TELEFONO KONPAINIAK

O2 erosita, berriro Europara begira jarri da Telefonica

Espainiako telefono konpainiak 26.000 milioi euro eskaini ditu telefonia mugikorreko enpresa britainiarraren truke

Iker Aranburu.
2005eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Hiru urtez begiratu ere egin ez duen Europako merkatura indarrez itzuli da Telefonica. Azken hilabeteotan Txekiar Errepublikako Cesky Telecomen %70 erosi zuen 3.670 milioi euroren truke, eta atzo iragarri zuen O2 britainiarra erosteko eskaintza egin duela, 26.110 milioi euroan. Europan telefoniaren sektorean inoiz egindako bigarren erosketarik garestiena da burbuila teknologikoa lehertu aurretik, France Telecomek 60.000 milioi euro pagatu zituen Orangeren truke.

O2ko buruzagiek begi onez ikusten dute operazioa, eta akzioak saltzeko aholkatu diete akziodunei. Telefonicak bi libera esterlina pagatuko ditu akzioko, joan den ostiral arratsaldean balio zuena baino %22 gehiago. Telefonicak dirutan pagatuko ditu akzioak: azken urteotan pilatutako irabazi marduletatik aterako du zati bat, eta Citigroupek, Royal Bank of Scotland eta Goldman Sachs bankuen finantzaketa ere segurtatu du. Cesar Alierta Telefonicako presidenteak iragarri du O2 marka gordeko duela orain dituen merkatuetan (Erresuma Batua, Alemania eta Irlanda, nagusiki), eta oraingo buruzagitzak bere postuak gordeko dituela. Langileen kaleratzerik ez da espero, Telefonica eta O2 merkatu desberdinetan aritzen direnez, osagarriak direlako. Operazioaren bitartez, 2008tik aurrera urtean 353 milioi aurreztuko dituela uste du Telefonicak.

DT eta KPN atezuan

Gerta liteke gose diren Europako beste konpainia handiak ere O2 erosteko lehian sartzea. Deutsche Telekomek eta Herbehereetako KPNk interesa azaldu dute. Telefonicaren eskaintza atzera botako balute, operazioaren %1 jasoko luke Espainiako konpainiak, kalteordain gisa.

2000n sartu zen Telefonica buru-belarri Europako merkatuan, Hego Amerikako krisiak hango inbertsioak kolokan jarri zituela-eta. Hirugarren belaunaldiko telefonia mugikorreko bost baimen lortu zituen Telefonicak, Espainian, Alemanian, Suitzan, Austrian eta Italian. Espainiakoak izan ezik, besteek porrot egin zuten: dirutza ordaindu behar izan zuen baimenen truke, eta teknologia ez zegoen oraindik prest. Operazioak 5.050 milioi euroko galera ekarri zion Telefonicari, baina Alemaniako Gobernua auzitara eraman du, 1.200 milioi itzultzea eskatzen baitio.Europan jasandako porrotak Hego Amerikara begiratzera eraman zuen berriro Telefonica. Iaz AEBetako Bellsouthek hamar herrialdetan zituen konpainiak erosi zituen, 4.866 milioi euroan. Gaur egun, Argentina, Brasil, Txile eta Perun konpainia nagusia da Telefonica, baina arazoa da merkatu horiek ez direla europarrak bezain errentagarriak, eta are gutxiago fidagarriak. Alemaniako eta Erresuma Batuko merkatuak, berriz, mardulak dira, eta O2 oso sendo aritu da han azken urteotan.

Hamabost urte hedatzen

Compañia Telefonica Nacional de España (Telefonica) 1924ko apirilean sortu zen, sozietate anonimo gisa. Lau hilabete geroago, Espainiako Gobernuak haren esku utzi zuen telefono sarea hedatzea eta kudeatzea. Gipuzkoako sarea (1950 arte) eta Donostiakoa (1971 arte) izan ezik, Espainiako besteak eta Hego Euskal Herrikoak haren esku geratu ziren. 1945ean, Estatuaren esku geratu ziren akzioen %79,6.

1990ean ekin zion Hego Amerikan hedatzeari, Argentinako eta Txileko konpainiak erosita. 1994an galdu zuen telefonia mugikorreko monopolioa Espainian, eta 1998an telefonia finkoarena. Ordurako, konpainia pribatua zen Telefonica, 1995 eta 1997 artean Estatuak bere akzio guztiak saldu zituelako. O2, berriz, British Telecom konpainia publiko izandakoaren adar mugikorra zen, eta 2001ean bereizi zen. Hasiera gorabeheratsuaren ondoren, irabaziak ematen ditu orain.

Merkatua biltzen ari da





France Telecom-Amena: Uztailean, France Telecomek Espainiako telefonia mugikorreko hirugarren konpainia erosi zuen, Amena. FTk 6.400 milioi euro pagatu zizkion Aunari (Santander, ) Amenaren %80ren truke.Amenaren bazkide zen Euskaltel, eta enpresa berriaren akziodun txikia izaten jarraituko du. Litekeena da Amenak Orange izena hartzea orain, hori baita FTren adar mugikorraren izen komertziala.

Versatel-Tele2: Herbehereetako Versatel Telecom Internationalek Suediako Tele2 lehiakidea erosi du, 1.340 milioi euroan.

Cingular-AT&T Wireless: Azken erosketa oldeari hasiera eman zion operazioan, Cingularrek 33.900 milioi euro ordaindu zituen AT&T Wireless mugikorraren truke.

Vodafone: Telefonia mugikorreko erraldoiak hedapenarekin jarraitzen du. AEBetako Airtouch, Alemaniako Mannesman Ag, Irlandako Eircell eta Portugalgo Telecel erosi ditu, besteak beste. Espainian Airtel erosi zuen 2000n, eta Frantziako SFR-ren akziodun nagusia da. Joan den astean, iragarri zuen Bharti Indiako operadore nagusiaren %10 erosiko zuela. Saltzen ere badaki: atzo Suediako filiala Telenorren esku utzi zuen.

TDC?: Konpainia handiagoen begimiran dago Danimarkako liderra urtea hasi zenetik, %40 egin dute gora TDCren akzioek. Balizko erosleen artean daude Deustche Telekom eta SwissCom.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.