzu», erantzun dio Valdemorosek eztabaidan EH Bilduko parlamentariari.
Gobernuaren hiru lege proiektuek 45 milioi euro inguruko eragina izango dute bilketan. Lehen lege proiektuak errenta, sozietate, ondare eta beste hainbat zergetan aldaketak egitea proposatzen du. Adibidez, errenta zergan %2ko deflaktazioa proposatzen du, inflazioaren eragina saihestu asmoz. Ogasunaren arabera, 11 milioi euroko kostua luke. Bigarrenik, 2015etik 2018 arteko amatasun laguntzen %25eko kenkaria proposatzen du, errentaren arabera aldatuz joango dena (errenta handitu ahala, kenkaria txikituko da). Elma Saizen arabera, «arazo bati konponbidea» jarri nahi izan diote, Auzitegi Gorenaren iazko eta Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak gogoan. Neurri horrek 30 milioi euroko kostua du. Hirugarren lege proiektuak enpresen ondasunen zerga kentzea proposatzen du, eta bost milioi euroko kostua izango du.
Navarra Sumaren proposamenaz
Lehen proiektuaren aurrean, Navarra Sumak zerga jaitsiera orokorra proposatu du, errenta, sozietate, oinordetza eta ondare zergetan jaitsiera orokor bat planteatuz. Valdemorosek eta Saizek ika-mika izan dute proposamen horren inguruan: Saizen arabera, 250 milioi euro biltzeari utziko lioke ogasunak, eta Airef erakundeak «auzitan» jarriko luke, «ez delako bidegarria». Valdemorosen ustez, aldiz, «zorroztasun teknikoagatik» ez da zuzena halako kalkulua egitea, enpleguan zein kontsumoan izango lukeen onurak jarduera hobetu eta haren bidez diru sarrerak handituko liratekeelako. «Auzitan jartzen al duzu Ogasun departamenduaren zorroztasun teknikoa?», galdetu dio Saizek Valdemorosi.
Ezinbestean, eztabaida horretan bakarrik geratu da Navarra Suma, eta gainerako taldeek atzera bota diote lehen osoko zuzenketa. Ramon Alzorriz PSNko eledunaren arabera, Navarra Sumak «gezurrezko kontakizun irreal bat» egin nahi du, gobernuak elkarrizketarako borondaterik ez duela irudikatu nahian. Jarrera horrekin jarraituz gero, oposizioa eserlekuan «urte askoz» egongo direla ohartarazi die. EH Bilduko Adolfo Araizen iritziz, Navarra Sumak «kontraerreforma» egin nahi izan dio aurreko gobernuaren zerga erreformari. Geroa Baiko Mikel Asiainen ustetan, apokalipsiaren irudiarekin jarraitzen du Navarra Sumak. Ahal Dugu-ko Mikel Builek esan duenez, Navarra Sumaren 20 orrialdeko agiriari 21.a falta zaio: «Azal dezatela non egingo dituzten murrizketak».
EH Bilduren azpimarra
Osoko zuzenketa atzera botata, aurrera egingo du lege proiektuak, eta, hurrengo asteko negoziazioari begira, EH BIlduk du hitza. Horregatik, gaurko diskurtsoan, Araizek hainbat mezu eman ditu. Lehenik eta behin, «harro» agertu da 2015ean laukoak hartu zuen bidearekin. «Zuentzat infernua dena guretzat kontrakoa da, eta estatuan sektore aurrerakoiak Nafarroara begira daude horregatik». Hala, garrantzitsutzat jo du gobernuak zerga erreforma hura ez deuseztatzea.
Bigarrenik, kezkatuta agertu da sozietate zergaren bilketa apalarekin: enpresen irabaziak gora egiten ari diren honetan bilketa beherantz doala azpimarratu du, oinarri likidagarri negatiboak ugaritu direlako eta kenkarien «anabasa» dagoelako. «Ez dakigu zer gertatzen ari den». Iraganeko agiri batean, PSNk proposatu zuen kenkariak berrikusi eta aztertu egin behar zirela. «Proposamen hori erosten dizuegu», erantzun die Araizek.
Amatasun baimenen kenkariak
Azken urtean, amatasun laguntzen auzia presente egon da parlamentuan. Iazko urrian, Auzitegi Gorenak Espainian 2014tik 2018ra arteko amatasun laguntzen zerga atxikipenak itzuli behar zirela ebatzi zuen, eta ordu hartan UPNk, PSNk eta PPk Nafarroan ere hori egiteko eskatu zuten. Barkosen gobernuak eta laukoak defendatu zuen Nafarroari ez zegokiola atxikipenak itzultzea, eta urrian Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zion.
Epai hori ikusita, oraingo gobernuak proposatu du 2015etik 2018ra bitartean %25era arteko kenkariak ezartzea: 2020eko errenta aitorpenean itzuliko lirateke, laguntza horiek jaso dituztenen errentaren arabera. Elma Saizek argudiatu du atxikipenak ezin direla zuzenean itzuli atzerako eragina aplikatuz. Horregatik, kenkarien irtenbidea «antzekoa» dela deritzo, azkenean errentaren araberako banaketa egingo delako. Aitzitik, Navarra Sumak jarrera aldatzea aurpegiratu dio PSNri, eta amak haserre dituela gogorarazi dio. «Zuen inkoherentzia agerikoa da; lehenik zuen interesei begiratzen diezue, eta gero, besteei».
Geroa Baiko Uxue Barkosek eztabaida horretan hasieratik «gezurra esatea» leporatu die PSNri eta Navarra Sumari, baina bederen sozialistak gobernuan jarrera aldatzeko gai izan direla onartu du. Barkosen esanetan, iaz ogasunaren txosten batek ondorioztatu zuen atxikipenak itzultzeak segurtasun juridikoa urratuko zuela: «Atxikipen horiek itzuli izan bagenizkie guraso horiei, arrisku handia egongo litzateke gero emandako dirua eskatu behar izateko». Horregatik, Navarra Sumari «jarrera arduragabea» izatea aurpegiratu dio, proposamen horri eusteagatik eta «gezurrarekin jarraitzeagatik». Gogora ekarri dio auzitegi nagusiko epaiak berak arrisku hori berresten duela. Valdemorosek erantzun dio atzerako eragina ez dagoela debekatuta, arbitrariotasunez ezartzen ez bada.
Enpresen ondasuna, kolokan
Aurreko bi kasuetan, osoko zuzenketak atzera botako zirela jakinik, emozioa azkenerako geratu da. Izan ere, enpresen ondasunaren zerga kentzeko proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu diote EH Bilduk, Ezkerrak eta Navarra Sumak. Arrazoi desberdinak eman dituzte, jakina, eta azkenean atzera bota dituzte hirurak —Navarra Sumak ez ditu babestu EH Bildu eta Ezkerrarenak eta EH Bilduk zein Ezkerrak gauza bera egin dute Navarra Sumarekin—.
EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, aberastasunaren gaineko zergak kentzeko joera dago Europan, eta ondare zergan enpresen partaidetzen gaineko zerga berezi hori kentzeko proposamena bide horretan doa. Egun, 7.038 zergadunek pagatzen dute zerga hori, Araizen arabera, eta horien artean ez daude soilik enpresa familiarrak: «enpresa handiak» ere badaude. Olatu neoliberala hartzea aurpegiratu die neurri hori babestuko duten taldeei.
Maria Jesus Valdemororen hitzetan, hirugarren lege proiektu hori gobernuaren «goxoki bat besterik ez da» eurek proposatutako zerga erreforma osoari ezetz esateko jarraian. Haren hitzetan, ondare zerga zorrotzena du egun Nafarroak, eta proposatu du, gainera, ezkutu fiskala kentzea eta gutxieneko muga handitzea. Eztabaida osoan egin bezala, aurreko legealdian gauza bat esatea eta orain kontrakoa egitea aurpegiratu die sozialistei.
Uxue Barkosen ustez, jarrera hori «Navarra Sumaren kasketa bat» da, ez baitu ulertzen nolatan aurkezten duen osoko zuzenketa baldin eta datorren astean baiezkoa edo abstentzioa ematekoa bada. «Zer esango duzue? Alde zeundetela baina gehiago nahi zenutela? Denok nahi dugu gauza askotan gehiago». Barkosen arabera, Navarra Sumak «gero eta okerrago eta hobe» estrategia hartu du.