Eurogunetik kanpo baina Europako Batasunaren barruan, oso neurri gogorrak hartu zituen atzo Errumaniako Gobernuak. NDFk aholku emanda, funtzionarioen soldatak %25 jaistea eta pentsioak %15 txikitzea erabaki zuen atzo Traian Basescuren gobernuak. EBko herrialde pobreenetarikoa da Errumania, eta iazko maiatzean 20.000 milioi utzi zizkion NDFk. Batez besteko pentsioa 160 eurokoa da, eta funtzionarioen soldata 500 eurokoa.
Caroline Atkinson NDFko bozeramaileak atzo ohartarazi zuenez, merkatuak lasaitu ahal izateko eta zor publikoaren interes tasak jaisten hasteko beharrezkoa da defizita jaisteko neurriak berehala hartzea. Espainiari buruz, Atkinsonek zehaztu du gastu murrizketa «nahiko handia» proposatu duela baina ez duela artean indarrean jarri.
NDFren eta beste erakundeen aholkuak jarraitu eta defizitak gutxitzeko eskatu du Trichetek ere. Haren iritziz, gastu publikoa jaitsi egin behar da, eta zergak igo. «Neurri horiek aurreratu egin behar dira, gobernuek kontu publikoen oreka berreskuratzeko gaitasuna dutela erakusteko», ohartarazi du. «Doikuntza zenbat eta beranduago egin, orduan eta beharrezkoagoa izango da».
Bonu erosketarik ez
EBZko buruzagitzak Lisboan egindako bileraren amaieran, Trichetek baztertu egin du banku zentralak larri dauden herrialdeen bonuak erosteko aukera. Halako erosketa batek Greziaren etorkizunari buruz konfidantza emango lukeela uste dute aditu batzuek, baina EBZk iritzi dio hala egiteak bere zeregin nagusitik desbideratuko lukeela. Edonola ere, krisia hasi zenetik, EBZk jakin du ortodoxiatik alde egiten. Azken aldiz, joan den astelehenean. Egun horretan, iragarri zuen Greziako zor publikoa berme gisa onartuko zuela, nahiz eta Standard & Poor's kalifikazio agentziak zabor izaera ematen dion. Neurri horren bidez Greziako bankuei lagundu nahi die, likidezia eta mailegu merkeak jaso ditzaten aurrerantzean ere. Baina Trichetek atzo aitortu zuenez, EBZko buruzagitzako 22 kideek ez zuten aho batez onartu proposamena, «gehiengo oso zabalez» baizik. Egoera okertuz gero malgutasunez jokatuko ote duten galdetuta, baietz iradoki du Trichetek, ohi duen mezu kriptiko batekin: «Bai jauna, EBZko gobernu kontseilua ildo horretan dago... beti adi, alegia».
Zorra garestitzen
Merkatuetako tentsioak dirutan pagatzen dituzte herritarrek. Atzo, esaterako, Espainiak 2.400 milioi euro eskatu zizkien finantza merkatuei, bost urtetan itzuli beharreko bonuen bitartez. Beldurrik handiena zen inork nahi ez izatea, baina ez zen gertatu, eskaini baino 2,35 aldiz gehiago eskatu zituztelako inbertsiogileek. Hori bai, Espainiak gehiago pagatu beharko du diru horren truke: %3,58ko interesa eman beharko die, duela gutxi antzeko bonuengatik %2,8 pagatu zuenean.