Ekonomia

Oinarrizko interes tipoak %4,25 arte igo ditu Europako Banku Zentralak

Eurogunean oinarrizko interes tipoak 25 puntu, %4,25 arte, igotzeko erabakia hartu du gaur Europako Banku Zentralak. Hori egingo zuela aurreikusia zegoen. Kreditu eta deposito erraztasunak areagotu ditu, halaber.

2008ko uztailaren 3a
14:33
Entzun 00:00:0000:00:00
Oinarrizko interes tipoetarako %4,25 arterainoko (25 puntu gehiago) igoeraz gain, kreditu marjinalerako nahiz depositorako erraztasunak areagotzea erabaki du Europako Banku Zentralak, aurreikusi bezala. Igoera hilaren 9an jarriko du indarrean.

Kreditu marjinalaren bidez finantza entitateei dirua mailegatzen die Europako Banku Zentralak, eta kreditu erraztasuna %5,25 arte igotzea deliberatu du. Deposito erraztasunarekin dirua banketxeetan gordetzea saritzen du, eta arlo horri %3,25eko igoera ezarri dio.

Tasen igoera diruaren merkatuan tentsioak dauden honetan erabaki du finantza erakundeak. Halaber, petrolioa eta elikagaiak arrunt garestitzen ari dira azkenaldian, eta oro har, ekonomia hazkundea moteltzen.

Horiek hala, azken zazpi urteetan duten mailarik handienean jarri dituzte interes tipoak euroaren gunean.

Europako Banku Zentraleko presidente Jean-Claude Trichetek eta erakundeko zuzendaritza kontseiluko beste kide batzuek tipoak igotzeko asmoa azaldu zuten duela hilabete batzuk. Inflazioa kontrolpean izatea da neurriaren helburua, haien esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.