Bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete langile bat hil zen obraren arduradunei. Istripua 2005eko apirilaren 29an jazo zen, Bergaran, Tavex Algodonera enpresak San Antonio auzoan zuen lantegian. Enpresa horrek etxe agentzia bati eta promotora bati saldu zien orubea. Haiek eraikina eraisteko eskatu zioten enpresa bati, eta hark beste enpresa bat azpikontratatu zuen lana gauzatzeko; langilea aritzen zen enpresa, hain zuzen. Orubea eraisteko lanetan ari zen istripuaren unean. Gidatzen zuen hondeamakina galeria batera erori ostean hil zen behargina.
Bost urte geroago, eraiste lan horien lau arduradunak heriotzaren erantzuletzat jo ditu epaileak. Arkitekto bat, etxe agentzia bateko zuzendari fakultatibo bat, lanen koordinatzailea eta obraren arduraduna dira zigortutakoak. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita epaitu dituzte laurak. Epaileak aringarritzat hartu ditu egindako kaltea konpontzen saiatu izana eta auzia neurriz kanpo luzatu izana.
Sententziaren arabera, langilea 36 tonako hondeamakina hidrauliko batekin pabiloi ugariko areto batean zegoen ezbeharra izan zuenean. Pabiloi horien azpian, «kotoi hautsa xurgatzeko sistema bat zegoen». Dirudienez, lurpeko galeria batean zegoen sistema hori, eta areto nagusia eta perpendikularki zeuden beste batzuk zeharkatzen zituen. «Galeria haiek zeudenik ez zuten aurreikusi, eta ez zuten beharrezko segurtasun neurririk hartu». Ondorioz, «forjatua erortzean, hondeamakina hondoratu egin zen», eta langilea hil.
Sententziaren arabera, legez, obra haren lau arduradunek zuten beharrezko babes neurriak hartzeko betebeharra.
Obra bateko buruei zigorra, langile baten heriotzagatik
Sententziaren arabera, beharrezko segurtasun neurririk ez zuten hartu, arduradunen aurreikuspen faltagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu