Ogasunen kutxak beteta, zerga aringarriei eutsiko diete aldundiek

Prezioen garestitzeak bultzatuta, inoiz baino gehiago bilduko da zergen bitartez: 17.109 milioi euro. Errenta zerga beste %2 deflatatuko dute urtarriletik aurrera. Bilketa %5,6 handituko da 2023an

Ogasunen kutxak beteta, zerga aringarriei eutsiko diete aldundiek.
aitor biain
Gasteiz
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunen kutxak diruz gainezka izango dira urtearen amaieran, aurreikuspen guztiak hausteko bidean baita zerga bilketa. Ekonomiaren hazkundeak eta prezioen garestitzeak bultzatuta, aldundiek kalkulatu dute inoizko bilketarik handiena egingo dutela aurten: 17.109 milioi euro denera. Iaz kalkulatu zuten baino 820 milioi euro gehiago dira. Atzeraldi baten ohartarazpenak gero eta ozenago entzuten badira ere, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak lasaitasun mezua igorri du, adierazi baitu erakundeek ez dutela baliabide faltarik izango egoerari aurre egiteko. Hain zuzen, inflazioaren eragina arintzeko zerga aringarriei eutsiko diete ogasunek, herritarrek poltsikoan diru gehiago izan dezaten.

Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egin ohi duen bilera egin zuen atzo, Gasteizen. Urteko zerga bilketaren itxiera adostu eta datorren urteko aurreikuspenak kalkulatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Eudelek. Bilera laburra egin zuten; izan ere, ahaldun nagusiek bazekiten emaitza onak zituztela eskuetan, bilketa iazkoaren gainetik joan baita urte guztian zehar; nabarmen, gainera. Eta lasaitasun horrekin egin zuten etxerako buelta ere, jakinda estuasunik gabe prestatu ahalko dituztela datorren urteko aurrekontuak, azkenak Markel Olanoren eta Unai Rementeriaren kasuan.

Bilketak aise gaindituko du 2021eko kopurua aurten: iaz baino 1.146 milioi euro bilduko dira guztira (+%7,2). Eta BEZa da horren arduradun nagusietako bat: iazkoaren aldean, %11,3 handituko dela kalkulatu baitute. Ez soilik pandemia urteen ondoren kontsumoa handitu egin delako, baizik eta produktuen eta zerbitzuen prezioa nabarmen garestitu delako, eta, beraz, horiei ezartzen zaizkien zergak ere bai.

Lan merkatuaren egoera ona da bestea. Ekonomiaren bolada onari gisa berean erantzun dio enpleguak ere, eta ziurgabetasuna gero eta handiagoa bada ere joera onari eutsi egiten dio oraindik. Inflazioa bezainbat izan ez bada ere, soldatek ere gora egin dute, eta hori guztia errenta zergan islatuko da: %5,1 handituko da iazkoaren aldean. Guztira, 6.430 milioi izango dira.

Aldiz, sozietate zergaren zenbatekoa ez da handituko, eta iazko kopuru bera biltzea espero dute ogasunek aurten: 1.155 milioi euro guztira. Aurreko urteko irabaziak zergapetzen dizkie enpresei, eta 2021a pandemia urtea izan zenez, ez da ekonomiaren hazkundea igarriko.

Iaz baino gutxiago jasoko da zerga berezien bitartez ere: %34,9 jaitsiko dira tabakoari eta erregaiei ezartzen zaizkien zergak. Azpiazuren hitzetan, halaber, «ez da askorik bildu» Madrilekin itundutako zerga berrien bitartez, hau da, zerbitzu digital jakin batzuei ezartzen zaizkienekin (Google eta Tobin tasak). Dirudun handiei, bankuei eta energia enpresei ezarri nahi zaizkien zergei buruz galdetuta, ordea, esan zuen ez dutela oraindik horien berririk.

Bilketa errekorra 2023an

Atzeraldi ekonomikoa ate joka badago ere, Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak salbuespena izango dira hurrengo urtean, eta hazten jarraituko du, hasiera batean espero baino apalago bada ere (+%2,1). Hori bera nabarmendu du sailburuak ere, nahiz eta ez duen ezkutatu egoera «konplikatua» denik. Hala ere, haizea aldeko den neurrian, 2023an bilketa ere neurri berean handituko dela espero dute: 18.072,9 milioi euro bilduko lirateke guztira (+%5,6). Inoiz ez bezalako kopurua da hori.

Sailburuaren hitzetan, hala ere, zerga bilketa are gehiago handituko litzateke ogasunek ez balute inflazioari aurre egiteko zerga aringarriak onartu. 2022 hasieran errenta zergaren taulak %1,5 deflatatzea adostu zuten aldundiek eta Jaurlaritzak, eta uztailean erabaki zuten beste %4 egitea. Bada, urtarriletik aurrera beste %2 deflatatuko dutela iragarri zuten arduradunek atzo —bilera hasi baino lehen aurreratu zuen neurria PSE-EEk ohar bidez—. 30.000 eurora arteko errenta oinarria dutenentzat 200 euroko kenkaria luzatuko dutela ere adierazi zuten.

Deflatazioak ez du inflazio osoa hartzen, ez eta azpiko inflazioa ere, lehendakariak legebiltzarrean eskatu bezala. Baina ahaldun nagusiek argudiatu zuten nahikoa dela, besteak beste, ez dakitelako zein izango den urteko batez besteko tasa. Gainera, adierazi zuten beste neurri batzuk ere hartzeko prest daudela, «inflazioaren eragina leuntzeko». Egoerari aurre egiteko moduko aurrekontuak iragarri zituzten guztiek: «Laino beltzek kezka eragiten badigute ere, horri aurre egiteko baliabideak baditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.