Trantsizio ekosoziala «funtsezko gaia» da ELArentzat. Bide horretan segitzeko, negoziazio kolektiboan neurri zehatzak hartzeko eskatuko du aurrerantzean ere, iazko ekainaren 18an iragarritakoari jarraituz. Besteak beste Bizkaiko garbiketan eta Gipuzkoako egoitzetan adostutako lan hitzarmenetan, horrekin zerikusia duten klausulak txertatu ditu sindikatu hark, eta kolektibitateen sektorean ere —eskola publikoetako jantokietan— lanean ari da etorkizuneko negoziazioetarako. Horrela jaso dute gaur aurkeztutako txostenean.
Aste hasieran egindako XVI. kongresuan onartutakoari jarraipena emateko, gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, eraldaketa ekosozialerako bidean sakontzeko txosten bat aurkeztu du ELAk. Izan ere, «krisi ekologikoak aldaketa ekarriko du ekoizpen, mugikortasun eta kontsumo ereduan, eta horrek zuzenean eragingo dio enpleguari», Ainhara Plazaola sindikatu hartako ingurumen arduradunak ohartarazi duenez.
Langileekin aldez aurretik adostuta, aurrerantzean ere ingurumen adierazleak hobetzea, karbono aztarna murriztea eta mugikortasun planak egitea exijituko du; baita informazio eskubidea eta ingurumen ordezkariak izendatzea ere. ELAren helburua «irtenbide justua» ematea da: «enpresaren jarduera eraldatzea, langileak beste jarduera batzuetako postuetan jartzea eta diru sarrera duinak bermatzea».
«Gobernuek politika ekonomikoa eta industriala zuzendu behar dute, eta jarduera sozialki onuragarriak sustatuz»
AITOR MURGIA ELAko Azterketa Bulegoko arduraduna
Baina ELAk zehaztutako ibilbide orriak bi norabide ditu: negoziazio kolektiboan neurri zehatzak hartzeaz gain, gobernuei eta administrazio publikoei lege aldaketa sakonak egiteko eskatu die, eta aurrekontu baliabide nahikoa jartzeko. «Gobernuek politika ekonomikoa eta industriala zuzendu behar dute, eta jarduera sozialki onuragarriak sustatu, herritarrentzat baliagarriak izango direnak eta ingurumen inpaktu txikiagoa izango dutenak», Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak adierazi duenez.