Neurrien bigarren atala, etzi

Espainiak defizit publikoa murrizteko neurri gehiago onartuko ditu, eta ez du baztertu aurten BEZa igotzeaJaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dakite ostiralekoek nola eragingo dieten

jakes goikoetxea
2012ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Iragan ostiralean onartutako zerga igoerak eta gastu murrizketak «hasieraren hasiera» zirela esan zuen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Neurriek eragindako zalaparta apaldu gabe, Cristobal Montoro Ogasun ministroak atzo iragarri zuen neurri gehiago onartuko dituztela etzi, «defizitaren zauria ixteko». Luis de Guindos Ekonomia ministroak balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) igotzeko aukera aipatu du jada.

Montorok ez zuen zehaztasunik eman atzo. Kazetariei aipatu zien «neurri ekonomikoak» izango direla, ez murrizketak. Ogasun ministroak onartu zuen neurriak Europara begira ere hartzen ari direla: «Europako eta nazioarteko bazkideei erakutsiko diegu Espainiako Gobernuak ekimena eta erabakiak hartzeko gaitasuna dutela». De Guindosek Espainia kanpoko presioa jasotzen ari dela aitortu zuen; haren esanetan, ostiralean zergak igo ez balituzte, «beste batzuek» behartuko lituzkete zergak igotzera.

Hurrengoa BEZa izan daiteke. «Ez litzaidake gustatuko BEZa igotzea», esan zuen De Guindosek atzo. Ez zuen aukera hori baztertu, ordea. Espainian %18koa da. PSOEren gobernuak 2010eko uztailean bi puntu igo zuen, %16tik %18ra. Europako herrialde gehienek %20tik gorako BEZa dute. Ekonomia ministroaren esanetan, halako neurri bat onartu aurretik euroguneko bazkideekin hitz egin behar dute.

Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak uste zuen Espainiako Gobernuak zerga zuzenen ordez zeharkakoak igoko zituela. Bere iritziz, azkenean BEZa igoko du. «Igotzeko tartea badauka, eta tartea dagoenean, aldatu egiten da», Agirreren arabera.

De Guindosek egoera uste baino okerragoa izan daitekeela nabarmendu zuen, alegia, defizit publikoa, barne produktu gordinaren (BPG) %8koa beharrean, handiagoa izan daitekeela. «Asko» ez izatea espero du.

Berez, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuen 2011 BPGaren %6ko defizit publikoarekin amaitzeko, eta 2012a %4,4koarekin. Azkenean defizit publikoa %8 ingurukoa izango da, batez ere autonomia erkidegoen defizitagatik. Bi puntuko aldea diru asko da, 21.000 milioi euro inguru. Murrizketa gehiago, beraz. Espainiako Gobernuak martxoan iragarriko ditu, aurrekontuak aurkezten dituenean.

«Erreforma oldarkorrak»

CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioa eta CCOO eta UGT sindikatuak lan erreforma negoziatzen ari dira. Espainiako Gobernu berriak epea mugatu egin die akordioa lortzeko (aurreko gobernuak ere egin zuen): larunbata baino lehen lortu behar dute, bestela berak egingo baitu lan erreforma. De Guindosen arabera, Espainiako Gobernuak «erreforma oldarkorrak» egingo ditu datozen hilabeteetan, tartean lan erreforma eta finantza sektorearena.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez dakite Espainiako Gobernuak onartutako neurriek nola eragingo dieten, zein jarri beharko dituzten indarrean eta zein ez. Hala ere, neurriak «beharrezkoak» direla esan zuen Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak atzo, El País-ek argitaratutako elkarrizketa batean.

Oraingoz eragina aztertzen ari dira. Zerga igoerek, berez, ez. Eskumena diputazioena da. Espainiako Gobernuaren PFEZaren igoerak txiki utzi ditu diputazioek onartutakoak. Espainian herritar guztiei igoko diote pertsona fisikoen errenten gaineko zerga (PFEZ); diputazioek, ordea, errenta altuenei bakarrik.

Hala ere, PPren gobernu batek halako zerga igoera onartzeak erraztu egin dezake Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek bultzatu nahi duten zerga sistemaren erreforma sakona. Zergatik? PPren babesa ere jaso dezaketelako. PP zerga igoeraren kontra aritu da, bai Espainian, bai Hego Euskal Herrian. Azkenean, baina, Espainian zergak igo ditu, eta horrek PP bere jarrera aldatzera bultza dezake Hego Euskal Herrian ere. PPk Gipuzkoan baino zerga erreforma leunagoa onartu du Araban eta Bizkaian, EAJrekin batera.

Espainiako Gobernuak langile publikoen asteko lanaldia 35 ordutik 37 ordu eta erdira luzatzea erabaki du. Nafarroako Gobernuak uste du ez dagoela behartuta neurri hori indarrean jartzera. Beste kontu bat da behartuta egon gabe ere, onartuko duen. Onartzekotan, sindikatuekin negoziatu beharko luke. Nafarroako langile publikoek batez beste 36 ordu eta 40 minutuko lanaldia dute astean eta, beraz, 50 minutu gehiagoz lan egin beharko lukete.

Zalantzak

Eusko Jaurlaritzak ez daki neurriak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoei eragingo dien (batez beste 35 ordu lan egiten dituzte). Agirrek atzo El País-en esan zuen «eragin handia» izango duela, Justizian, Ertzaintzan, Hezkuntzan eta Osasunean batez ere; atzo bertan, ordea, Euskal Telebistan Agirrek berak zalantzan jarri zuen aplikatu beharko duten. Oinarrizko arau gisa onartzen badute, bai.

Soldatak izozteak eragingo die, Espainiako Gobernuak aurtengo aurrekontuetan sartuko baitu. 2010ean soldatak %5 jaitsi zizkieten; iaz izoztuta izan zituzten; eta aurten ere bai. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak langile publikoen soldatak izoztea erabaki zuten Espainiakoak egin aurretik.

Funtzio publikoko hurrengo eztabaida, ohartarazi zuen Agirrek, langile publikoen egonkortasunari eta lanorduei buruzkoa izango da. Uste du Jaurlaritzak eutsi ahalko diela langile publikoen «pribilejio» horiei.

Carlos Agirrek ez du baztertu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia atzeraldian, sartzea, hau da, 2011ko azkeneko hiruhilekoan eta 2012ko lehenengoan hazkunde negatiboa izatea. «Hamarrenen kontua izango da», aipatu zuen atzo, baina onartu zuen ekonomia moteltzen ari dela eta moteltzea «nabarmena» izango dela aurtengo lehen hiru hilabeteetan. Bigarren hiruhilekotik aurrera egoera hobetu egingo dela uste du, 2012ko azken hiruhilekoan BPGaren %0,4ko hazkundea «dezente gainditzeraino». «Egungo egoeran», zehaztu zuen, «hazkundea gertuago egongo da %1etik %0,4tik baino».

Agirre beste erakunde batzuk baino baikorragoa da. Confebasken eta Euskadiko Kutxaren arabera, hazkundea BPGaren %0,4koa izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hala ere, 2012an ez da enplegurik sortuko. Ekonomiaren hazkundea ez da nahikoa izango horretarako. CEOEk minilanak proposatu ditu, hilean 400 euroko soldatako lanpostuak gazteentzat. Agirrerentzat, «hobe dira halakoak jendea taberna batean elkarri begira egotea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.