Ohi baino geroago ereini dute patata Araban

Sektorekoren arabera, atzerapenak ez die eragingo patataren kalitateari eta kantitateari. Ereindako eremua asko txikitu da, baina hektareako errendimendua nabarmen handiagoa da orain. Ekoizpena ez da nahikoa kontsumoa asetzeko.

Udapako bi behargin, patata sorta bat aztertzen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Udapako bi behargin, patata sorta bat aztertzen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Kerman Garralda
2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainekoa ez, maiatzekoa da irudia: Arabako lehen sektoreko beharginak patata ereiten ari dira. Euritsua izan da azken hilabetea, eta lanak luzatu egin zaizkie nekazariei. Normalean, apiril bukaeran edo maiatzeko lehen egunetan ereiten dute patata, izozteko arriskurik ez dagoenean; baina euria ere neurrian behar dute, zenbat eta hezetasun handiagoa egon landareak gaixotzeko aukera handiagoa du eta. Maiatz amaierako egun eguzkitsuak baliatu dituzte ereitea azkentzeko.

Atzerapenak ez du askorik kezkatzen Udapako labore arduradun Jon Legorburu. «Patata kopuruari eta kalitateari ez dio eragingo. Hilabete geroago jasoko dugu, besterik ez. Merkatura ere geroago iritsiko da», kontatu du. Irail bukaeran jasoko dute orain ereindakoa, eta segidan iritsiko da kontsumitzaileengana.

Ereindako patata guztia ez da merkatura iritsiko. Zati bat gorde egingo dute, datorren udaberrian berriz ereini eta patata gehiago ernaldu daitezen. Horiei ereiteko patatak esaten zaie. Jateko patatei, berriz, kontsumitzeko patatak deitzen zaie.

Aurten Udapako bazkideen eta kolaboratzaileen artean kontsumorako 280 hektarea ereini direla zenbatu du Legorburuk. «Egonkor» dagoela adierazi du, nahiz eta aitortu duen iraganean eremu handiagoak ereiten zirela. «Orain, ustiapena askoz ere hobea da. Posible da hektarea bakoitzeko 50 tona ateratzea. Duela 30 edo 20 urte, pentsaezina zen». Udazkenean 14.000 bat tona jasoko dituztela kalkulatu dute. Udapa patataren sektorean dabiltzan ekoizleak batzen dituen kooperatiba bat da, eta ekoizle handienak biltzen ditu.

«Orain, ustiapena askoz ere hobea da. Posible da hektarea bakoitzeko 50 tona ateratzea. Duela 30 edo 20 urte, pentsaezina zen» 

JON LEGORBURUUdapako labore arduraduna

Sektoreak izandako garapen teknikoa eta teknologikoa dira hobekuntzaren sekretua. Urteetako ikerketari eta jakinduriari esker, orain Euskal Herriko baldintzetara hobeto egokitzen diren patata motak ereiten dira. Nagusiki, Monalisa, Lucinda eta Garratza ereiten dira, nahiz eta duela hiru urtetik hona bertako barietate bat ere ereiten den, Edurne eta Beltza izenekoa.

Halaber, hobeto zaintzen dira. Gaixotasunen eta izurriteen aurkako neurriak geroz eta eraginkorragoak izatean gain, esaterako, ureztatze sistemak informatizatuta daude. Horri esker, patata landare bakoitzak behar duen ur kantitatea jasotzen du. Droneak ere hasi dira erabiltzen nekazariak. Airetik ateratako bereizmen handiko argazkiei esker, gaitzen bat duten landareak errazago atzematen dira, Legorburuk baieztatu duenez.

Patatak, jasotzeko puntuan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Patata batzuk, jasotzeko puntuan, artxiboko irudi batean. BERRIA

Hain justu, urte hasieran berritu zuten 2025-2028 aldirako plan estrategikoa. Besteak beste, makineria eta teknologia berrien aldeko apustua egingo dute. Ereiteko makina bat eta uzta biltzeko bat erosi du kooperatibak aurten.

Gazteen bila dabiltza

Hori guztia eta gehiago beharko dela iragarri du Legorburuk. Eskaria eskaintza baino handiagoa dela eta, kanpotik ekarri behar izaten dute patata. «Araban irailetik martxora arte bakarrik jasotzen da patata. Apirilean, asko jota. Baina urte osoan jaten da», arrazoitu du. Urtez urte eraldatutako patataren aukera —dagoeneko moztuta datorrena, adibidez— areagotzen ari dela kontatu du Legorburuk, ohiko patata zaku freskoaren kaltetan.

Ekoizle gazteak erakartzea da defizitari aurre egiteko bideetako bat. «Zaila dago», atsekabetu da arduraduna. «Hasieran inbertsio handia egin beharra dago: makineria, soroak... Udapan laguntza lerroak baditugu, baina familien babesa galdu da. Lehen, familia osoek egiten zuten lan patataren sektorean, baina gaur egun ogibide bakartiagoa bihurtu da, makineriari esker nahikoa baita esku gutxiagorekin».

Errentagarritasuna, gainera, ez dago ziurtatuta. «Klimatologiaren menpe gaude. Iaz, adibidez, uzta bildu beharreko egunetan eguraldi txarra egin zuen, eta soro batzuk ezin izan genituen jaso. Hori bai galera handia».

Halere, aurreikuspenak ez dira txarrak. «Erreleboa badago». Aurten, adibidez, %10 handitu da landatzeko pataten kopurua. Hau da, ekoitzitako patata guztia kontsumorako bada, hurrengo sasoian ez legoke ereiteko patatarik, patatak sartzen baita lur azpian gero gehiago sor daitezen. Ondorioz, ekoitzitakoaren zati bat gorde egiten da, eta, esan bezala, aurten iaz baino gehiago gordeko dute, espero baitute etorkizunean ekoizle gehiago izango direla.

datuak

20

Udapak zenbat bazkide dituen. Beste hamaika kolaboratzaile ere baditu Udapak. Urteren batzuen buruan, horiek ere bazkide bilakatuko dira. Atzerriko ekoizleak kontuan hartuta, laurehun bat lagun biltzen ditu kooperatibak.

200

Zenbat lanpostu sortu diren. Zuzeneko eta zeharkako lanpostuak kontuan hartuta, berrehun bat lagunek egiten dute lan patataren sektorean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.