Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Ekonomia

Neurri ekonomikoak. Dike bat bi krisiren aurka

Pandemia batek eta gerra batek baldintzatu dute azken legegintzaldia, eta horien ondorioei aurre egiteko berehalako eta ezohiko neurri ugari hartu behar izan dituzte. Horrez gain,koalizio gobernua osatzeko akordioan hitzartutako erreforma handiak atera dituzte aurrera, baina ozta-ozta kasu batzuetan.

Sanchez gobernuburua, Calviño Ekonomia ministroarekin eta Diaz Lan ministroarekin, lan erreforma onartu zutenean. KIKO HUESCA / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Aurreikuspen meteorologikoek ala inkestek, zeinek huts egiten dute gehiago? Lehenengoek, esan dezake Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, legegintzaldia nolakoa izan den ikusita. Ekonomikoki aldeko haizea zuela hasi zuen, eta inork espero ez zuenean, gobernua osatu eta hurrengo hilabetean, iritsi zitzaion lehen ekaitz handia: COVID-19a.Eta enbata igaro eta argia ikusten ari zenean, hurrengoa: Ukrainako gerra. Bati zein besteari aurre egiteko urgentziazko eta ezohiko neurri ugari hartu behar izan ditu Espainiako lehen koalizio gobernuak, eta, kasu batzuetan, ez du erraza izan babesa lortzea.

ABEEak

Pandemiak iraun zuen hilabeteetan, lan eremuan, egoerari aurre egiteko erabilitako tresna nagusia aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak (ABEE) izan ziren, eta inor gutxik jarri du ezbaian haien eraginkortasuna. Tresna horren bidez, ehunka mila langile ez ziren kaleratuak izan. 2020ko apirilean, Hego Euskal Herrian bost langiletik bat zegoen egoera horretan: 230.000 pertsona guztira.

Espainiako Gobernuak hartu zuen zamarik handiena, eta 40.000 milioi euro inguru erabili zituen ABEEak eta autonomoentzako diru laguntzak ordaintzeko, baina erdia baino pixka bat gehiago pandemiari aurre egiteko Europako programaren funtsekin (SURE) estali zuen.

Politikoki, arrakasta handiko neurria izan zen. COVID-19ari aurre egiteko premiazko neurrien lehen dekretuan onartu zen, eta babes zabala jaso zuen Madrilgo gorteetan: Voxek eta CUPek bakarrik bozkatu zuten aurka. Jarraian onartu ziren beste dekretuetan neurria luzatu egin zuten, harik eta lan erreforman sartu zuten arte, ezohiko egoeretarako.

Lan erreforma

Gobernuaren beste neurri ekonomiko nagusi lan erreforma izan da. Hasiera zaila izan zuen: PSOEk eta Unidas Podemosek gobernu akordioan PPren 2012ko araudia indargabetzeko asmoa jaso zuten, baina tirabira batzuen ostean erreforma partzialki aldatu zuten. Espainiako sindikatuen eta patronalen babesarekin eraman zuten Kongresura. Eta han 2022ko otsailaren 3an onartu zuten, legegintzaldiko saiorik gogoratuenean.

Inbestidura blokeko kide nagusiek —ERCk, EAJk eta EH Bilduk—, kontra bozkatzea erabaki zuten eta gobernuak Ciudadanosekin eta UPNren zuzendaritzarekin negoziatu zuen. Haien babesa ziurtatuta zuen, baina, azken unean, UPNko bi diputatuek jakinarazi zuten kontra egingo zutela. Gobernuak porrota onartua zuenean, bozketaren unean, PPko diputatu baten akatsak legea aurrera ateratzea ahalbidetu zuen.

Ohiko bazkideen babesik gabe eta ozta-ozta onartu bazen ere, lan erreforma koalizio gobernuaren arrakasta handienetako bat izan da, Kongresuko ezein taldek ez baitu zalantzan jartzen, eta inork ez baitu bere programan legea aldatzeko asmoa jaso.

Araudi berriaren helburu nagusia prekaritatea murriztea da, eta, zehazki, behin-behinekotasuna—aldi baterakoak bi kasutara mugatzen ditu, eta gehienez urtebetez—. Eta diseinatu zenerako helburua bete du erreformak: Hego Euskal Herrian behin-behinekotasun tasa hamar puntu jaitsi da. Eta landunen kopurua inoizko handiena da, 1,3 milioi afiliatu inguru, eta langabeen kopurua txikiena da 2008tik.

Pentsioak

Koalizio gobernuak epeka erreformatu du pentsioen sistema. Azken blokea, 2023ko udaberrian onartu zen, zeinak langileen kotizazioen igoera eta gutxieneko pentsioen igoera jasotzen duen. Udal hauteskundeak ate joka zeudela, patronalaren babesik gabe egin zuten aurrera neurri horiek, aurreko blokekoek ez bezala.

Baina aldaketarik nabarmenena pentsioak batez besteko KPIaren arabera eguneratzearena izan da. Mariano Rajoyren gobernuak beste indize bat jarri zuen indarrean 2013tik aurrera, zeinak pentsiodunen erosteko ahalmenaren galera eragin zuen indarrean egon zen urteetan, azkenengoan izan ezik.

KPIra itzultzeak sindikatuen eta patronalen babesa jaso zuen, eta, bereziki, Bruselarena; haren babesa ezinbestekoa zen Europako funtsak jasotzeko. Kongresuan PPk, Voxek eta Ciudadanosek aurka bozkatu zuten. Eta gobernua babesten aritu diren alderdien artean soilik EH Bildu abstenitu zen.

Erreformaren eragina berehala nabaritu zen. Inflazio handiaren eraginez urtarrilaren 1ean %8,5 igo zirenez, Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.400 euro ingurura heldu da. Pentsiodunen mugimenduak, baina, borrokan jarraitzen du gutxienekoa 1.080 eurokoa izan dadin eta genero arrakala amaitzeko.

Horrez gain, erreformak bazuen beste xede bat, sistemaren finantzaketa ziurtatzea, demografia tarteko pentsioen gastua gero eta handiagoa baita Gizarte Segurantzarentzat. Hori izango da pentsioen sistemak hurrengo urteetan izango duen erronka nagusia. 2023ko ekainean, 12.000 milioi eurokoa izan zen gastua, aurreko urteko hil berean baino %11 gehiago.

PPk esana du gobernura iristen bada ez duela epe laburrean ukituko Sanchezen erreforma —Bruselarekin duen konpromisoagatik—, baina legegintzaldian zehar aldaketa sakonak sustatzeko asmoa du; bere programan, halere, bi ideia baino ez ditu jasotzen: motxila austriarra deitzen zaion kotizazio sistema proposatu du, eta eguneratzea aipatzen du, baina KPIa aipatu gabe.

Koalizioko gobernuko alderdiek eta hari babesa eman diotenek, funtsean, oraingoari eustea proposatzen dute. EAJk sistemaren berezko ez diren gastuak berrikustea eta ezabatzea proposatu du, eta enpresa planak bultzatzea. EH Bilduk bere egiten ditu pentsiodunen mugimenduaren eskaerak eta Gizarte Segurantzaren transferentzia eskatzen du.

BGDSa eta SMIa

Koalizio gobernuaren akordioan azaltzen zen eta legegintzaldiko lehen neurrietako bat izan zen bizitzeko gutxieneko diru sarrera, BGDSa. 2020ko udan onartu zuten, oraindik pandemia betean. Babesa ia aho batezkoa izan zen; Vox bakarrik abstenitu zen.

Prestazioaren hasierako zenbatekoa 461,5 eurokoa zen bakarrik bizi zen heldu batentzat, eta 1.015 euro artekoa seme-alaben arabera. Kopuru horiek eguneratuz joan dira: %15eko igoera izan du.

Laguntza bateragarria da enplegu bat izatearekin, eta Hego Euskal Herrian osagarria da EAEko diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta Nafarroako errenta bermatuarekin. BGDS laguntza nagusi gisa jasotzen dute, DSBEa osatzeko. BGDSaren partea Madrilek ordaintzen baitu. Guztira, 16.000 bat lagunek jasotzen dute BGDSa Hegoaldean.

SMI lanbide arteko gutxieneko soldata ere igo du koalizio gobernuak. SMIa %47 handitu da azken bost urteetan, eta 1.080 eurokoa da gaur egun —gordina eta hamalau ordainketetan—. Igoeraren zatirik handiena (%22koa), halere, Sanchez bakarrik eta urtebetez soilik gobernatu zuen lehen legegintzaldian (2018-2019) egin zen. Baina ordutik urtez urte igo dute. Hego Euskal Herrian oro har hortik gora daude soldata gehienak, baina izan du eraginik sektore prekarizatu batzuetan.

Gasaren topea

Pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoak elikatu eta Ukrainako gerrak bizkortu zuten energiaren prezioen igoera. Argindarraren kasuan, 200 eurotik gora ordaindu zen megawatt-ordua; 2021eko uda arte, 30 euro baino gutxiago ziren. Kolpea leuntzeko, Espainiak eta Portugalek prezioak finkatzeko salbuespenezko mekanismo bat negoziatu zuten Europako Batzordearekin. Horrek gehienezko prezio muga bat ezartzen du elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasarentzat.

Bruselaren oniritzia jaso ondoren, aldi baterako neurria onartu zuen Kongresuak, babes zabalarekin: Foro Asturiaseko diputatuak eta Nueva Canariasekoak baino ez zuten aurka bozkatu. PPk eta Voxek merkatu librean esku-hartzea zela salatu zuten, baina abstenitu egin ziren. Orain, neurria bertan behera uztea nahi dute.

Salbuespen iberiarra 2022ko ekainaren 15ean jarri zen martxan, baina aurtengo otsail amaieratik ez da ezartzen, gasaren merkatu iberiarrean prezioa mekanismoak ezarritako mugaren azpitik dagoelako. Horrez gain, Bruselak esan du ez litzatekeela luzatu behar, energien prezioek behera egin dutelako, eta neurria, finean, salbuespenezko esku hartze bat delako. Tresna indarrean egon den urte erdian ukaezina izan da haren eragina. Tarifa arautua duten kontsumitzaileek %15etik gora aurreztu dute, eta kalkulatzen da inflazioa puntu erdi murriztu duela.

Ezohiko zergak

Koalizio gobernuak 2022ko udan iragarri zuen bankuen eta energia konpainien irabaziak zergapetuko zituela. Zerga berriak—ezohikoak eta 2022. eta 2023. urteetarako soilik—, bankuen kasuan 800 milioi eurotik gorako diru sarrerak dituztenei eragiten die, eta interes eta komisioengatik lortutako irabazien %4,8 zergapetzen ditu; energia konpainien kasuan, salmenta guztien %1,2, betiere urtean 1.000 milioi baino gehiago fakturatzen badute. Hego Euskal Herrian, Madrilek hartuko du bere gain bilketa, eta hiru hilean behin diru sarreren %6,4 emango die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunei eta %1,6 Nafarroakoari. Bi urtean, 500 milioi euro inguru.

Legea inbestidura blokearen babesarekin atera zen aurrera, baina EAJ eta PDeCAT abstenitu egin ziren. Gainera, PSOEk eta UPk, zuzenketa bidez, aldi baterako beste zerga bat sartu zuten 2022 eta 2023rako: fortuna handien gainekoa. Hego Euskal Herrian, ondare zergaren osagarria izango litzateke, baina oraindik ez da aplikatu, eta baliteke ia eraginik ez izatea, atzerako eraginez ezartzen ez bada.

Zerga horien indarraldia luzatzeko nahia jasotzen dute PSOEren eta Sumarren programek. PPrenak, aldiz, bertan behera utziko dituela dio.

Deskontuak eta BEZa

Inflazio handiari aurre egiteko hartutako lehen neurrietako bat erregaientzako hogei zentimoko deskontuarena izan zen —hamabost zentimo gobernuak jartzen zitueneta beste bost konpainiek—. Indarrean egon zen 2022ko apiriletik urtea amaitu arte, eta kalkulatzen da 15.000 milioi euroko kostua izan duela gobernuarentzat.

Inflazioaren aurkako azken neurria, oinarrizko elikagai batzuen %4ko BEZa kentzea eta beste batzuena %10etik %5era jaistea izan da. 2022ko abenduan sartu zen indarrean, eta urtea amaitu arte luzatu berri du gobernuak. Aurretik ere egina zuen argindarraren eta gasaren BEZarekin, %21etik %5era, eta bonu sozialaren deskontua handitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.