Albistea entzun

Aurrekontuen zain, zergetan datza lehia

Hiru lege proiektuei osoko zuzenketa aurkeztu die Navarra Sumak. EH Bilduk eta Ezkerrak ez dute enpresei ondasunen zerga kentzea nahi
EH Bilduko Ruiz eta Araiz, PSNko Alzorrizekin.
EH Bilduko Ruiz eta Araiz, PSNko Alzorrizekin. IÑAKI PORTO / NAFARROAKO PARLAMENTUA Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko abenduak 12 - Iruñea

Urtero, Nafarroako Parlamentuak aurrekontuak eta zergak elkarren segidan eztabaidatzen ditu; aurten, aldiz, bereizita egingo dira, ezinbestean. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du 2020ko aurrekontu proiekturik aurkeztu, eta haren edukia ezagutu zain, parlamentuko arreta osoa zergek bereganatzen dute. Hark ezarriko du taldeen arteko lehia politikoa, eta hurrengo urte hasierarako geratuko den aurrekontuen eztabaidari begira, nondik norakoak argitzeko balio dezake.

Txibiteren gobernuak Navarra Sumaren edo EH Bilduren beharra dauka, eta alde bateko zein besteko akordioak lortu nahirik, neurriak hiru lege proiektutan bereizi ditu: lehenik, aldaketa orokorrak; bigarrenik, enpresa ondasunen zerga kentzea; eta, azkenik, 2015etik 2018ra arteko amatasun baimenen kenkariak.

Gaur, lehen eztabaida

Ustez, azkeneko biek Navarra Sumaren onespena izan zezaketen, baina hiru lege proiektuei osoko zuzenketak aurkeztu dizkie eskuinak, hiruretan elkarrizketarako borondaterik ez duela adierazi nahirik. EH Bilduk eta Ezkerrak, berriz, enpresen ondasunaren zerga kendu asmo duen proiektuari osoko zuzenketa aurkeztu diete. Gaur bozkatuko dira osoko zuzenketa horiek guztiak. Atzera botatzen badira, ostiralean aurrera egingo dute egitasmoek batzordeetan. Fase horri begira, taldeek 74 zatikako zuzenketa aurkeztu dituzte, eta abenduaren 19an bozkatuko dituzte.

Lege proiektu nagusian, gobernuak proposatu du hainbat zergatan aldaketak egitea. Gehienak aldaketa teknikoak dira, baina neurri nagusien artean dago errenta zergan oinarri likidagarri orokorraren gaineko %2ko deflaktazioa ezartzea; hots, erosahalmenik irabazi gabe soldata igoeraren ondorioz zergadunari zerga tasa handiagoa ordaintzea badagokio, %2ra igotzen da zerga tartea, inflazioaren eragin hori eragozteko asmoz. Neurriak 11 milioi euro inguruko kostua izango du. Maria Txibitek astelehenean zehaztu zuen azken hamar urteetan ez dela neurri hori ezarri. Gainera, ibilgailu elektrikoen gaineko inbertsio kenkariak, zaharberritzen obren gaineko laguntzak eta apustu etxeen publizitatearen gaineko laguntzak zorrozteko neurriak jaso ditu.

Horri guztiari gobernuko hiru bazkideek (PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k) beste hamalau zuzenketa aurkeztu dizkiote. Adibidez, gazteentzako egun diren etxe alokairuen laguntzak jasotzeko gehienezko adina 31 urtera handituko dute, egun 1990ean jaio direnek laguntzen %16 jasotzen baitituzte. Halaber, energia berriztagarrien instalazioen gaineko kenkariari %25eko muga ezarri nahi diote. Gainera, apustu etxe eta jokoen gaineko zerga %12tik %20ra handitzea proposatu dute.

Dena den, benetako partida gobernuaren eta oposizioko bi alderdien artean jokatuko da. Azaroaren 26an Maria Txibiterekin egindako bileran, EH Bilduk bere proposamena helarazi zion, eta parlamentuan aurkeztutako 21 zuzenketetan asmo horiek argitara atera ditu orain. Lehenik, errenta zergan proposatu du gutxieneko pentsioen gaineko osagarriak ogasunak bere kabuz ordain ditzala, balizko onuradun askok ez dutelako horren berri eta ez dutelako eskatzen; pentsio planen kenkariak zorroztea proposatu du, onurak leunduz. Ondare zergan, ezkutu fiskala ezabatzea proposatu du. Sozietate zergan, bilketa handitzeko asmoz hainbat kenkari berrikustea proposatu du.

Era berean, Ezkerrak hamahiru zuzenketa aurkeztu ditu, eta batik bat sozietate zergan aldaketak egitea proposatu du: enpresei zerga tasak %28tik %35era handituz eta gutxienez ordaindu beharreko tasak ere handituz, %18tik %25era. Gobernuko bazkideen posiziotik aldenduta, nahiago izan du bere profil propioa ezarri.

Eskuinaren proposamena

EH Bilduren eta Ezkerraren kontrako norabidean doa Navarra Suma. Osoko zuzenketak aurkeztu arren, zatikako zuzenketa gehien aurkeztu du (26). Oro har, zerga jaitsiera orokorra proposatu du, egungo fiskalitatea «testuinguru ekonomikora egokitzeko asmoz». Sozietate zergan tasa orokorra lau puntu jaistea proposatu du, %28tik %24ra, eta gutxieneko tasak ere murriztu nahi ditu. 400.000 eurotik beherako kopuruetan, oinordetza eta emari zergarik ez ordaintzea proposatu du koalizioak, eta %0,8koa hortik gora. Errenta zergan, proposatu du %5,8ko deflaktazioa ezartzea, kapital irabazien gaineko tasak jaistea, pentsio planei %40ko kenkaria ematea, alokairu kenkariak handitzea...

Zergen jaitsieraren doinuak hainbat herritarren belarriak goxa ditzake, baina Navarra Sumak ez du argitu proposamen horrek zer kostu lukeen ogasunarentzat. Eskuineko koalizioaren diskurtsoan fiskalitatea gobernua higatzeko arma nagusi bihurtu da. Jarrera horrekin, baina, PSNtik aldentzen da; eta akordiorako EH Bilduren aukera baino ez dio uzten gobernuari, Geroa Bairen eta Ahal Dugu-ren lasaitasunerako.

Batzuen eta besteen arteko diskurtsoez harago, gaur, bozkatzeko orduan airean dago zer gerta daitekeen enpresen ondasunen zerga kentzeko lege proiektuarekin. EH Bilduk, Ezkerrak eta Navarra Sumak osoko zuzenketak aurkeztu dituzte. Proiektu horrekin eskuineko koalizioari keinu egin nahi izan zion gobernuak, baina, zuzenketari eusten badio, atzera bota daiteke, EH Bildu ere kontra baitago. Koalizio abertzalea neurri horren kontra egon da hasieratik, baina osoko zuzenketa batekin, akordio orokorra lortzea zaildu dezake. Joko horretan, pilota gobernuaren teilatu gainean dago. Egitasmo batek huts eginez gero, lehen porrota jasoko du, eta aurrekontuen eztabaidari begira, akordioa zaildu dezake.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mercedesen Gasteizko zuzendaritza gaur eseriko da sindikatuekin

Julen Otaegi Leonet

ELAk, LABek eta ESK-k eutsi egingo diete uztailaren 6ko, 7ko eta 8ko lanuzteei. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek gaur erabakiko dute

1991tik lehen aldiz, Alemaniak merkataritza defizita izan du

Berria

Inportatutako produktuen prezioak %30 baino gehiago igo dira urte hasieratik, eta horrek desorekatu du balantza
 ©Joxean Apeztegia

Atzeraldiaren hotsek oraindik ez dute eten langabeziaren apaltzea

Iker Aranburu

2.423 langabe gutxiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. Enplegua handitu egin da, baina aurreko urteko ekain gehienetan baino gutxiago. Mugagabeak dira kontratuen %27.

Mercedeseko langile batzordearen lehen lanuzte bateratua, ekainaren 22an. ©Jaizki Fontaneda /FOKU

Mercedeseko zuzendaritza bihar eseriko da sindikatuekin

Julen Otaegi Leonet

ELAk, LABek eta ESK-k uztailaren 6ko, 7ko eta 8ko greba egunei eutsiko diete. UGTk, CCOOek, Ekintzak eta PIMek bihar erabakiko dute deialdiei buruz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...