Non dago Sam?

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jon non dagoen galdetzea gaizki ikusia dago egunotan, baina, burtsan, Sam osaba (Uncle Sam) non dagoen jakitea beti funtsezkoa da. AEBetako barne produktu gordina uztaila eta iraila artean %3,5 igo izana atzeraldiaren amaieraren hasieratzat hartu zuten burtsa indizeek. Erreboterako, aurreko egunetan egur gehien jasotakoak jarri ziren buruan: Telecinco (+%9,75), Tecnicas Reunidas (+%5,08) eta %4na pasa irabazi zuten Abengoa, Cintra eta Ferrovial. Ibex-35 (+%2,22) Europako indizeekiko nabarmendu zen, baina bi banku handienen indarragatik izan zen batez ere: Santanderrek (+%3,56) eta BBVAk (+%3,28) aurreko egunean desagertu izanari buelta eman zioten. Edurnezuri (+%0,95), berriz, egonkorrago agertu zen. 2.683 milioiren salerosketak, kopuru itzela izan gabe, baikortasuna adierazten du. Nolanahi ere, dolar ahulak eta bultzada fiskalak lagundutako AEBetako ekonomian baino gehiago, Espainiako mozkinek kezkatu behar lituzkete Bilbao-2000ren tropeleko 50 akzioak.



Santanderren akziodun gehienek hobetsi dute hurrengo dibidendua akziotan jasotzea; zerga arrazoiak edo estrategikoak medio, nork jakin. Villalonga Edurnezuriren buru zen garaian ere, dibidendua eten eta gogotik igo zen Telefonicaren akzioa. Azaroak 11rako, ordea, akzioko 0,5 euroko dibidendu gordina ordainduko du telefono enpresak. 2.352 milioiren dibidendua banatzea esan nahiko du horrek. Akzioa 19 euroan eta interes tasak minimoetatik hain gertu dauden honetan, erakargarria izan liteke horrelako errentagarritasuna (%2,6koa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.