Koronabirusa. Carlos Arsuaga. Bexen Medicaleko zuzendaria

«Markinan ekoitziko ditugu maskarak»

Erlojuaren aurka jarri dute martxan Mondragon taldeko enpresa bik maskarak egiteko proiektu handi bat. Oiarso kooperatibaren Bexen Medical hilero hamar milioi maskara ekoizten hasiko da hil honetan.

BERRIA.
xabier martin
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Botiken Espainiako Agentziaren dei bat jaso dute Mondragon Korporazioko enpresa bik: Aretxabaletako Mondragon Assemblyk eta Hernaniko Bexen Medicalek. Eskaera zehatza izan dute biek: ahalik eta maskara gehien ekoizteko proiektu bat martxan jartzea, ahalik eta lasterren. Kooperatibek erantzun egin dute, eta hil honetan bertan koronabirusaren prebentziorako maskarak ekoizten hasiko dira, hamar milioi hilero. Assembly ekoizpen makinak egiten ari da, eta Bexenek maskarak ekoitziko ditu. Europako maskara ekoizle handienetakoa bihurtuko da Bexen.

Noiz jaso zenuten Espainiako agintarien deia?

Orain hiru aste deitu ziguten, eta hornidura behar zutela esan ziguten, baina ahalik eta azkarren. Mondragon Assemblyrekin hitz egin genuen, haiek, besteak beste, maskarak ekoizteko makinak egiten baitituzte Txinan, Kunshango parkean.

Mondragon Korporazioaren barruan operazio oso bat jarri da martxan orduan?

Gu ari gara operazio hori koordinatzen. Apirilaren 15ean lau makina bidaliko ditu Assemblyk hona, hegazkinez. Hiru guretzat, eta laugarrena Defentsa Ministerioarentzat. Hilaren 17an hemen izango dira, eta hil bukaeran hasiko gara ekoizten, muntatze osoa bukatzen denean.

Mondragon Assemblyk bazituen eginak makina horiek?

Ez, makina handiagoak egiten dituzte, eta zehaztapen jakin batzuekin egiten ari dira berriak. 24 orduz ari dira lanean azken egunetan makinak ahalik eta lasterren bukatzeko. Hemen egingo balituzte, hiru hilabete beharko lituzkete. Txinan laster bukatuko dituzte. Denbora da lehentasuna orain.

Hamar milioi maskara hilero. Gaitasun handiko makinak izango dira, ezta? Hainbeste behar dira?

Txinarekiko menpekotasun handia dago Europa osoan, ez dagoelako horrelakorik kasik kontinentean. Ministerioak esan zigun estrategikoki ere interes handia zuela ekoizpen zentro handi bat edukitzeko estatuan, oraingo krisiak luze jo dezakeelako. Antzeko zerbait berriro gertatuz gero, ez dute horrenbesteko mendekotasuna izan nahi Txinarekiko.

Zamudioko Sibol enpresak ere maskarak ekoizten ditu. Desberdinak dira?

Bai, bai, desberdinak dira. Gureak kirurgian erabiltzeko dira, babes handienarekin; haienak babes maskara sendoak dira, erabilera anitzekoak.

Hernanin ekoitziko dituzue?

Ez, Hernaniko zentroa gure beste produktu medikoetarako behar dugu. Mondragon taldeko beste enpresa batekin akordioa egin dugu haren areto zuria erabiltzeko.

Areto zuria?

Medikuntzarako produktuak ezin dira edozein instalaziotan ekoitzi, baldintza jakin batzuetan baizik, segurtasuna eta beste kontuan hartuta.

Non ekoitziko dituzue?

Markinatik gertu.

Cikautxon?

Bai jauna. Dena korporazioan ari gara egiten. Denen artean aurrera aterako dugu hau, nahiz eta gu ari garen koordinatzen.

Hil bukaera arte itxaron beharko da orduan.

Bai, baina gure Txinako hornitzaile bati lau milioi maskara erosi dizkiogu, eta Osakidetzan banatzen ari gara jadanik, Gipuzkoako Aldundian ere bai, baita taldeko enpresa batean ere, zahar etxeen kudeaketan ari delako.

Lurrikara betean enplegua sortuko duzuela esan dezakezue?

Bai, 25 bat langile beharko ditugu lau txandatan aritzeko etengabe, egunero 350.000 maskara inguruekoitzi behar ditugu eta. Mondragonen aterkiak asko lagundu digu, finantza gihar handia behar delako hau dena martxan jartzeko. Aralar papergileak ere asko lagundu digu zelulosaren kontuarekin. Lehengaiaren horniduraren inguruan aholkularitza eman digu. Txinako zelulosa ekoizleek lehengo prezioa halako hamabost ezarri dute orain, ikusi dutelako mundu osoak duela maskaren beharra. Horri gehitu behar zaio makinak hona hegazkinez ekartzearen prezioa. Atera kontuak nolako ahalegina eskatzen duen hau martxan jartzeak.

Euskal industriaren giharra eskatu dute askok osasun krisiari aurre egiteko. Iritsi da?

Bai, horixe. Espainiako Gobernuak Mondragoneko presidente Iñigo Uzinekin hitz egin zuen, eta Iñigok esan zidan zerbait egin behar genuela. Oso esker oneko agertu dira. Aurrerantzean, osasun sistemaren hornitzaile izango gara, baina Europako merkatuetan ere hedatuko gara; apenas dauden bertako hornitzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.