NORK ERAIL ZUEN AUTO ELEKTRIKOA?

Bost urtean, aurrerapen teknologikoaren ikurra zena auzitegiek aztertu beharko duten iruzurra bilakatu da Hiriko; arrakasta handiko proiektua sustatzaileentzat, eta diru publikoaren xahutzea kritikoentzat. Zer gertatu da?

Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Iazko uztailean Arabako Fiskaltzara jo zuen EH Bilduk, Hiriko autoaren patenteekin ondasunen ostentzea gertatzeko arriskua ikusita. Kasua ikertzeari ekin zion Josu Izagirre fiskalak. Hilabete batzuk geroago, ondorio larria atera du: ondasunen ostentzea ez, baina beste sei delitu egotzi dizkie Hiriko sustatu zutenei. Made in Euskal Herria auto elektrikoari lotutako azken eskandalua da.

PROIEKTUA

Hirietan mugikortasun jasangarria garatzeko sistema berritzaileak sortzea zen proiektuaren helburua, AEBetako Massachusets Institute of Technology (MIT) unibertsitate ezagunaren ildoei jarraituz. Horren barruan, Euskal Herrian osorik ekoitzitako ibilgailu elektrikoa egin nahi zuten. Erronka teknologiko handiak zituen Hiriko-k: txasis tolesgarria, bolante elektronikoa, edo bateria iraultzaileak, besteak beste. 2010. urteko urtarrilean aurkeztu zen Hiriko, eta 2012. urterako merkatuan egongo zela agindu zuten.

SUSTATZAILEAK

Afypaida izeneko elkarte batek zuen proiektuaren gidaritza. Araban autogintzarekin sustatutako jarduerak bultzatzeko asmoz sortutako elkartea zen, irabazi asmorik gabekoa. Horren buruan Jesus Etxabe enpresaburua zegoen. Eraikuntza sektorean aritutako pertsona da, bereziki harrobien negozioan eta EAJtik hurbil dago. Alderdi horrek Kutxabankeko lehen administrazio kontseilurako proposatu eta izendatu zuen, esaterako.

Etxaberekin batera, beste hiru bazkide zeuden: Jose Luis Bengoetxea, Gasteizko Jolben bitxitegiaren jabea; Jose Luis Atxaerandio, eraikuntza sektorekoa —besteak beste, Lakua Hoteleko sustatzailea—; eta Jose Barreira. Halaber, Afypaidak idazkari bat zuen, Iñigo Antia. Gasteizen EAJko zinegotzi eta ABBn egondakoa da.

Afypaida Arakako kuartel militarren orubeetan auto lasterketetarako zirkuitu bat eraikitzeko egitasmoaren bultzatzaile izan zen; EAJren babes politikoa izan zuen proposamenak. Elkartearekin batera, Hiriko proiektuan parte hartze handia zuen Denokinn elkarteak. Ibarretxeren gobernuan Arrantza sailburuorde izan zen Denokinneko zuzendaria, Luis Miguel Macias. Epsilonek, hasieran, garapen teknologikoan parte hartu behar zuen, baina 2011. urteko hasieran kontratua eten zioten.

FINANTZAKETA

Hiriko egiteko asmoz, hamar bazkideko partzuergoa aurkeztu zuten. Lehen laguntzak eskatu baino lehen, ordea, zazpi enpresak egitasmoa utzi zuten, horien artean CiE Automotivek. Arazoak arazo, Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jo zuen ibilgailu elektrikoa. 2010. eta 2012. urteen artean Industria Sailak 2,6 milioi eman zizkion.

Bestalde, Espainiako Gobernuak 2010. eta 2011. urteetako aurrekontuen bidez 14,75 milioiko ekarpena egin zion proiektuari. Espainiako administrazioak lankidetza itunak sinatu zituen zuzenean Afypaidarekin, dirua bideratzeko. Ekarpenaren jatorria Madrilen EAJk PSOErekin lortutako akordio politiko bat da.

Afypaida elkartea sortzeko 273.800 euro jarri zituzten Etxabek, Atxaerandiok, Bengoetxeak eta Barreirak. Oinarri horrekin, hiru urte eskasetan, 17,3 milioi euro publiko eskuratu zituen. Laguntza horiek guztiak legezkoak izan zirela esan du beti Eusko Jaurlaritzak

ARAZOAK

2013. urteko hasieran, Hiriko-ren arazoak azkartu ziren. Bertan lan egiten zuen ingeniari taldeari kobratu gabe lanean segitzeko eskatu zien zuzendaritzak. Lau hilabete iraun zuten egoera horretan, proiektua gelditu baino lehen. Langileen arabera, bertan behera geratu zenean gutxi falta zen ibilgailuaren prototipo bat homologatzeko, baina horretarako falta zen dirua jartzeari uko egin zioten Afypaidaren sustatzaileek.

ENPRESAREN JARDUNA

Hiriko-rekin zer gertatu den ulertzeko, aukera ona eskaintzen dute auziari buruz Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiek. Guztien artetik bat bereziki gordina da. Fernando Oharriz eta Gorka Garcia langile ohiek egindakoa da. Enpresan bizi izandakoaren berri eman zuten, xehetasun askorekin, eta kritikak aurreztu gabe.

«Bazkideek autogintzako sektore industrialei —eta bereziki auto elektrikoari— buruz zuten ezagutza hutsaren hurrengoa zen», azaldu zuen Oharrizek Afypaidaren sustatzaileei buruz. Hala, Hiriko finantzatzeko diru guztia iturri publikoetatik atera zela azpimarratu zuen. Hamazazpi urteko esperientzia du Oharrizek beste enpresa batzuetan, eta sekula ez du antzeko ezer ikusi. «Normalena da diru laguntzak eskatzerakoan kapital pribatua jartzea. Diru hori jarri gabe, ia ezinezkoa da kapital publikoa eskuratzea».

Gastuei buruz ere azalpenak eman zituzten langile ohiek. Bruselan Jose Manuel Durao Barrosori ibilgailua aurkezteko txangoak 166.000 euro kostatu zuen. 2012. urtean Armando Gaspar Mercedeseko zuzendari ohia kontratatu zuten: hilero 21.000 euroko soldata jarri zioten. Ordurako beste arduradun batek bazuen horren pareko soldata, eta Iñigo Antia kudeatzaileak 160.000 euro kobratzen zituen. «Ordain horiekin NASAko zuzendariak izan genitzake», Oharrizen hitzetan.

EMAITZAK

Hiriko sortzeko egitasmoaren bereizgarri bat antolakuntza zen. Proiektuko hornitzaileak ez ziren hornitzaile hutsak izango. Enpresaren jabe ere izango ziren. Sistema horrek etengabeko diru joan-etorriak eragin zituen Afypaidaren eta proiektuan aritzen ziren enpresen artean.

Langile ohien arabera, enpresa askok kontratua osorik kobratu zuten, baina lan guztia egin gabe. Adibideak ere eman zituzten. BRWk 80 robot-gurpil egin behar zituen, baina soilik lau iritsi ziren. Orotara, hogei prototipo egiteko finantzaketa aurreikusi zuten, baina, dirua amaituta, ibilgailu bat eta erdi egin ziren.

EPSILONEN AUTOA

Hiriko-ren diru mugimendu arraroen artean, batek zeharkako lotura du Epsilonekin. Auto-taldeak Le Manseko auto lasterketan erabilitako auto bat erosi zion Circuito del Norte izeneko enpresari, 2007. urtean. Enpresa horretako langile bakarra Antia zen. Lau urte geroago, enpresa horrek ibilgailua saldu zion Afypaidari, ia 650.000 euroren truke.

Hiriko-ren proiekturako proba batzuk egingo zirela esanez justifikatu zen erosketa. Haatik, ez zen inoiz ezertarako erabili, besteak beste ez zuelako motorrik.

HIRIKO-REN ARRAKASTA

Ikerketa batzordetik igaro ziren sustatzaileetako batzuek proiektuaren defentsa sendoa egiteko baliatu zuten aukera. «Begi bistako arrakasta izan da, eta oihartzuna mundu osoan izan du», Iñigo Urkidi Hiriko partzuergoko ordezkariaren hitzetan. Defentsarako argudio erabilienetako bat hedabideetan izandako harrera da. Esaterako, Discovery Channel kateak mundua aldatuko zuten asmakizunen artean aipatu izana, atal baten amaieran.

«Pertsonak hirietan mugitzeko era errotik aldatuko du», ziurtatu zuen Luis Miguel Macias Afypaidako zuzendariak. Proiektua bizirik dagoela ere aldarrikatu zuen. «Laburrera begira, Hiriko bezalako auto bat egongo da, baina ez gara sortzen ari hori gertatzeko baldintza egokiak». Beste argudio bat izan da «merke» atera dela, 17 milioi erabili ondotik ibilgailurik ez dagoen arren.

Arrakastaren defentsa hori ere egin zuen Afypaidako presidenteak, Etxabek. Kasu horretan, adierazpen baten bidez izan zen, ez baitzion ikerketa batzordeko alderdien ordezkariei erantzun nahi izan. Saioa ateak itxita izan zen, gainera.

FISKALAREN SALAKETA

Proiektuaren «begi bistako arrakasta» hori auzitegietan argudiatu beharko dute orain Hiriko-ren sustatzaileek. Arabako fiskalak, Josu Izagirrek, sei lagunen aurkako kereila jarri du, eta epaitegiak tramiterako onartu du. Afypaidako lau administratzaileak eta idazkaria daude hor. Diru laguntza publikoez jabetzeko enpresa sarea sortzea egotzi die fiskalak sei akusatuei, funtsean.

Fiskalak salaketaren parte baten berri eman du. Horretan, gutxienez dozena bat ordainketa bidegabe identifikatu ditu. Asko Afypaidaren sustatzaileek kontrolatzen zituzten enpresen arteko diru mugimenduak dira, edo proiektuan sartutako hornitzaileei egindako ordainketak dira.

Fiskalak aipatzen ditu Afypaidako presidenteak, Etxabek, «bere interesen alde dirua desbideratzeko» erabakiak. Esaterako, Hiriko-ren egoitza haren jabetzako eraikin batean kokatzea, merkatukoa baino hiru aldiz handiagoa zen alokairua ezarrita. Eta egoitza hori egokitzeko egin ziren lanak. Konponketa Etxaberen beste enpresa batek egin zuen, eta 310.960 euro kobratu zituen. Kopuru horretatik 76.993 justifikatu gabe daudela salatu du fiskalak. Halaber, salaketan datoz Circuito del Norte, Launorte, eta Sainsa enpresei egindako ordainketa ustez bidegabeak. Launorteko arduraduna Bengoetxea da, eta Sainsakoa, Etxabe bera.

Beste enpresa batzuekin sinatutako kontratuak ere zalantzan jarrita daude. Denokinn elkartea —Macias sailburuorde ohiak zuzentzen duena—, Innovalab, Maser eta BRW enpresak agertzen dira. Haietako batzuei egin ez zituzten lanengatik ordaindu izana leporatzen die fiskalak, eta lan bera egiteagatik bi aldiz kobratu izana. Ordainketa bidegabea ustez jaso zuen beste enpresa bat Vilau SM aholkularitza da. Kontratua sinatu zuen pertsona, Javier Calera, seigarren akusatua da, eta bolada batez EITBneteko zuzendari izan zen, Andoni Ortuzar EITBko arduradun nagusia zen garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.