Opor fiskaletatik berreskuratu zuen dirua gastatzea egotzi dio PPk EAJri

Arabako Foru Aldundiak 96 milioi euroko zuloa du aurtengo aurrekontuan, eta 2012 urterako «gerra ekonomia» iragarri duErrenta zerga egokitzeko prest legoke, baina Gipuzkoaren asmoetatik «oso urrun» dago

Jose Zurita Arabako Ogasun ahalduna, kargua hartzeko ekitaldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Albiste txarrak erreskadan datozkio Arabako Foru Aldundiari. Zerga bilketa ahularen ondorioz ez zuela aurtengo aurrekontua orekatzeko diru aski izango egiaztatu zuen udaren bueltan. Zuloa 40 milioi euro ingurukoa izango zela jakinarazi zuen orduan foru gobernuak. Ezustea atzo iritsi zen, Josu Zurita ogasun ahaldunak azken desfasea ia 100 milioi eurora igo zuenean.

Zergatik gizendu da horrenbeste faktura hilabete eskas batean? Zerga bidez diru gutxiegi biltzeaz aparte, beste bi gasturi aurre egin beharko die Arabako ogasunak aurten. Alde batetik, Rover auziaren kontrako epaitik dagokion partea ordaintzen hasi behar du. Bestetik, opor fiskaletatik berreskuratu zuen dirutik dagokion zatia itzuli behar dio Eusko Jaurlaritzari.

Hiru faktoreak batuta, 96 milioi euroko zuloa azaleratu da: 20 milioi euro bilketa ahulari dagozkio, eta beste 20 milioi euro Rover auziko epaiaren lehen ordainketari. Beste 56 milioi euro opor fiskalen itzuleraren ondorio dira.

Ogasun ahaldunaren arabera, opor fiskaletan enpresei emandako laguntzatik 80 milioi euro berreskuratu zituen Arabako Foru Aldundiak 2007. eta 2008. urteetan, Europako justiziak kenkari fiskal horiek legez kanpokotzat jo eta gero. Urte horietan EAJkoak ziren ahaldun nagusia, Xabier Agirre, nahiz Ogasun ahalduna, Jose Cimiano. Orain, Ekarpen Legeak dioenari jarraituz, diru horretatik %70 — 56 milioi — Eusko Jaurlaritzari eman behar dio aldundiak, eskumen komunen truke, baina ez dago dirurik.

Berreskuratu zen diru hori beste urteetako aurrekontuak orekatzeko erabili izana aurpegiratu zion Ogasun ahaldun popularrak jeltzaleei. «Zapata kutxa batean gorde beharreko dirua zen, kontuz erabiltzeko ohar batekin», kritikatu zuen Zuritak, eta foru gobernuak ez duela orain ordainketa bere gain hartzeko likideziarik ziurtatu zuen. Dagoeneko, egoeraren berri eman die beste aldundiei eta Jaurlaritzari, eta asteon egingo den Finantzen Euskal Kontseiluan konponbide bideragarri bat lortzen saiatuko da.

PPren eta EAJren arteko polemika piztu zuen Zuritaren akusazioak. Emandako kontuak ez zirela egiazkoak salatu zuen EAJko bozeramaileak Batzar Nagusietan, Ramiro Gonzalezek, eta Ogasun diputatuari «bazterrak nahastea» egotzi zion. Gonzalezen arabera, PPk gobernua hartu baino lehen 68 milioi euroko soberakina utzi zuten jeltzaleek, besteak beste, Jaurlaritzarekin zorra kitatzeko erabil zitekeena. Azkenean, zerga bilketa iaz aurreikusi zen baino %7 txikiagoa izango da. Horrek 35 milioi euroko defizita eragingo du, baina dagoeneko 16 milioi euro aurreztu dituzte aldundiko hainbat sailen artean. Beste 20 milioi euroak zuzenean heldu den urteko aurrekontuetara pasatuko dira. 2012. urteko aurrekontuak «erabat murriztaileak» izango direla iragarri zuen Zuritak, eta herrialdeak «gerrako ekonomia» ezarri beharko duela nabarmendu zuen, gastuak eta diru sarrerak orekatzeko.

«Ukituak» errenta zergari

Erreforma fiskala ere hizpide izan zuen Ogasun ahaldunak, herrialdearen finantza egoera azaltzeko Batzar Nagusietan egin zuen agerraldian. Ondare Zerga berriro martxan jartzea baztertu zuen, eta «soseguz» Sozietate Zergaren aldaketa aztertzeko prest agertu zen. Lanpostu finko bakoitzeko enpresei 4.600 euroko laguntza ematea proposatu zuen Zuritak, eta etekinak kapitalizaziora eskaintzen dituzten konpainientzat abantailak eskatu zituen. Errenta zergari dagokionez, «ukituak» egiteko aukera ontzat jo zuen, baina Bilduk Gipuzkoan egin duen proposamen fiskaletik «oso urrun» daudela azpimarratu zuen.

Bestalde, Fitch rating agentziak AAA kalifikazioa berretsi zion Arabako zorrari, AA+ Bizkaia eta Gipuzkoari, eta AA Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari. Iruñeko Udalak, berriz, AA- kalifikazioari eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.