Nekazariak, oso kezkatuta

Lehortea inoiz baino goizago etorri dela diote baserritarrek, abeltzainek eta artzainek; ondorioz, dagoeneko hainbat ekoizpen galdu eta bazka gutxiago dutela ohartarazi dute

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Egoera momentu honetan baserritarrentzat larria da, lehortea aurten inoiz baino lehenago iritsi baita». Hala diote nekazaritzako sindikatu guztiek. Azken asteotan ez du euririk egin, eta tenperatura altuak izan dira. Belardiek eta soroek orain eman behar zuten ekoizpen gehiena, baina ez da halakorik gertatu. Daniel Barberarena ELBko kide eta laborariaren esanetan, laborariek belar gutxiago egin dute, eta hainbat produkzio dagoeneko galtzen ari dira: «Arto goiztiarrak, iaz bezala ongi heldu dira, baina maiatzaren 10ean ereindakoak nekez heldu dira».

Gipuzkoako EHNEko presidente Eneko Karrerak azken urteotako lehorteei erreparatu die. Oso gogorrak izan ziren eta «izugarrizko galerak» eragin zituen nekazaritzan. «Oraindik goiz da esateko aurten galerak zenbaterainokoak izan daitezkeen, baina horrela jarraituz gero, urterik txarrena izango da nekazaritzarako». Gainera, Karreraren hitzetan, udaberria inoiz baino lehorragoa izan da, eta horrek iturriak lehortzea eragingo luke. «Iaz iturriak ondo mantendu ziren, neguan elur eta euri asko egin zuelako; baina, aurtengo neguan gutxiago egin du». Gainera, nabarmendu duenez, belardiak iaz baino lehenago lehortu direnez, janari falta lehenago iritsiko da. Baserritarrak jada neurriak hartzen hasi direla dio: «Baserritarrak belar kopurua galdu du, eta ganadua elikatu behar duenez, janaria erosten hasi da».



MENDI LARREAK. Santos Galdeano Urbasa eta Andian (Nafarroa) lan egiten duen abeltzaina da, eta ingurua oso lehor dagoela dio. Euririk egiten ez badu, egoera oso ilun ikusten du. «Nik 25 behi ditut, eta euririk egiten ez badu, kalteak handiak izango dira. Ura bukatzen ari da, eta animaliek jan ez ezik, edan ere egin behar dute».Ur zisternak jartzekotan dira. Baina horrelako neurriek ez diotela bermerik ematen aitortu du, ezin baita abereen erantzuna nolakoa izango den jakin.

Dena den, bere iduriko, lehorteak abereen bazkan duen eragina, kalteen parte bat besterik ez da. «Honek lanean, bizi kalitatean, abereen ugalketan, ernalkuntzan... denean du eragina».

Joseba Insausti Aralarreko artzaina ere kezkatuta dago. Aurten ardiak lehenago jaistea erabaki du. Ordizikoa (Gipuzkoa) da bera, eta orain dela bederatzi urte hasi zen artzain lanetan. 375 ardi ditu. «Oso kezkatuta nago. Hiru urte daramatzagu uda partean lehorte handiekin, baina aurten bezain goiz ez zaigu inoiz tokatu. Gainera, azken 10 egunetan mendian hego-haizea dabil». Hego-haizeak askoz gehiago lehortzen ditu bazterrak. Mendi larreak hondatuta daude, hori-hori. Aurreko urteetan, horitzen Sanferminen inguruan hasi zirela dio. «Udaberria, zorionez, nahiko ona izan zen, eta mendia nahiko ondo jantzi zen. Belarra horitu den arren, alimentu handia du. Arazoa euria egiten duenean sortuko da, belar horia usteldu egingo delako, eta egun batzuetan, ardiek belar ustela jan beharko dutelako».

Gainera, gaztaiak hondatzen ari zaizkiola dio, batez ere azken 10 egunetan egindakoak. «Txabolan bero egiten du, eta berotasun hori txarra da gaztarentzako. Airean ere hauts asko dago; ardiek ilean hauts asko daukate. Hauts hortan espora batzuk egoten dira, gaztari kalte egiten diotenak».

Ardiak estaltzeko garaia da orain, eta horrekin ere kezkatuta dago. Aurreko lehorteetan arazoak izan zituztela dio. «Lehen egun gutxitan artalde osoa estaltzen zen; baina azkeneko urteetan estalaldia atzeratu egin da, eta gainera, ez ziren denak estali. Pixkanaka estaltzen joan ziren, eta erditzeak ere pixkanaka etorri ziren».

Neguko erreserbak gordetzeko garaia ere bada orain. Joseba Insausti laster hasiko da belarra sartzen. Aurten, ordea, oso belar gutxi atera dela dio: «Dagoen apur hori moztu egin behar da eta lanaberdin-berdin emango dit». Azkeneko hiru urteetan belarra erosi behar izan du neguari aurre egiteko. «Uda normalak egin dituenean, ez nuen ezer erosten. Aurten ere erosi egin beharko dut». Negua ondo pasatzeko 100dik gora belar bola behar ditu. Iaz 75 egin zituen, eta, horrez gain, 10.000 kilo alpapa erosi behar izan zituen.



Testu hau egiten Aitor Renteria eta Beñat Egues kazetariek lagundu dute.





############



Udaberriko lehortea,

lehorte bikoitza

Lurra oso lehor dago jada, eta, tenporen arabera, udako lehen zatia ere nahiko lehorra izango da
UNAI ZUBELDIA

Donostia

Euskal Herriaren hegoaldean dabilen borraska txiki batek bizpahiru egunetan euri apur bat utziko du. Zaparradaka. Atzo ilunabarrean jada trumoi lainoek euri tanta mardulen bat edo beste utzi zuten, eta bihar arte busti puntu bat izango du eguraldiak. Gaitzerdi. «Azken 16 egunak ia tantorik gabe joan dira». Pello Zabalaren datuak zehatzak dira. «Apirilaren 21ean 30 litro bildu genituen; ordutik 50 egunean 49 litro besterik ez». Lehorte handi samarra dagoen seinale.

«Aurreko urteetan 15 eguneko lehorteak bai, baina hainbestekorik ez da izan». Euria urri, tenperaturak altu, hezetasunik apenas, eta urte sasoi honetarako lurrak lehor. Oso lehor. «Txarrena da lehortea garaiz kanpokoa dela. Udaberriko lehortea lehorte bikoitza izaten da. Hala ere, datozen 40 egunetarako, lehorretik jarraituko duen arren, zaparrada batzuk botako ditu». Zaparrada horien beharrean izango dira Nafarroan. Izan ere, atzo arratsaldean sua piztu zen bertan.Piztu, Sofuentesen (Aragoi, Espainia) piztu zen sua, baina ekialdeko haizearen eraginez, Nafarroaraino iritsi zen. Helikopteroekin, autoponpekin eta hegazkin batekin sua kontrolatu nahian zebiltzan, oraindik, iluntzean.

Goiz hasi dira suteak. Horretan ere aldaketa nabari da. Zabalaren hitzetan, ordea, landareek salatzen dute argien eguraldiaren aldaketa. «Lehen ezki lorea abuztuan biltzen zen; orain jada loretan dago. Basakanak lehen irailean biltzen genituen; orain abuztuan... Zerbaiten seinale da hori».

Lurra kexatzen hasi da. Egarrituta, itota dago. Lehortasunak aztoratuta, asko jarri dira udako tenporei begira. Larunbat gauerdiko haizeari begiratzen zioten batzuek lehen. Beste batzuek asteazken, ostegun eta larunbatekoari. Bizkaian eta Zuberoan, berriz, aste osokoari... Pello Zabalak azken aukera horren aldeko hautua egin zuen iaz. «Besteek batzuetan akatsa izaten dute». Akatsaren adibidea bukatzen ari den udaberri honetan dago. Izan ere, udaberriko tenporei begiratuta, larunbatekoa soilik aintzat hartuta, udaberri guztirako iparra genuen. «Eta iparrak izan zuen bere aldia. Martxoko ilargiak 95 litro bota zituen, apirilekoak 110, baina maiatzekoak 9 besterik ez. Koska hori tenporen bigarren asteak iragarri zuen». Zabalak antzeko iragarpena egin du udako tenporekin. «Lehengo astetik aldaketa iragarri dute igande, astelehen, astearte eta asteazkenak. Barnealdean eta kostaldean azken bi hilabeteetan ez bezala behe laino pixka bat izan dugu».

Horren jakitun, udako lehen zatian euri konturik izatekotan trumoiak jo zain egon beharko dugula dio Zabalak. «Espainiatik etorritako lainoek zenbat euri uzten duten... Ez da asko izango». Bigarren zatiari begiratu nahiago du. «Itsasoko haizea sartuko denez, goizean behe lainoa eta arratsaldean ekaitza sortuko da tarteka. Udako lehenengo zatia bero aldetik sanoagoa izango da; bigarrena ustelagoa».



LAINOTUTAKO EGUNEN ESPEROAN. Lehorte honi nola aurre egin? Zabalak ekaitz erauntsiei ez, lainotutako egunei begiratu die. «Ilargi aldi batek ekaitzetan botatako 200 litrok ez dute balio. Baina lanbro lainoa sartzen bada, horrek dezente uzten du basoan. Hosto handia daukate zuhaitzek, eta bakoitzak tanto dezente jeizten dizkio lainoari. Horrek lurra ongarritu egiten du. Udan egun zikin, laino egun dezente izango dira. Landareek horri etekina aterako diote, nahiz eta gure neurgailuetan ez den agertuko».

Urtegiak ere beroaren eta euririk ezaren adierazle argiak izan ohi dira. Orain ere hala dira. Izan ere, orain urtegietan dagoen ur maila iazkoarekin alderatuta aldea nabarmena da; Araban eta Nafarroan, bereziki: Irabian (Nafarroa), esaterako, iaz %50eko mailan zegoen; aurten %28,57an. Allotzen (Nafarroa) iaz %83,08an; aurten %72,31n. Urrunagan ere (Araba) iaz %84,72an; aurten %68,06an. Adibideak besterik ez dira.

Lehortearen ondoren, euria pozgarri dio esaera zaharrak. Baserritarren, artzainen, urtegien, basoen, mendien, ingurumenaren onerako hala izango ahal da.





############



Erakundeek oraindik neurriak hartzeko goizegi dela diote

a. solaberrieta /b. egues

Donostia

Nekazaritzako sindikatuek neurriak hartzeko garaia dela dioten arren, erakundeek goizegi dela diote. Rafael Gurrea Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Kontseiluko gabinete buruaren esanetan, oraindik goiz da balorazio bat egiteko. Dena den, erne egoteko unea dela aitortu du: «Udaberrian euria egin zuen, baina orain berriz lehor dago dena, eta begiak irekita izan behar ditugu. Lehortea azken urteetan joera bilakatu ote den aztertu behar da». Mendi inguruak kezkatzen dituela aipatu du. «Udaberrian ondo egon diren arren, udak ez du horren itxura onik... Hala ere, oraindik ez dugu diru laguntzarik ematea pentsatu».

Eusko Jaurlaritzak ere ez du neurririk aurreikusi oraingoz. Dena dela, aurtengo laguntzak iazkoaren antzekoak izango direla aurreratu du Nekazaritza Sailak: «Lehorteak azpisektore bakoitzean eragin ditzakeen kalteak aurrerago ebaluatuko ditugu». Edozein kasutan, Europako Batasunak zehazten dituen baldintzen arabera banatuko ditu laguntzak: lehorteak labore edota jarduera bakoitzean eragindako galerak %20koa baino handiagoa izan behar du. Urtero hiru milioi euro inguru bideratzen ditu lehorteak eragindako kalteak arindu ahal izateko.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan laguntzak eskuratzeko txostenak bete beharko dituzte, baina ordaina hartzeko luze igurikatu behar dute. Joan den astean eskuratu dituzte joan den urtekoak. Laguntzak kabalen arabera banatzen dituzte, hots, abere bakoitzak jaten duenaren arabera: 0,14 zentimo janari unitate bakoitzeko.





############





«Horrela jarraituz gero urterik txarrena izango da aurtengoa nekazaritzarako»

eneko karrera
EHNE-ko Gipuzkoako presidentea
«Azkeneko urteetan estalaldia atzeratu egin da, eta, gainera, horietan ez dira ardi guztiak estali»

joseba insausti
Aralarreko artzaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.