Apirilean 2023 eta 2024rako egindako aurreikuspenak berritu ditu NDF Nazioarteko Diru Funtsak, eta adierazi du orduan aurreikusitako ekonomiaren geldialdia motelagoa izango dela, eta inflazioa, berriz, espero baino azkarrago jaitsiko dela. Hala, 2023an munduko BPG barne produktu gordina %2,8 haztea espero zuten, baina Pierre-Olivier Gourinchas NDFeko ikerketa alorraren zuzendariak adierazi du %3 handituko dela. Hala ere, finantza sektorearen ezegonkortasunaren aurrean prestatzeko eskatu die herrialdeei, likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatuz.
Gourinchasen arabera, apirilean aurreikusitakoa gehien hobetu dutenak ekonomikoki garatuta dauden herrialdeak dira, %1,3tik %1,5era igo baitute horien hazkundearen aurreikuspena. Garapen bidean dauden ekonomien hazkundea, berriz, espero baino %0,1 handiagoa izango da, %4. Hala ere, herrialde horien 2024ko hazkunde aurreikuspenak okertu dituzte: %4,2tik %4,1era.
Euroguneko ekonomia 2023an %0,9 haztea espero du NDFak, baina 2024an hazkundea azkartu egingo da, %1,5era. AEB Amerikako Estatu Batuetan, berriz, alderantzizkoa izango da joera: espero du aurten %1,8 haztea, baina 2024an %1era jaitsiko da.
Gourinchasek adierazi du herrialde garatuen hazkunde ekonomikoa ohiko mailaren azpitik egotea inflazioaren aurkako neurrien gogortasunagatik gertatu dela, interes tasen igoera azkarra batez ere; uste du hori dela motelaldiaren arrazoi handienetako bat.
Garapen bidean dauden herrialdeen artean, Txinako ekonomia da nagusia, eta aurten BPGa %5,2 haztea espero dute; 2024an, ordea, %4,5. NDFk uste du Txinak pandemiaren ostean ekonomia ireki izanak hazkundea bultzatu duela, baina adierazi du hainbat arazo direla-eta erritmoa apaltzen ari dela.
Arazo handienetako bat higiezinen merkatuaren «etengabeko ahultasuna» da. Horrez gain, kanpoko eskariak ahul jarraitzen duela adierazi du NDFk, eta gehitu du gazteen langabeziak—%20,8— lan merkatuaren «makaltasuna» adierazten duela.
Inflazioaren bilakaera
Gourinchasen arabera, energiaren eta jakien prezioek «espero baino azkarrago» egin dute behera, eta hori ari da bultzatzen batez ere inflazioaren jaitsiera. Hala, uste du 2022ko %8,7ko inflazioa %6,8ra jaitsiko dela aurten, eta 2024an, berriz, %5,2ra. Hala ere, Gourinchasek adierazi du inflazioaren aurkako borroka oraindik irabazi gabe dagoela.
NDFren beste buruhausteetako bat azpiko inflazioa da —energiaren eta elikagaien prezioak kontuan hartu gabe kalkulatzen da adierazle hori—. Izan ere, inflazio orokorrarekin alderatuta, azpiko inflazioak «motelago» egingo du behera: 2022an %6,5, 2023an %6 eta 2024an %4,7. Azpiko inflazioak oso goian jarraitzen duten ekonomietako banku zentralei gomendatu die politika murriztaileekin jarraitzea, interes tasak goian mantenduz.
Silicon Valley Banken eta Credit Suissen krisiak 2008tik piztu gabe zeuden alarmak piztu zituen, eta hedabideetako tituluak beste finantza krisi baten hipotesiekin bete ziren. Erreskate azkarren bidez, egoera zertxobait konpondu zuten AEBek eta Suitzak, baina NDFk adierazi du antzeko zerbait berriro gertatzeko aukera dagoela, eta herrialdeei eta ekonomiei prestatzeko gomendatu die.
NDFk ohartarazi du antzeko gauzak gertatuz gero inflazioak gora egin dezakeela, eta likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatzeko eskatu die herrialdeei. Bestalde, finantza erakundeen ikuskapena bankuen arrisku mailaren eta tamainaren arabera moldatzeko gomendatu die.
NDF eta Europa
Nazioarteko Diru Funtsa gogor jokatzen ari da Eurogunearekin eta Europako Batasunarekin, joan den astean diru politika gogortzeko eta defizit publikoak jaisteko eskatu baitzion. Bestalde, EBZ Europako Banku Zentralari ere beste eskari bat egin zion: interes tasak gehiago igotzea.
Hain zuzen ere, bihar, ostegunean, Frankfurten (Alemania) bilduko da berriro ere EBZ, eta ziurrenik interes tasak beste %0,25 igoko ditu, %4,25era. Maiatzean, interes tasak %3,75era igo zituztenean, Christine Lagarde EBZko presidenteak adierazi zuen ez zirela azkeneko igoerak; beraz, aurreikustekoa da datozen hilabeteetan tasek berriro gora egitea.
NDFk diru erreserbak handitzeko gomendatu die herrialdeei
Likidezia azkar handitu dezaketen tresnak garatzeko eskatu die herrialdeei. NDFk adierazi du munduko ekonomia apirilean aurreikusi baino %0,2 gehiago handituko dela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu