Ondarroako arrantzontzi baten bila ari dira, eskifaia erreskatatu ondoren

Ezbeharra astelehenean gertatu zen: Galizian zebiltzan arrantzan, eta erreskatea eskatu zuten denboraleagatik. 'Itoitz' ontziaren seinalea galdu da.

'Itoitz' arrantzontzia, argazki zahar batean. VESSELFINDER
jokin sagarzazu
2026ko otsailaren 12a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondarroako (Bizkaia) Itoitz arrantzontziaren seinalerik ez daukate. Astelehen goizean erreskatatu zuten eskifaia, zazpi arrantzalez osatutakoa. Lehen hipotesien arabera, itsaso zakarraren ondorioz ontzian ura sartu izanak eragin zuen ezbeharra. Itsas salbamenduko arduradunek oraindik ez dakite ontzia hondoratu den ala jitoan dabilen. Igorritako azken seinaleen arabera, Coruñako portutik (Galizia) 65 miliara zegoen.

Itsas Salbamenduak azaldu duenez, astelehenean 10:50 aldera jaso zuen alerta. Itoitz ontzitik gertu zegoen beste batek eman zuen abisua, Muxiako (Galizia) Abra-k. Hara igo zituzten Itoitz-eko marinelak. Aurretik, patroiak salbamendu baltsa batera igotzeko agindu zuen. Itoitz arrantzontziak Ondarroan du portua, baina armadorea Muxiako alkatea da, Javier Sar.

Kokapena
Ontzia non zegoen seinalea galdu zenean. MARINE TRAFFIC

Asteazken gauean galdu zen ontziaren seinalea. Azkeneko datuen arabera, kostatik 65 itsas milia ingurura zegoen. Itsas Salbamenduak gaur goizean jakinarazi duenez, atoiontzi eta hegazkin bat prest dauzka ingurura gerturatzeko, baina operazioa atzeratu behar izan du, itsasoaren egoera txarragatik eta haizeteengatik. Ontzia hondoratu ez bada, ez dute baztertzen gaur Frantziaren jurisdikzio uretara iristea eta horrek operazioa zailtzea.

Itoitz arrantzontzia 2003ko otsailean erregistratu zuten. 24 metro luze da eta 5 metro zabal, eta altzairuzko kroskoa du. Itsas hondoko arrantza egiten du, tretzaren teknika erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.