Ondare Zerga berrezartzera mugatu da erreformaren aldaketa nagusia

Nafarroako Gobernuak 2012rako aurtengo aurrekontua baino 112 milioi euro gutxiagoko gastu publikoa aurreikusi duInbertsio publikoetara bideratutako 280 milioi eurotik 137 milioi AHTarentzat dira

joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Egungo egoera ez da zergak kentzeko modukoa». 2009an Ondarearen Gaineko Zerga kendu ostean, bere erabakian atzera egin du Nafarroako Gobernuak. Atzo, exekutiboak 2012ko aurrekontuaren aurreproiektua onartu zuen, eta, bertan, zerga neurrien artean jasotzen da Ondarearen Gaineko Zerga berreskuratzea. «Espainia osoan berriro ere Ondare Zerga ezarriko dela aurreikusten ari gara, eta, horregatik, ulertzen dugu ez duela zentzurik itxaroteak eta ondoren zuzenketa bidez aldatzeak», arrazoitu du Alvaro Miranda bigarren lehendakariordeak. Ondare Zerga berriaren bidez 30 milioi euro biltzea espero du. Erreforma nagusia horixe izango da, beste neurriak aldaketa soiletara mugatuko baitira.

Gastuen atalean, ordea, hainbat aldaketa ditu aurreproiektuak. Hasteko, itxurazko aldaketa bat. Azken urteetan Nafarroako Gobernuak zergadunei ezarritako zerga pizgarriak —iaz, adibidez, 342 milioi euro— gastu publiko gisa kontabilizatu ditu, etekin fiskalak kontzeptupean; aurten, ordea, ez. Mirandak arrazoitu du Ogasunak bildu ez duen dirua gastu gisa ezartzea «ideia ona» izateaz gain nazioartean gomendatu egin ohi dela: «Dena den, beste inongo administraziok ez digu jarraitu, eta bakarrik geratu gara». Horregatik, eta Kontuen Ganberak hala aholkatzen zuelako, etekin fiskalak kendu ditu.

Gobernuko departamentuek 2012rako 3.711 milioi euro izango dituzte gastu publikorako, aurtengo aurrekontua baino 112 milioi euro gutxiago. Nondik dator zifra hori? Gobernuak 2012rako espero du ekonomia %1,9 haztea eta, ondorioz, zerga eta tasa bidez 3.407 milioi euro biltzea. Gainera, gehienez barne produktu gordinaren %1,3ko defizita izateko muga betetzeko konpromisoa agertu du Nafarroako Gobernuak, eta, horrenbestez, 257 milioi euro zor bidez finantzatuko ditu. Behin Espainiako aurrekontuekin egin beharreko 47 milioiko doikuntza ezarrita, 3.711 milioi euro izango ditu gastu arruntetarako eta inbertsiorako.

Aurtengo aurrekontuetatik jada 294 milioi euroko gastu murrizketa ezarri du exekutiboak—horietatik 66 milioi euro oraindik zehazteko daude—, eta, hortaz, aurten 3.500 milioi euroko gastuarekin itxiko ditu kontu publikoak. Beste neurrien artean, 73 milioi euroko ordainketak 2012ra atzeratu ditu, eta Mirandak esan du atzerapen horiek aurreproiektuan jaso direla.

AHTak zorraren herena

Guztira, 3.711 milioi euroko gastutik 280 milioi euro inbertsio publikoei dagozkie. Dena den, esanguratsua da inbertsio horietatik ia erdia (137 milioi euro) abiadura handiko trenarentzat izango dela. «Inbertsio publikoa bere osotasunean begiratu behar da. Ez da gauza bera ospitale batean edo errepide batean inbertitzea, baina makroekonomikoki, garrantzitsua da 280 milioi euroko inbertsioa». Mirandaren ustez, «ongietorria da azpiegitura bakar batek biltzea inbertsio publikoaren zati handi bat».

Inbertsio publikoa ez ezik, AHTak 2012ko zor publikoaren heren bat bereganatuko du: 2012an, AHTak izango duen 137 milioi euroko aurrekontutik 87 milioi euro zor bidez finantzatuko ditu gobernuak. Espainiako Gobernuak AHTa oso-osorik finantzatzeko konpromisoa hartua badu ere, EAE bezala, Nafarroa ere diru hori aurreratzen ari da. AHTa kenduta, Nafarroako 2012ko gastu publikoa 3.577 milioi eurokoa izango da.

Orain Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Kontseilura igorriko da aurreproiektua. Ebazpena emandakoan, gobernura itzuli, eta Parlamentura bidaliko da azaroaren 7an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.