Hemeretzi 35etik. Espainiako konpainiarik esanguratsuenak biltzen dituen Ibex 35 indizeko 35 enpresetatik hemeretzitan partaidetzak ditu BlackRock funts kudeatzaileak, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen arabera (2018ko itxieran). Funts handiek, orotara, 58.000 milioi euroko inbertsioa dute Ibex 35ean, eta kapitalizazioaren %12,7 kontrolatzen dute.
15.592 milioi euroko balioa duten parte hartzeekin, BlackRock da, alde handiz, Ibexean inbertsiorik handiena duen funtsa. Kapitalaren %3tik %6ra bitarterainoko partaidetzak ditu funts erraldoiak, hala nola Santanderren, Iberdrolan, Telefonican, BBVAn, Amadeusen, Repsolen, Caixabanken, IAGn, Ferrovialen, Grifolsen, REEn, ACSn, Cellnexen, Sabadellen, Bankinterren, Merlinen, Enagasen, Colonialen eta Mediaseten.
Funts indexatuekin lan egiten duten heinean, Frantziako enpresa nagusiak biltzen dituen CAC 40 indizeko enpresa guztietan dituzte partaidetzak Vanguardek eta BlackRock. Baina zenbait enpresetan zati esanguratsuen jabe dira. BlackRockena da, esaterako, Totalen %6 baino gehiago, eta antzeko partaidetzak ditu Sanofin, BNPn, Paribasen, Axan, Safranen, Schneiderren...
Dena den, Vanguard da CAC 40an parterik handiena duen funtsa, kapitalizazioaren %2rekin, BlackRocken %1,9ren azpitik. Bien aurretik daude Arnault familia (%3,9), Frantziako Estatua (%2,7) eta Bettencourt Meyers familia (%2,3).
Nor da nagusien jabea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu