Hauteskunde sindikalak

Ordezko langileen talde batek irabazi ditu hauteskundeak Lakuan

ELA eta LAB nagusitu dira Jaurlaritzaren administrazio osoan, baina behera egin dute biek.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia, Lakuan. IREKIA
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 28a
17:24
Entzun

Aldaketa batzuk izan ditu panorama sindikalak Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazioan. ELA eta LAB dira oraindik sindikatu nagusiak, alde handiz gainera. LABek du boto eta ordezkari gehien administrazio hutsa aintzat hartuz gero: 39 ordezkari ditu eta ELAk 38. Baina Jaurlaritzaren menpeko erakunde autonomoak ere zenbatuz gero, lehen postua ELArentzat da: ELAk 57 ditu, LABek 51, CCOOk 27, UGTk 21 eta independenteek 11. Azken horiek dira berritasuna, orain arte ez baitzuten ordezkaritzarik haien lan baldintzak negoziatzen dituen mahai orokorrean.

Ordezkari independente horiek guztiak talde bakarrekoak dira, Interinok Taldea izenekoa. Erakunde berria da, eta Lakuan bakarrik aurkeztu da, Jaurlaritzaren egoitza nagusian (Gasteiz). Hura izan da nagusi administrazioaren atal horretan.
Zehazki, Lakuan jokoan zeuden 25 ordezkarietatik 11 izango dira talde horretakoak. Sindikatu nagusi guztien lepora irabazi ditu ordezkari horiek, baina batez ere abertzaleen lepora: lau ordezkari galdu ditu ELAk, hiru LABek, eta bana CCOOk eta UGTk.

Ordezkoak, %52

Ordezko langileak (interinoak) ordezkatu nahi ditu Interinok Taldeak. «Ordezkoen tasa oso handia da euskal administrazioan (langileen %52 dira), eta injustizia bat eragiten du milaka langileren artean», azaldu du Juan Luis Ronco taldeko bozeramaileak, Efe agentziak zabaldu duenez. «Hamarnaka urte egon dira lan egiten bigarren mailako funtzionarioen gisara, ibilbide profesional bat garatzeko aukerarik gabe». Roncoren arabera, hauteskunde sindikalen emaitzek ikustarazi behar diote Eusko Jaurlaritzari behin-behinekotasunaren arazoari «seriotasunez» heldu behar diola, eta behin betiko konponbide bat eman behar diola.
E

LAk berak onartu du Lakuako emaitzek «hausnarketa» egitera behartu behar dutela, bai bera, baita Eusko Jaurlaritza ere. Edonola ere, pozik azaldu da emaitzekin, hiru ordezkari galdu arren, 57 lortu dituelako eta «lehen postua kontsolidatu» duelako. Uste duenez, administrazioko langileek «enpleguaren defentsan eta lan baldintzen hobekuntzan» egindako lana saritu dute.

Administrazio orokorraren atal gehienetan hauteskundeak asteazkenean egin zituzten, baina Osalanen bozketa gaur egin dute. Jokoan zeuden bederatzi ordezkarietatik lau lortu ditu ELAk, hiru UGTk eta bi LABek. ­

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.