Arabiarrak inbertitzeko prest

Negozio aukera berrien bila

Saudi Arabia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak bizkor eta asko ari dira hazten, eta edozein enpresarentzat tentagarriak diren proiektuak dituzte eskuartean, datozen urteetarako

2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Herrialde arabiarretatik Euskal Herrira diru freskoa datorren bezala, enpresa proiektu interesgarriak doaz hemendik hara. Datozen hogei urteetan proiektu erraldoiak gauzatu nahi dituzte Saudi Arabian , Qatarren eta Arabiar Emirerri Batuetan, eta hemen gauzak nola doazen ikusita, merkatu hartara jauzi egitea erabaki dute batzuek. Sektore estrategikoetako proiektuak dira gauzatu nahi dituztenak:azpiegitura, banaketa eta logistika, osasuna, hondakinen kudeaketa, eraikuntza, turismoa, energia berriztagarriak... Hiru plan dituzte paperean —Doha 2020, Dubai 2025 eta Abu Dhabi 2050— eta 3.000 bilioi dolar baino gehiago diru zorroan. Emirerriek datozen urteetarako dituzten hazkunde aurreikuspenak ere tentagarriak dira edozein enpresarentzat. Krisia antzeman dute, baina baita gainditu ere. Arabiar Emirerri Batuak %2,6 inguru haziko dira aurten hango gobernuaren esanetan; Qatar, berriz, %10etik gora, krisia gainditzeko plan berezi baten ondorioz.

Carmelo Hernandok ondotxo daki zer den Euskal Herritik Qatarrera esku hutsik joan eta han negozio bat martxan jartzea. Zazpi urte dira hori egin zuela eta ez da damutzen orduan hartutako erabakiarekin. Iritsi eta hurrengo bi urteetan besterentzat aritu zen lanean, baina diru pixka bat egin zuenean, aholkularitza enpresa bat jartzea erabaki zuen, kanpoko enpresei han ezartzen lagunduko zien enpresa bat, hain zuzen: B2B21.

Hernandoren esanetan, «atzerritik datozen enpresentzat ezinbestekoa da laguntza, hemengo sistema nahikoa berezia baita». Enpresek ez dute ia zergarik ordaintzen: ez dago sozietate zergarik, ez errentaren gainekorik, ez dago balio erantsiarenik... soilik petrolio enpresek, kimika enpresek eta bankuek ordaintzen dituzte zergak. Horrenbestez, han enpresa bat martxan jarri nahi duen atzerritarrak bertako bazkide bat topatu beharko du halabeharrez. Geratzeko joaten diren enpresak bakarrik nahi dituzte hango gobernuek, eta hango bazkidea izatea hori ziurtatzeko bitartekoa da. Ez dituzte nahi sortutako aberastasun guztia sorterrira daramaten atzerritarrak.

Bost urteotan Hernandok hamaika enpresari lagundu die han instalatzen. Egun hamabost bat eskaera ditu eskuartean, denak Arabiar Emirerri Batuetarako. Enpresa horietako gehienak bizkaitarrak ei dira, eraikuntzako materialak ekoizten dituztenak, teknologia sektorekoak, errealitate birtualari lotutako jarduerak garatzen dituztenak, aeronautika sektorekoak eta autogintzakoak. «Italiako bost janari enpresei eta Koreako bi eraikuntza enpresen proiektuak ere baditugu eskuartean».

Bere lana bi fasetan gauzatzen duela dio Hernandok. «Lehendabizi, bazkidea bilatzen diogu, herrialdeari buruzko informazio pribilegiatua emango dion bazkide hori. Hori da gakoa, kontakturik, harremanik ez baduzu, galduta zaude hemen». Behin bi bazkideak harremanetan jarrita, haien lanaren jarraipena egiteaz arduratzen da Hernando.

Une hauetan eskuartean duen proiektuetako bat Epsilonena da, eta datozen hilabeteetan berriak egon daitezkeela uste du. «Proiektua ikusgarria da, baina finantzatzeko dirua behar du. Ideia da inbertsiogile arabiar egoki bat atzematea, eta kapitala jartzearen truke, dena utzi eta hona etorriko litzateke Epsilon».Graduondokoa han emango luke eta Arabako Parke Teknologikoan duen egoitza ere hara eramango luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.