Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua udako oporraldia «aprobetxatzearen» alde azaldu da, enpresek ekoizten jarrai dezaten eta bezeroak gal ez daitezen, betiere zuzendaritzek eta langileek hala adosten badute.
Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean adierazi du Mecedesek eta beste enpresa batzuek proposamen hori egin dietela beren langileei, COVID-19ari aurre egiteko ezarri diren neurriengatik —aldi baterako erregulazioak eta oporraldi behartuak, besteak beste— lanean egin ez dituzten orduak «errekupera» ditzaten.
«Orain, eskaera garrantzitsuei aurre egin beharko zaie; nire ustez, hobe da udan lan txandak egitea, aukerarik ez galtzeko, eta betiere aldeek adostuta eta segurtasun eta osasun baldintzak bermatuta».
Sailburuaren arabera, euskal ekonomiak «egoera kritikoa» bizi du, eta horri irtenbidea emateko beharrezkoa da arlo publikoaren eta pribatuaren artean modu koordinatuan lan egitea, eta «aurreko krisietako esperientzia baliatzea».
Haren ustez, «susperraldiaren buruan» egoteko zimenduak daude, industriak BPGan duen pisuagatik eta «gure egiteko moduagatik», baina ohartarazi du kostako dela. «V itxurako susperraldirik ez da izango; Nikeren logoa bezalakoa izango da: beherakada handia izango du, baina susperraldia ez da hain azkarra izango».
Industria «birkokatu»
Tapiak uste du egungo krisia baliatu behar euskal industriek beren ekoizpen katearen zati bat «birkokatu» dezaten, eta hornitzaileen kontratazioa dibertsifikatzeko, etorkizunean beste osasun krisi bat izango balitz Asiako merkatuekiko hain mendekoak ez izateko. Adibide gisa jarri du maskaren ekoizpena, eta nola Mondragon Taldeko enpresa bat hasi den horiek Euskal Herrian ekoizten.
«Ahalik eta merkatu gehienetan egon behar da aliatuak bilatzeko, dena etxera ekartzea ez baita ona, baina hori bateragarria da ekoizpen katearen zati bat birkokatzearekin. Euskal enpresak prest daude eskulan handienaren kostuari aurre egiteko, industriaren digitalizazioari esker, planta robotizatuagoekin».
Bestalde, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak uztailean egitearen alde azaldu da Tapia, osasun baldintzek aukera ematen badute. «Gobernu berri eta indartsu bat behar da, eta legeak egingo dituen parlamentu bat, lehenbailehen ekonomiaren suspertzeari heltzeko».