Hegazti gripea dela eta, nekazaritza erakunde nagusiek bi eskakizun egin dizkiete euskal administrazioei: ustiategien funtzionamendua hankaz gora jar dezaketen «neurri politikoak» ezartzeari uzteko eta zorroztasun zientifikoarekin jokatzeko. Halaber, «harrituta» daude administrazio horiek uko egin diotelako gaia haiekin batera aztertzeari. Aurrez egindako bileretatik kanpo utzi dituzte, eta haietan hartutako neurriak ez dizkiete ofizialki jakinarazi.
Ohar baten bidez, ENBAk, EHNEk eta UAGAk azpimarratu dute haien ekoizpen sistemako ustiategiei eragiten diela gutxien hegazti gripeak. «Gripeak erasandako ustiategien %90ek baino gehiagok ziklo konfinatua dute, eta haien instalazioetan aireztapen behartuko sistemak dituzte. Aire bolumen handi horrek eta hegazti kontzentrazio handiek erraztu egiten dute gaitzaren anduiek mutazioak izatea, eta, horren ondorioz, hegazti gripeak inpaktu handia izaten du».
Aldiz, «Euskadin ustiategi gehienek landa ekoizpeneko sistema estentsiboak eta ekologikoak dituzte», azaldu dute. «Oiloak kanpora ateratzea bermatzen da, eta horrek aukera ematen die beren ekoizpen zikloaren garapen naturalago bati eusteko».
Esplikatu dute ere gaixotasunaren arriskuak gutxitzeko neurri batzuk «aspalditik» dituztela ezarriak sistema estentsiboko haztegietan: «hala nola hegaztiak etxaldeen barruan elikatzea, aire zabaleko ur biltegietako ura ez baliatzea, kanpoko pertsonak haztegietara sartzen ez uztea eta, sartuz gero, arropa eta oinetakoak aldatzea».
Sareak jartzea, bideraezina
Hegaztizainen aburuz, konfinamenduak bestelako gaixotasun batzuk izateko arriskua areagotuko luke —pododermatitisa, elkarri mokoka egitea eta estres arazoak— , barrualdera ohitu gabeko landa arrazak daudelako, eta konfinamenduak haztegiaren garbiketa zailduko lukeelako.
Horrez gainera, erakundeek uste dute belardietan sareak jartzea bideraezina dela: «batetik, kostua handia delako eta eguraldi baldintzek zaildu egiten dutelako halakorik jartzea —haizea eta abar—, eta, bestetik, segan jardutea eta traktoreen lana oztopatuko lukeelako».