Europako ekonomia ez ezik, mundukoa ere bi abiaduratan hazten ari dela egiaztatu du NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Herrialde aberatsek, oro har, hazkunde zalantzatiari lotutako arazoei aurre egin behar diete, eta gora datozen herrialdeek, berriz, «gehiegizko berotzeari» adi egon behar dute eta bereziki zaindu behar dute eskari handiak elikagaien prezioan eragindako igoera, biztanle pobreenentzat oso kaltegarria izan daitekeelako.
Munduko ekonomiari urtean bi aldiz ematen dion gainbegiratuaren emaitzak aurkeztu zituen atzo NDFk Washingtonen. Honako hauek dira puntu nagusiak:
1. Bi abiadura
Aurretik egindako iragarpenei eutsi die NDFk, eta iragarri du munduko BPG barne produktu gordina %4,4 igoko dela aurten eta %4,5 datorren urtean. Aurreikuspen horien fidagarritasunazurrian baino ziurrago dagoela nabarmendu du, batez ere herrialde aberatsak berriro atzeraldian sartzeko arriskua jaitsi delako. Herrialde horietan, hain zuzen ere, %2,5 inguruko hazkundea espero du NDFk, eta batez beste %6,5ekoa gorabidean dauden herrialdeetan eta pobreetan.
2. Europa, hotz
Herrialde aberatsen batez bestekoaren nahiko azpitik geratuko da euroaren eremua: iazko %1,7ko hazkundeari, %1,6koak jarraituko dio aurten eta %1,8koa 2012an. Kopuru horietan egongo da Frantzia, gainetik Alemania (%2,5 eta %2,1) eta azpitik Espainia (%0,8 eta %1,6). Madrilgo gobernua «gauza zuzenak egiten ari den arren» herrialdea «ongi egoteko» hainbat urte beharko dituela uste du NDFk. Atzeraldian jarraituko dute Portugalek eta Greziak, eta hazkunde txikira itzuliko da Irlanda. NDFk «gurutze bide batean» ikusten du eurogunea. «Arrisku subiranoak partekatzeak sortutako tentsioak gorabehera, euroak sostengu zabala du oraindik. Baina zerga politika bateratuagoa lortzeko urrats izugarri bat egin ezean, eta finantzak egonkortzeko erantzukizuna partekatu ezean, hurrengo krisietan agian sostengu txikiagoa izango da».
3. Gora datozenak, bero
Europan edo AEBetan ez bezala, gorabidean dauden herrialdeetan krisiak ez duela «ondorio iraunkorrik» sortu uste du Olivier Blanchard-ek, NDFko ekonomistaburuak. «Esportazioek beriro gora egin dute, eta kanpo eskarian galdutakoa berdindu du barne eskariaren handitzeak». Horregatik, arazoa bestelakoa da: «Nola eragotzi ekonomiak gehiegi berotzea». Bi neurri proposatu ditu oraingo inbertsio kopuru handiak burbuila sor ez dezan:interes tasak igotzea eta kapitalari mugak jartzea. Ohikoa den legez, Txinak izango du hazkunde tasa handiena aurrerantzean ere (%9,6 aurten eta %9,5 2012an), baina gertu izango du India ere (%8,2 eta %7,5). Asiako hego- ekialdeko dragoiak (Indonesia, Malaysia, Vietnam, Filipinak eta Thailandia), Brasil, Mexiko eta Errusia %4tik gora haziko dira, eta hazkunde tasa handiei eutsiko diete herrialde pobreenek ere: %5,5 haziko da aurten Saharaz azpiko Afrika, eta %4,7 Latinoamerika eta Karibe.
4. Lehengaien arriskuak
Libiako eta beste herrialde arabiarretako matxinadek petrolioa garestitzen lagundu badute ere, petrolioaren beraren, janarien eta beste lehengaien igoeraren arrazoi nagusia eskariaren handitzea dela dio NDFk, hain zuzen ere, gorabidean dauden herrialdeen kontsumoak presio egiten duelako, eta lehengaiak berriro finantza merkatuen interesekoak bilakatu direlako. Herrialde aberatsetan inflazioak ondorio txikiak izango dituela uste du, baina besteetan «erronkak handiagoak» direla. «Mehatxu bat da familia pobreentzat eta tentsio sozioekonomikoak areagotzen ditu, bereziki Ekialde Hurbilean eta Afrikako iparraldean». Horregatik, NDFk dei egin die gorabidean edo garatzen dauden herrialdeetako gobernuei laguntza zehatzak emateko «elikagaien prezio handien aurka borrokan ari diren familia pobreei laguntzeko».
NDFk onartu du elikagaien garestitzea arriskutsua dela familia pobreentzat
Atzeraldian erortzeko arriskurik ez du ikusten, eta gehiegi ez berotzeko neurriak eskatu dizkie gorabidean daudenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu