NDFk maileguak emango dizkie Hungariari eta Ukrainari

Pakistanek eta Bielorrusiak ere elkarrizketak hasi dituzte laguntza ekonomikoa lortzeko

Ivan Santamaria.
2008ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Agertokira itzuli da NDF Nazioarteko Diru Funtsa. Finantza krisiaren unerik gogorrenetan ez esku hartzea kritikatu zaion arren, finantza erakunde multilateralak maileguen bidea ireki die ondorioak pairatzen hasi diren herrialdeei. Azkenak Europako ekialdean daude, eta Ukraina eta Hungaria dira.

Azken urteotan bazkide ezerosoa izan da NDF. Hego Amerikan edo Asian erakundearen politikak zorrotz bete arren amildu ziren herrialdeen -Argentina, esaterako - oroitzapenak pisu handia du. Laguntza beste nonbait lortzen saiatu badira ere, dirua eskas dago egun, eta NDFren eskua hartu zuen lehen herrialdea Islandia izan zen. 1976. urtetik NDFren mailegua hartu duen mendebaldeko lehen herrialdea izan da, 1.675 milioi eurokoa.

Ukrainari dagokionez, laguntza kreditua 13.185 milioi eurokoa izango da, NDFk adierazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, «konfiantza eta ekonomia eta finantza egonkortasuna bermatzea» da maileguaren helburua. Finantza merkatuen ekaitzak Ukrainako burtsari, bankuei eta diruari -hrivnia- kalte egin die.

Bestalde, Hungariari zenbat diru emango zaion datozen egunotan jakinaraziko dute. Kasu horretan, NDFz gain, Europako Batasunak, zenbait gobernuk, eta beste erakunde multilateral batzuek parte hartuko dute finantzaketan. Hori dela eta, maileguaren kopurua orain arte onartu direnen artetik handiena izatea espero da.

Beste zenbait herrialderekin ere elkarrizketak martxan jarri ditu Nazioarteko Diru Funtsak. Pakistan eta Bielorrusia dira, uneotan, negoziatzen ari direla jakinarazi duten gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.