NDFk «diru politika zorrotzak» eskatu ditu, inflazioak iraungo duelako

Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du arrisku geopolitikoak handitzen ari direla. Hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako apalenak dira

jokin sagarzazu
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
NDF Nazioarteko Diru Funtsak tonua gogortu du. Apirilean eta uztailean egindako iragarpenetan antzemandako lainoak beltzagoak dira orain. 2024rako munduko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena hamarren bat jaitsi du, %2,9raino, eta, epe motz eta ertainera begira, Txinako higiezinen krisia jo du arrisku nagusitzat. Halaber, ohartarazi du «tentsio geopolitiko eta klimatiko berriek» elikagaien, energiaren eta trantsizio energetikorako funtsezkoak diren beste lehengai batzuen prezioa garestitzea ekar dezaketela eta, beraz, inflazio handia izango dela aurrerantzean ere. Horri aurre egiteko «diru politika zorrotzei» eutsi beharko zaiela nabarmendu du.

Munduko aurreikuspen ekonomikoei buruzko txostenean, adierazi du aurtengo hazkundea %3koa izatea espero duela, uztailean esan bezala, baina hamarren bat jaitsi du 2024koa, %2,9raino. Hazkundea «egonkorra baina ahula» dela azpimarratu du. Txostenean, ez du kontuan hartu milizia palestinarren eta Israelen artean piztu berri den gerrak zer eragin izan dezakeen. Aurkezpenean, Pierre-Olivier Gourinchas ekonomialari buruak esan du «oso goiz» dela horren ondorio ekonomikoak ebaluatzeko.

NDFren arabera, pandemiaren, Ukrainako gerraren eta energia krisiaren ondorioetatik suspertzeko «erresilientzia nabarmena» izan arren, «ahula» da oraindik, eta herrialde batzuen eta besteen artean «gero eta alde handiagoak» daude. «Munduko epe ertaineko hazkunde iragarpenak azken hamarkadetako txikienak dira, eta ez dirudi herrialdeetako bizi maila hobetuko denik. Balantzak okerreko aldera makurtuta jarraitzen du».

AEBen aurreikuspenak hobetu ditu, inbertsioak eta kontsumoa espero baino azkarrago berreskuratu baitira: hazkundea aurten %2,1ekoa izango dela dio, uztailean baino hiru hamarren gehiago, eta 2024an %1,5ekoa, bost hamarren gehiago.

Eurogunean, aldiz, aurreikuspenak okertu ditu, Ukrainako gerraren eta krisi energetikoaren eraginak handiagoak direlako. Ekonomia 2023an %0,7 haziko dela dio eta 2024an %1,2, uztailean uste baino bi eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Azpimarratu du, halaber, eurogunean aldeak daudela herrialdeen artean. Alemaniak aurten %0,5eko «uzkurdura txikia» izango duela dio, aurreikusi baino bi hamarren handiagoa. Aldiz, Espainia %2,5 haziko da, Frantzia %1 eta Italia %0,7.

Txinako krisia

Txinaren aurreikuspenak ere okertu ditu, etxebizitzen merkatuaren krisia dela eta. NDFren arabera, horrek herrialdearen hazkundea %5era mugatuko du aurten, eta % 4,2ra 2024an, uztailean esan baino bi eta hiru hamarren gutxiago, hurrenez hurren. Gourinchasen arabera, arazo horrek agintarien «erantzun irmoa» eskatzen du.

Izan ere, NDFren irudiko, krisi hori da ekonomia globalerako arrisku nagusia, eta ohartarazi du horren zabaltzeak lehengaien prezioen aldakortasunean ere eragin dezakeela.

Horrekin batera, munduko ekonomiari eragiten ari zaizkionbeste gertaera batzuk aipatu ditu. Gourinchasek. Gogorarazi duenez, ekainaz geroztik petrolioaren prezioa %25 inguru igo da, LPEE+eko herrialdeen murrizketaren ondorioz. Era berean, azpimarratu du «zatiketa geoekonomikoak» lehengaien prezioen igoera eragiten ari direla, mineral kritikoena bereziki. «Horrek arrisku makroekonomiko larriak ekar litzake etorkizunean, trantsizio klimatikoan barne». NDFko ekonomialari buruak elkarlanerako mezua bidali du.

Bi abiadurako inflazioa

Horrez gain, oso kezkatuta agertu da inflazioa aurten izaten ariden bilakaerarekin. Munduan, %6,9ra jaistea aurreikusten du, eta datorren urtean %5,8ra. Beheranzko bidean jarraitu arren, uztailean esan baino okerragoa da: sei hamarren handiagoa.

Aipatutako «arriskuak» direla eta, azpiko inflazioa murrizteko prozesuak denbora gehiago beharko du, eta kasu gehienetan 2025era arte ez da lortuko banku zentralek jarritako helburuak betetzea. «Oraindik ez gara puntu horretara iritsi. Diru politikak zorrotza izan behar du aurrerantzean ere».

NDFk azpimarratu du herrialde askok oso tarte eskasa dutela arazoari aurrekontuen bidez aurre egiteko, zorpetze maila handiak dituztelako. Eta, abuztuko txosten batean azaldu zuen moduan, energiarako laguntzak zaurgarrienentzat mugatu behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.