Koronabirusa

Urkulluk eskurago dauka orain hauteskundeetara uztailean deitzea

EAJren eta Sanchezen arteko akordioak «erraztu» egin du bozetara udan deitzea. PSE-EEk dio uztailean egitea dela «alternatibarik egokiena»

Aitor Esteban EAJren bozeramailea, atzo, Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egin nahi zituela esana zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, eta, atzotik, errazago du bidea horrela izan dadin. EAJren eta Pedro Sanchezen arteko akordioak ez du zalantzarako tarterik uzten: larrialdi egoera indarrean egonda ere, Urkulluk eskumen osoa izango du bozetara deitzeko. Erabakia ez dago hartuta, baina hauteskundeetara uztailean deitzeko aukerak inoiz baino indar handiagoa du orain.

Hiru ziren EAJren baldintzak alarma egoeraren luzapena babesteko: pandemiaren aurkako neurriak erkidegoekin adostea eta erkidegoetako presidenteek ezartzea, Madrilek hauteskundeak «erraztea», eta Trebiñun gertutasun irizpideak izatea eta Arabako zerbitzua jasotzea. Akordioarekin, bozetara uztailean deitzeko aukera eskura du Jaurlaritzak. Koronabirusaren izurriak eragindako osasun krisi betean hauteskundeetara deitzeak hainbat zalantza juridiko sortzen zizkion Jaurlaritzari, besteak beste Espainiako Gobernuarekin talka egiten zuelako hainbat eskumenetan. Izan ere, Madrilen esku daude bozen errolda, posta bidezko botoa eta atzerriko botoaren kontrola, eta horiek beharrezkoak dira hauteskundeak baldintza normaletan egin ahal izateko. Hauteskundeak berme juridiko guztiekin egin ahal izateko Madrilen oniritzia lortu dute jeltzaleek akordioarekin. Adostutako testuak hau dio: «Alarma egoera indarrean egotea ez da inolako oztoporik izango autonomia erkidegoetako parlamentuetarako hauteskundeak garatzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko».

Hauteskundeak noiz egingo diren, baina, ez dago oraindik erabakita. Uztailean egitea erabakitzen bada, bi data daude mahai gainean: uztailaren 12a edo 19a. Nolanahi ere, Urkullu eta alderdiak hilaren 14an bilduko dira berriro bozei buruz hitz egiteko, eta orduan argitu daiteke egutegia. Gaur-gaurkoz, oposizioko talde guztiak aurka ditu lehendakariak: EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk ez dute hauteskundeen beharrik ikusten egoera honetan. Edozein eratan, taldeen adostasuna ez da ezinbestekoa bozetara deitzeko, eskumen hori lehendakariari bakarrik baitagokio.

PSE-EE ere ados

PSEk errezeloz hartu izan du orain arte bozetara uztailean deitzea, baina atzo sozialistak lehen aldiz mintzatu ziren aukera horren alde, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuaren ahotik. Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak bizi duten ezohiko egoeraz ohartarazi zuen sailburuak hauteskundeen beharra aldarrikatzeko. Arriolak nabarmendu zuen «behin-behineko» egoeran dagoela Eusko Jaurlaritza, eta legebiltzarrak «murriztuta» dituela eskumenak, eta ezinbestekoa dela «ahal den azkarren» hauteskundeak deitzea.

Haren ustez, segurtasun neurri guztiak bermatzen badira eta osasun egoerak ahalbidetzen badu, bozetara udan deitu beharko litzateke: «Uztailean bada, askoz hobe». Data hori litzateke, haren ustez, «alternatibarik egokiena», udazkenean koronabirusaren izurriak bigarren hazkunde bat izan baitezake, eta ordurako gobernu berriak osasun krisia kudea lezake.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak ere bozen dataren inguruko erabakia «lehenbailehen» hartzea nahi du, eta atzo oposizioko taldeei eskatu zien argitzeko zein den euren proposamena. Alarma egoera indarrean egonda ere hauteskundeak egitea posible dela azaldu zuen Erkorekak, «baita uztailean ere». Haren iritziz, larrialdi egoera ez da oztopo hauteskundeak egiteko: «Alarma egoeraren zenbait neurri malgutu dira, eta beste batzuk aldatzen ari dira. Malgutasun horren barruan posible da, inolako zalantzarik gabe, mugikortasun baldintzak betez bozetara deitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.