Janari banaketarako plataforma digitalak langile autonomoekin ari dira oraindik ere, atzotik Espainiako rider-en legea indarrean dagoen arren Hego Euskal Herrian. Enpresa horiek hainbat formula bilatu dituzte, eta oraindik ikusteko dago legearekin bat datozen ala ez. Araudiak langileak soldatapeko egitera behartzen ditu konpainia horiek, baina hainbat irtenbide bilatu dituzte hori bere horretan ez betetzeko. Banatzaileen elkarteek eta sindikatuek zalantzak agertu dituzte, eta salaketak aurkezteko aukera aztertzen ari dira. Hego Euskal Herrian 1.500 banatzaile inguru daude enpresa horientzat lanean.
Glovoren kasuan, konpainiak jakinarazi du langileen %80k autonomo gisa jarraituko dutela, «eredu berri» baten pean, eta ziurtatu du horrek legea beteko duela. Gainerako beharginak soldatapeko gisa kontratatuko ditu 2021ean. Araudiari izkin egiteko, Glovok beretzat lan egiten duten langile autonomoei aukera emango die plataformaren aplikaziora nahi duten orduan konektatzeko, eskaerak baztertzeko eta beste langile batzuk azpikontratatzeko haien ordez aritu daitezen, eta «nolabaiteko askatasuna» emango die banaketa tarifak erabakitzeko.
Deliverook, berriz, baieztatu egin du urria inguruan alde egingo duela Hego Euskal Herritik eta Espainiako araudiaren menpe dauden gainerako lurraldeetatik, baina aurretik kaleratze kolektiboko prozesu bati ekingo diola. Horretan parte hartu ahal izateko, Gizarte Segurantzan izena emanda edukiko ditu langile guztiak, baina ordura arte autonomo gisa jarraitu beharko dute lanean, «orain arte bezala». Hori egungo legediarekin «bateragarria» dela azpimarratu du enpresak.
Ubereats konpainiak, ostera, autonomoengana jotzeari utzi dio, eta banaketa zerbitzuetan espezializatutako beste enpresa batzuen bidez azpikontratatutako langileak baino ez ditu erabiliko. Ziurtatu du ez duela joko aldi baterako laneko enpresetara (ABLE).
Just Eat enpresa bakarra zen legea indarrean sartu aurretik horrek dioena betetzen zuena. Dena den, langile asko azpikontratatu egiten ditu beste batzuen bidez. Horiek ere zuzenean enplegatu gisa hartzeko asmoa agertu du, eta prest agertu da horri ekin aurretik sindikatuekin hitzarmen bat sinatzea negoziatzeko.
Beste marka txikiago batzuek ohartarazi dutenez, hiru hilabeteko epea «ez da nahikoa izan» legera egokitzeko, eta, rider-ak kontratatzen hasi diren arren, oraindik ez dira % 100era iristen.
Sindikatuen zalantzak
Atzotik indarrean dagoen araudia kasu guztietan betetzen dela ziurtatzeko, zaintza zorroztea eskatu dute ELA, CCOO, eta UGT sindikatuek -LABek gaur egingo du agerraldia-. Halaber, ohartarazi dute legearen edozein urraketa salatuko dutela. Adibidez, ohartarazi dute beste enpresa batzuk erabiltzeak «langileak legez kanpo lagatzea» ekar dezakeela. Halaber, azpimarratu dute Deliverook egin nahi duen kaleratze kolektiboaren legezkotasuna «zalantzazkoa» dela.
ELAk ohar batean azaldu duenez, banaketa enpresa horietan lan egiten duten pertsonek ez dute lan autonomoa egiten, besteren konturako lana baizik, eta enpresa batentzat lan egiten dutenen berme eta eskubide berberak izan behar dituzte. Era berean, banaketa enpresetako langileei dei egin die beren eskubideen alde borrokatzen jarraitzeko. Nabarmendu du eskubidea dutela besteren konturako langile gisa ez ezik hitzarmen kolektibo baten babesean lan egiteko. Sindikatu abertzaleak gogorarazi duenez, Confebask patronalarekin aurreakordio bat lortu zuten ostalaritzako itunean sartzeko, eta urtarrilean hasiko dira hori negoziatzen.
Oraindik ere autonomo gisa ari dira bizikletako banatzaileak
Glovok hamar langiletik bi kontratatuko ditu, eta besteek «eredu berri» batekin lan egingo dute. Deliverook berretsi du ez duela jarraituko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu