Oinarrizko errenta jasotzen dutenen kopurua %40 igo da 2009an EAEn

Langabezia saria jasotzeko eskubidea galdu dutenek eskatu dutela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gero eta motelagoa bada ere, krisialdiaren harira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskatzen duten pertsonen gorakadak ez du etenik izan. 2009ko abenduaren 31n oinarrizko errenta zenaren 48.489 hartzaile ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtarrilaren 1ean baino 13.921 gehiago, Eusko Jaurlaritzak atzo zabaldutako datuen arabera.

Urtebetean hartzaileen kopurua %40,15 hazi bada ere, eskaera berrien hazkundea gero eta txikiagoa dela nabarmendu zuten atzo Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailetik. Izan ere, azaroan 441 eta abenduan 557 hartzaile gehiago zenbatu zituzten; iraileko igoera, aldiz, 1.951 lagunekoa izan zen. Iazko hilabeterik txarrena, edonola ere, ekainekoa izan zen, Gutxieneko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jaso zutenen kopurua 2.286 pertsonetan igo zenean.

Pedro Sanchez Eusko Jaurlaritzako Gizarteratze zuzendariak esan zuenez, iazko udan emandako igoera 2008an lanpostua galdu zuten herritar kopuru handiaren ondorioa izan zen, horietako askok langabezia saria ekaina eta iraila bitartean agortu zutelako. Iazko azken hiruhilekoan hazkundea gutxitu izana, berriz, «krisia aldatzen hasteko unean» egotearen ondorioa dela uste du. Oinarrizko errenta, edonola ere, «beharrezkoa izan duten herritar guztiek eskuratu» dutela ziurtatu zuen.

Datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ere egin zituen Sanchezek, eta, esan zuenez, «uste osoa du» hartzaileen kopuruaren igoeran izandako moteltzeak jarraituko duela 2010eko lehenengo hiruhilekoan.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak emandako kopuru osoen arabera, iazkoan 55.000 lagunek baino gehiagok jaso zuten Diru-sarrerak bermatzeko Errenta EAEn. Metatutako kopurua da, hartzaileetako askok behin-behineko lanpostuak topatu izan dituztelako, laguntzak moztuta. Zenbaitek, alabaina, oinarrizko errenta eskatu behar izan dute berriz, kontratua amaitu ondoren.

650 euroko laguntza

Aurtengo kopurua gaurkotu ondoren, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta 650,19 eurokoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik bizi den pertsona bakar batentzat, Espainiako lanbide arteko gutxieneko soldataren %88 alegia. Bi lagunentzat 834,90 eurokoa da laguntza eta 923,56 eurokoa hiru edo lagun gehiagoko familientzat.

Nafarroan, bestalde, oinarrizko errenta jasotzen duten 2.800 familiek 74 euro inguru gehiago kobratuko dituzte hilabete honetatik aurrera; bakoitzaren kopuruaren arabera, 633,30 eta 949,95 euro bitartean jasoko dituzte.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako Sailaren arabera, 2009an 21,63 milioi euro erabili ditu administrazioak oinarrizko errenta ordaintzeko. 2010ean, berriz, 23 milioi inguru gastatzea aurreikusi dute. Hilabete honetan bakarrik, laguntzaren igoera aintzat hartuta, 2,1 milioi bideratzea espero dute.

Oinarrizko errenta eskatu duten nafarren kopurua, berriz, %150 hazi da 2007. urtetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.