Oporren amaieraren hasiera

Diputazioen opor fiskalei buruzko ahozko epaiketa egingo dute gaur Europako Justizia Auzitegian, LuxenburgonEnpresek jasotako laguntzak berreskuratu behar diren edo ez erabaki beharko du

Jose Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputatu nagusiak. L. J. / ARP.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako opor fiskalen auziak telebistako foiletoi bat dirudi: istorio amaiezina, tentsioa, etengabe korapilatzen den trama... Ia hogei urte dira hasi zenetik. Amaiera, amaieraren hasiera behintzat, gertuago dago: auziaren etorkizuna baldintzatuko duen ahozko epaiketa egingo baita, gaur goizean, Luxenburgon. Europako Justizia Auzitegiak hilabete batzuk barru erabakiko du ea diputazioek opor fiskalez baliatu ziren enpresen dirua berreskuratu behar duten edo ez. Asko dago jokoan.

1. Zer da gaurkoahozko epaiketa?

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek kasazio helegitea aurkeztu zuten Europako Erkidegoetako Lehen Auzialdiko Auzitegiaren 2009ko iraileko epaiaren kontra: sententziaren arabera, diputazioek 1990eko hamarkadan enpresei eskaini zizkieten opor fiskalak legez kanpokoak ziren, eta diputazioek enpresek aurreztutako dirua berreskuratu behar zuten. Gaur egingo da helegite hari dagokion ahozko epaiketa, Europako Justizia Auzitegiaren egoitzan, Luxenburgon. Epaileek bi aldeen argudioak entzungo dituzte.

2. Nork parte hartuko du?

Alde batean izango dira diputazioak, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua; bestean, berriz, Europako Batzordea eta Errioxako Gobernua. Errioxako Gobernuak diputazioen pizgarrien kontrako salaketak jarri izan ditu onartu eta berehala, 1994tik aurrera. Oporrek eta pizgarriek enpresak Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara erakartzen zituztelako, ez Errioxara.

3. Zer erabaki behar du?

Ea 1990eko hamarkadan opor fiskalez baliatu ziren enpresek ordaintzeke utzi zuten dirua bueltatu behar duten edo ez. Erabakia ez da opor fiskalen legezkotasunari buruzkoa. Ezin da helegiterik aurkeztu erabakiaren kontra, azken instantzia baita. Hiru eta sei hilabete artean pasa beharko dira epaia jakiteko.

4. Zer argudiatuko dute diputazioek?

Diputazioek eta Espainiako Gobernuak —Estatuko Abokatutzaren bidez— 2009ko sententzia baliogabetzeko eskatuko dute. Bizkaiko Diputazioak nabarmendu du Europako Batzordearen onespena jaso zutela opor fiskalak indarrean jartzeko eta opor fiskalak legezkoak zirela esan zuela 1994an, Errioxako Gobernuak haien kontrako salaketa jarri zuenean. Ez zirela estatu laguntzak, alegia. Baina gero, 2000. urtean, iritziz aldatu zuen. Bizkaiko Diputazioarentzat, beraz, ezin du eskatu enpresek dirua bueltatzeko, opor fiskalak onartu ziren garaian legezkoak zirelako.

Bizkaiko Diputazioak gehitu du 2009ko prozesuan Europako Erkidegoetako Lehen Auzialdiko Auzitegiak Bizkaiko Diputazioaren eskubideak urratu zituela, ez zielako utzi hori guztia frogatzen.

5. Isuna jaso al dezakete?

Bai. Europako Batzordeak Europako Justizia Auzitegiari eskatu dio sekulako isuna ezar diezaiela opor fiskalen bidez enpresei barkatutako zergak garaiz eta erabat ez berreskuratzeagatik.

6. Zenbateko isuna?

25.817,40 euro egunero, Europako Justizia Auzitegiak opor eta pizgarri fiskalen kontrako lehen epaia eman zuenetik bigarrena ematen duen arte. Lehen epaia 2006ko abenduaren 14an eman zuenez, orain arte pilatutako isuna 40 milioi eurotik gorakoa da. Bigarren epaia ematerako hilabeteak pasako dira oraindik, eta isuna 50 milioi eurora irits daiteke. Betiere auzitegiak Europako Batzordearen eskaera aintzat hartzen badu. Oraindik ez du aurkeztu, zerbitzu juridikoak eskaera prestatzen ari baitira.

Aintzat hartuz gero, dirua garaiz bueltatu beharko dute, atzeratzen diren egun bakoitzeko ordaina asko gizenduko baita: 236.044,80 euro.

7. Ez al dute dirua bueltatu?

Diputazioen esanetan bai, baina Europako Batzordearen iritziz ez. Arazoa da ez dela nahikoa diputazioek baietz esatea, Europako Batzordea konbentzitu behar dutela baizik. Gainera, isuna ezartzen badiete, isunaren kopurua hazten joango da Europako Batzordeak enpresek itzulitako dirua ontzat jo arte.

Europako Batzordeak sententzia eta isun eredugarriak nahi ditu diputazioentzat, urte askoan diputazioek adarra jo diotela uste duelako, prozesua etengabe luzatuz: Europako Batzordeak 2001ean eskatu zien dirua bueltatzeko, eta Europako Justizia Auzitegiak eskaera berretsi zuen 2006an. Hamar urte pasa dira.

Diputazioek, ordea, Europako Batzordeari leporatzen diote urte hauetan guztietan ez diela zehaztu bere iritziz zenbat diru falta zen eta zein enpresei zegokien.

8. Nork ordaindu behar du isuna?

Ez dago argi. Berez, Europako Justizia Auzitegiaren auzia Espainiaren kontrakoa da, herrialdeen kontra egiten baitu. Baina pizgarriak diputazioek onartu zituztenez, beraiei dagokie ordaintzea.

Hala ere, gaia korapilatu egin da aste honetan, Espainiako Gobernuak onartutako Ekonomia Iraunkorraren Legeak gauza bat eta ia kontrakoa esaten baititu testu berean. Alde batetik, xedapen gehigarri batean dio Europaren isuna arau-haustea egin duen eta zigorra eragin duen administrazioak ordaindu behar duela, Europak beti estatua zigortzen badu ere. Ministroen Kontseiluak erabakiko luke nor den erruduna.

Bestetik, ordea, beste xedapen gehigarri batean zehazten du legea aplikatuko dela, Nafarroako Foru Hobekuntza aintzat hartuta eta «betiere Kontzertu Ekonomikoaren Legeak jasotzen duenari kalterik egin gabe». Eta kontzertu ekonomikoak ez du aurreikusten diputazioek isunen kargu egin behar dutenik.

Erakundeek ez daukate garbi nork ordaindu behar duen. Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak uste du goizegi dela isunari buruz hitz egiteko, oraindik ez delako zigorrik jaso; baina Eusko Jaurlaritzak badaezpada txosten bat eskatu die bere abokatuei, egoera argitzeko.

9. Zein ziren gainerako pizgarri fiskalak?

Gaurko ahozko epaiketan opor fiskalei buruz hitz egingo dute, baina diputazioek laguntza gehiago ere onartu zituzten enpresentzat 1990eko hamarkadan. Alde batetik, opor fiskal txikiak deitutakoak: sozietate zergan %25 eta %99 arteko kenkariak enpresa berrientzat, irabaziak zituzten lehen urtetik aurrera. Bestetik, zerga pizgarriak: aktiboetan 15 milioi euro baino gehiago inbertituz gero, sozietate zergaren bidez inbertsioen %45 berreskuratzeko aukera. Bi pizgarri horiei buruzko auzibidea opor fiskalenetik aparte doa, eta beste ahozko epaiketa bat egin beharko dute.

Hiru diputazioen artean 700 milioi euro ingururen laguntzak eman zizkieten laguntzetan, 300 bat enpresari. Opor eta pizgarri fiskalak jada ez daude indarrean.

10. Zenbat diru falta da berreskuratzeko?

587 milioi euro, Europako Batzordearen arabera. Pello Gonzalez Gipuzkoako Ogasun diputatuak esana du Gipuzkoak 37 milioi euro gehiago berreskuratu beharko lituzkeela, Europako Batzordeak iazko maiatzeko bilera batean eman zien zirriborro baten arabera.

Diputazioen esanetan, 280 milioi euro inguru berreskuratu dituzte: Arabak 86, Bizkaiak 134,5—38,5 milioi euroren interesak barne— eta Gipuzkoak 59. Baina guztira 587 milioi euro falta badira, horrek esan nahi du hiru eurotik bakarra berreskuratu dutela. Europako Batzordearen arabera, diputazioek txikitu egin dute itzuli beharreko dirua, garai hartan Europan indarrean zeuden laguntzen batez bestekoa (%25) kendu baitiete. Diputazioek emantzat jo dute enpresek laguntza horiek jasoko zituztela.

Enpresak beldurtuta daude. Diru gehiago bueltatu behar izanez gero enpresa batzuk itxi egingo liratekeela esan dute. 69 enpresak 587 milioi euro bueltatzea falta bada, batez beste 8,5 milioi euro itzuli behar ditu bakoitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.