Aurtengo udan ere, goranzko joerari eutsiko diote Gipuzkoako hotelek. Okupazioa %85 eta %90 artekoa izan da ekaineko lehen hiru asteotan, eta aurreikusten dute portzentaje horiek izango dituztela uztailean eta abuztuan ere.
Gipuzkoako Hotelak elkarteak egindako inkesta batek eman ditu datuok. COVID-19aren pandemia amaituta, horren aurreko datuak berreskuratuko dituztela aurreikusi du elkarteak. Erreserbak egiteko unean nozitu dute aldea, batez ere. Izan ere, pandemiagatik ezarritako mugen eta neurrien ondorioz, iazko bisitari gehienek «azken unean» egin zituzten, baina aurten neguan eta udaberrian hasi dira udako oporraldiak antolatzen.
Horrez gain, pandemiaren bukaerak ere ekarri du beste zerbait: Europatik kanpoko turistak. COVID-19aren aurkako neurriak tarteko, zenbait herrialdetako turistek ezin izan zituzten Euskal Herriko mugak zeharkatu: esaterako, Japoniako eta Australiako herritarrek. Baina aurten gora egin dute, berriro ere, beste kontinenteetako bidaiarien erreserbek.
Halere, elkarteak azpimarratu du okupazioaren datuak ez direla berdinak udalerri guztietan, eta toki eta establezimendu bakoitzaren ezaugarrien araberakoak izan ohi direla.