Krisia eurogunean

Oposizioak hazkundea eta finantza tasa bultzatzera behartu du Merkel

Alemaniak zerga ituna onartzeko akordioa lortu du, eta Espainiako Kongresuan onartu egin dute

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Alemaniak zerga ituna onartuko du. Alemania izan da zerga itunaren bultzatzaile nagusia, baina atzora arte ziurtatu gabe zeukan onartuko zuela. Angela Merkel kantzilerraren koalizio gobernuak oposizioko alderdien babesa behar zuen zerga ituna onartzeko, eta Merkelek euroguneko goi bileretan egin ohi duen moduan, oposizioak trukean zenbait baldintza eskatu zizkion zerga itunari babesa emateko: Europako Batasunean hazkundea, enplegua eta finantza salerosketan zerga bultzatzea.

Zerga itunak funtsean dio herrialdeen urteko defizitak ezin duela BPGaren %0,5a gainditu; herrialdeek muga hori arau bihurtu behar dutela; BPGaren %60tik gorako zor publikoa duten herrialdeek urtean %5 gutxitu behar dutela; eta mugak gainditzen dituztenei neurriak eta isunak ezar diezazkieketela.

Zerga itunak ganberen bi hereneko babesa behar du. Alemaniako Gobernuko alderdiek badute gehiengo hori Bundestagen, baina ez Bundesraten. Koalizio gobernuko alderdiek (CDU, CSU eta FDP) eta oposizioko SPDk eta Berdeek atzo lortu zuten akordioa. Datorren ostiralean bozkatuko dute zerga ituna bi ganberetan.

Zerga ituna bakarrik ez, ESM Europako Egonkortasun Tresna, erreskate funts iraunkorra, onartzeko akordioa ere lortu zuten atzo Alemanian. Hala ere, onartuta ere, Auzitegi Konstituzionalaren zain egon beharko dute, ezkerreko Linke alderdiak helegitea aurkeztu baitu. Asmoa uztailaren 9rako euroguneko herrialde guztiek onartzea eta abian jartzea da, baina Alemaniako helegiteak atzeratu egingo du.

Finlandiako Parlamentuak atzo onartu zuen Finlandiak ESMn parte hartzea: 104 diputatuk alde eta 71k kontra bozkatu zuten. Finlandiak hasieran uko egin zion ESMn parte hartzeari, ez zuelako izango beto eskubidea.

Diru publikoa hazkunderako

Akordioak esan nahi du Merkelek euroguneko krisia kudeatzeko irizpideak aldatuko dituela? Ziurrenik ez. Akordioak dio «funtsekoa» dela defizitak murriztea, eta akordioan ez dago azkenaldian Merkelek Bruselan aipatu ez duen neurririk, hitzez behintzat. Hazkundea sustatzeko diru publikoa erabili behar dela esatea ez bada. Testuak «inbertsio handiak» eta «egiturazko erreformak» aipatzen ditu. Horretarako Europako Batasuneko funtsen helburua aldatu eta enplegua, hazkundea, berrikuntza, prestakuntza, berrikuntza eta teknologia sustatu behar direla dio.

Alemaniako oposizioarentzat akordioa garaipena da. «Gobernuak aurrezteko politika hutsak baztertu ditu», Cem …zdemir Berdeen presidentearen arabera.

Finantza salerosketen zergari dagokionez, urtea amaitu baino lehen ezarri nahi dute. Helburua Europako Batasuneko herrialde guztietan ezartzea da, baina, lortuko ez balitz, Alemaniako Gobernua ahalik eta herrialde gehienek onar dezaten saiatuko da.

Azken egunotan inkestek diote Alemaniako ekonomia moteltzen ari dela, eta produkzioa eta esportazioak moteldu egingo direla urtearen bigarren erdian.

Espainiak atzo onartu zuen zerga ituna. Zerga itunak babes oso zabala lortu zuen: PP, PSOE, CiU, EAJ, UPD eta UPN. Ezkerreko alderdiek herri galdeketa egiteko eskatu zuten. Josu Erkoreka EAJko diputatuak gogorarazi zuen EAJk Europaren eraikuntza babestu izan duela, eta zerga ituna onartzeak ez duela esan nahi hazkundea bultzatzeko neurriak baztertzen direnik.

Euroguneko lau ekonomia handienetako buruzagiek bilera egingo dute gaur Erroman: Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, François Hollande Frantziako presidentea, Mariano Raxoi Espainiakoa eta Mario Monti Italiako lehen ministroa bilduko dira. Datorren asteko goi bilerari buruz hitz egingo dute.

Ikusteko dago Montiren azken proposamena aztertuko duten: euroguneko erreskate funtsek zenbait herrialderen zorra erostea —Espainiarena eta Italiarena—. Merkelek herenegun esan zuen aukera hori «teorikoa» baino ez dela. Erreskate tresnen laguntza jasotzen duten herrialdeek eurogunearen aginduak bete behar dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.