Nekazariek protesta handi bat antolatu dute Estrasburgon, hilaren 20rako

Europako parlamentariei eskatu diete ahal duten guztia egiteko EB-Mercosur akordioa blokeatzeko. Eusko Jaurlaritzak ituna babestu du, baina «arriskuak saihesteko» eskatu dio Madrili.

Frantziako Asanblea Nazionalaren aurrean laborariek gaur egindako ekintza. TERESA SUAREZ / EFE
Frantziako Asanblea Nazionalaren aurrean laborariek gaur egindako ekintza. TERESA SUAREZ / EFE
jokin sagarzazu
2026ko urtarrilaren 13a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laborariek ez dute etsiko, eta Europako Parlamentura eramango dituzte EBren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioaren aurkako protestak. Copa-Cogeca Europako Batasuneko nekazari elkarteen eta kooperatiben erakunde nagusiak Frantziako sindikatuek egindako proposamenarekin bat egin du, eta manifestazioa antolatu du Estrasburgon (Alsazia, Frantzia) urtarrilaren 20rako. Europako Parlamentuari eskatuko dio akordioa blokeatzeko eskura dituen bitarteko guztiak erabiliz: itunaren aurka bozkatuz testua parlamentura iristean, edo auzitara joz. «Orain eurodiputatuen txanda da; hitzez nekazariei ematen dieten babes hori egiazkoa dela erakutsi behar dute, eta Europako elikadura segurtasuna bermatu».

Erakunde horretan biltzen diren taldeen iritziz, EBren eta Mercosurren arteko itunak kalte handia egingo dio Europako lehen sektoreari eta bereziki haren lehiakortasunari. Salatu dute Latinoamerikako ekoizleek ez dituztela bete beharko beraiek dituzten araudi fitosanitario eta kalitate estandar berberak, eta horrek lehia desleiala sorraraziko duela, inportatutako elikagaiak bertakoak baino nabarmen merkeago salduko direlako Europan. Horretaz jakitun, Bruselak babes neurri batzuk sartu ditu akordioan, produktu jakin batzuen inportazioak mugatu ahal izateko edota muga zergak berriz jartzeko, kaltea handiegia dela irizten badio. Hala ere, laborarien ustez, neurri horiek ez dira nahikoak.

Akordioa «garai zail» batean iritsi dela nabarmendu dute, eta babes handiago behar dutela. «Oso garai zaila bizitzen ari gara EBko zereal eta haragi ekoizleok. Prezioen espiral batean harrapatuta gaude, ongarrien eta bestelako intsumoen kostuak handitu direlako eta diru sarrerak gutxitu direlako». Gaineratu dute lehen sektorerako diru laguntzak «murrizten» ari direla eta, aldi barean, araudi eta burokrazia «geroz eta zorrotzagoei» aurre egin behar dietela. Ohar argia bidali dute: «Europako Batasuneko erakundeek ez badituzte ezartzen sektorearen lehiakortasuna eta erresilientzia benetan hobetuko dituzten neurri zehatzak, mobilizazioek aurrera jarraituko dute».

Ostegunean, Irunen

Euskal Herriko laborariak ere protestan aritu dira egunotan. Gaur, 50 traktore aparkatu dituzte A-1 autobidean, Durruma parean (Araba), Ataca Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkarteak deituta. Bezperan, Ertzaintzak antzeko ekintza bat egitea galarazi zien, segurtasun arrazoiak tarteko. Parte hartzaileek adierazi dute badutela «itxaropen apur bat» Europako Parlamentuak azkenean ez duela akordioa berretsiko. Ez dute argi mobilizazioekin aurrera jarraituko duten ala ez, eta nabarmendu dute herritarren babes handiagoaren falta nabaritu dutela.

Ipar Euskal Herrian, berriz, atzo eten zituzten protestak. Ostiraletik A63 autobidea blokeatzen aritu ziren A63ko ultrak deiturikoek errepidea utzi zuten, eta, ondoren, ELB, Confederation Paysanne eta Modef sindikatuetako laborariek Baionako portua blokeatu zuten zenbait orduz.

Ostegunean, berriz, Hego Euskal Herriko laborari elkarte nagusiek mobilizazioa egingo dute Irungo mugan (Gipuzkoa). EHNEk, ENBAk eta UAGNek deitu dute protestara, eta Nafarroako Semilla y Belarra elkarteak bat egin du deialdiarekin.

Jaurlaritza «adi»

ELAk ere «irmoki» gaitzetsi du EBren eta Mercosurren arteko akordioa. Salatu du ituna «enpresa multinazional handien mesederako» dela, «krisi klimatikoa areagotzen» duela eta «mehatxu» bat dela Euskal Herriko lehen sektorerako. Sindikatuaren arabera, «esportaziora bideratutako nekazaritza industriala» sustatzen du, eta kalte larria eragiten dio tokiko eta ekoizpen estentsiboan oinarritutako ereduari.

ELAren ustez, akordioak modua emango dio Europari balio handiko produktuak esportatzeko, «baliabide natural merkeak» inportatzeko eta, hala, «Europako korporazio handiak hornitzeko». Sindikatuaren ustez, Europak inportatuko lituzkeen baliabide natural horiek «baldintza sozial eta ingurumen baldintza askoz prekarioagoetan ekoiztu dira».

Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu du ELAk. Haren iritzian, «kontraesankorra da EB-Mercosur akordioa babestea eta, aldi berean, zero kilometroko elikagaien eta trantsizio ekologikoaren alde mintzatzea».

Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, Espainiako Gobernuari eskatu dio mugako kontrolak indartzeko eta lehen sektorerako laguntzak eta konpentsazio neurriak indartzeko. Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritza «zuhur eta erne» ibiliko da, eta akordioaren aplikazioari erreparatuko dio. Uste du «aukera berriak ireki» ditzakeela euskal produktuentzat, hala nola jatorri izena duten ardoentzat eta gaztentzat. Hala ere, ohartarazi du «arriskutsua» izan daitekeela behi haragiaren, zerealen eta azukrearen sektoreentzat, eta ziurtatu du adi egongo dela akordioan aurreikusitako babes klausulak benetan aplikatzen diren ala ez egiaztatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.